Klik!

Erlojuaren zaindari

Ane Olaizola 2023ko abe. 21a, 09:00

Aski ezaguna da San Martingo muinoan dagoen ermitako erlojua, baina inor gutxik ezagutzen du herriaren ikurretako bat den ondarearen orratzak eta kanpaia mugiarazten duten erlojua. Duela urtebete baino gehiagotik, haren ardura du Miguel Larrañagak; mimoz zaintzen du ia 300 urteko tramankulua.

Lanbide berezia

Miguel Larrañagak urtebete baino gehiago darama San Martingo ermitaren erlojuaren arduradun. Jaiotzez auzokoa da Larrañaga, eta "oso pozik" dago daukan zereginarekin: "San Martingo erlojua hain gurea denez, ilusio handia egin zidan lan honetan hasteak". Izatez ez da erlojugilea, baina betidanik gustatu izan zaio saltsa horretan ibiltzea, eta zaletasunari eutsiz, erloju ugariri atera izan dizkio barrenak.

Zugasti aita-semeena

Ermitaren azken solairua hartzen du erlojuak, eta makinaren erdialdean dagoen beste erloju formako pieza batean ikus daiteke haren zigilua: "Por Zugasti e hijo. Bilbao". Egun, San Martingo erlojuaren orratzak mugitzen dituen erlojua 1859. urtekoa da, Jose Manuel eta Faustino Zugasti aita-semeek sortutako erloju fabrikan egindakoa. Erlojugile horien beste hainbat erloju dira, esaterako, Arroakoa, Zumaiako San Pedro elizakoa, Loiolako basilikakoa, Azpeitiko San Martin egoitzan dagoena...

Tik-tak

Erlojuaren ondoan entzun daiteke penduluaren hots erregularra, eta azpiko solairutik ikus daiteke hura (irudian), zintzilik dauden bi kontrapisuen parean. Erlojuaren aingurari esker, pendulua mugitzen ari da une oro, eta makinaren zehaztasuna jakiteko sentsoreak ditu jarrita Larrañagak. Horrela jakiten du hark erlojua aurreratu edo atzeratu egin behar duen. "Segundoen aldea egon ohi da. Oso zaila da kanpaiak erabat puntuan jotzea". Kamera txiki bat ere badu jarrita, erlojua geratzen bada, jakiteko zer gertatu den".

Mantenua, ezinbestekoa

Hiruzpalau egunetik behin joaten da Larrañaga erlojura, haren mantenua ezinbestekoa baita gailuak behar bezala funtziona dezan. "Garrantzitsua" da erlojuaren piezak eta engranajea ondo koipetzea, eta horregatik, aldiro olioa botatzen die ardatz guztiei, kanpotik zein barrutik, beti ere makina geratu gabe. Xiringa batekin, tantaka eta kontuz olioztatzen ditu piezak, eta kanpoko giroaren arabera, olio lodia edo mehea erabiltzen du. Aingura, esaterako, mugitzen ari da une oro, eta hura da pieza nagusia erlojuak martxan jarrai dezan. Pieza beraren bi aldeek egiten dute lan: batak mekanismoa gelditzen du, eta besteak piezari bultza egiten dio. Higadura handiena jasaten duen piezetako bat da. Tentuz botatzen dizkio tantak (irudian).

Kordea eman

Erlojuari kordea ere eman behar izaten dio Larrañagak; hau da, makinaren azpian zintzilik dauden harrizko bi kontrapisuak igo behar izaten ditu, beheraino iritsi baino lehen. Bata, orduari dagokion kontrapisua da, 120 kilokoa; bestea, kanpaiari dagokiona, are astunagoa da: 300 kilo pisatzen ditu. Barra baten laguntzarekin, erlojuan dagoen kontrapisuaren dagokion piezari birak emanda igotzen ditu harriak. "Kanpaiaren kontrapisuari, esaterako, 55 bat bira ematen dizkiot aldiro, eta pisutsua denez, indarra behar da".

Ikuspegi aparta

Erlojuaren beste pieza bat da palanka, kanpaira lotuta dagoena. Hamabi hortz ditu, eta gainean duen pieza hortzetako batean katigatzen bada, kanpaiak jotzen du. Kanpaiak dagokion erritmoa manten dezan, gainera, palankaren ondoan haizearentzat balazta dago. Izan ere, kanpaiak jotzen duenean biraka hasten da makinaren beste zati bat. Kanpotik, kanpaia besterik ez da ikusten, erlojua lau hormez babestuta dagoelako. Haren goian dago kanpai ezaguna. Hain zuzen, sabaira eramaten duen atea ireki, eta burnizko barra batzuk igo behar dira hara iristeko. Kanpaia parez pare izateaz gain, ikuspegi apartaz gozatuko du hara igotzera ausartzen denak, 360 gradutan ikus baitaiteke herria, baita inguruko mendiak ere.

Kanpai festa, etxekalte

Azaroaren 11rekin batera iristen dira jaiak San Martinera, eta auzotarrak ez ezik, kanpaia bera ere aztortatu egin ohi du egun horretako kanpai festak. Erlojuaren egungo orratzak 2005ekoak dira, urte hartako San Martin egunean kanpaiaren soka orratzetako batean katigatu eta puskatu egin baitzen: "Orratzek eta kontrapisuek orekatuta egon behar dute, eta orduko hartan orratza hondatu zenean, makinaria guztia geratu zen". Horrez gain, Larrañagak dio San Martin eguneko kanpai festaren ondorioz, erlojua "mareatuta" egoten dela pare bat astez. "Ordua gaizki ematen du, baina ez dugu antzematen zergatik gertatzen den".

(Argazkiak: Ane Olaizola)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide