Eskualdaketa, adinekoentzat herri lagunkoiagoa sortzeko asmoz

Iraia Oteiza 2023ko aza. 15a, 10:11

Azkoitia Lagunkoiaren bilera bat.

Azkoitia Lagunkoia taldeak koordinazio aldaketa egin du. Aurrerantzean, herriko eragile ezberdinen esku egongo da taldea, adinekoen ongizatea sustatu ahal izateko.

Adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzeko helburuz sortu zuten Azkoitia Lagunkoia 2017ko maiatzean, Azkoitiko Udalak Euskadi Lagunkoia sarera atxikitzeko hitzarmena sinatu ostean. Euskadi Lagunkoia Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak sustatu eta Matia fundazioak abiarazitako egitasmoa da, zahartu ahala nork bere ohiko bizimoduarekin jarraitzen laguntzea helburu duena.

Azkoitia Lagunkoiak, sei urteko ibilbidearen ostean, koordinazio aldaketa esanguratsua izan du. Hasiera batean, Eusko Jaurlaritza arduratzen zen Lagunkoia sare osoaren koordinazio lanaz, Azkoitiko sarea barne, eta Matia fundazioaren zeregina izaten zen horren jarraipena egitea. Gero, udalaren esku geratu zen lan hori; eta orain egin du koordinazioari lotutako aldaketarik handiena. Aurrerantzean, eragile ezberdinen artean zuzenduko dute Azkoitia Lagunkoia: Izarraitz Lanbide Heziketa, Plaza Ondo jubilatuen elkartea, San Jose egoitza, Azkoitiko Udala, Hurkoa erakundea eta herritarrak izango dira taldearen eragile berriak. Hain zuzen ere, Hurkoaren barruan dagoen Hauskor programako teknikari den Maialen Artetxek koordinatuko du eragile horien lana, besteak beste, programa hori arduratzen delako hauskortasun kasuei erantzuna emateaz. "Taldea Azkoitia ongi ezagutzen duten hainbat eragileren eskuetan dago orain. Modu horretan, errazagoa izango da herri lagunkoiagoa osatzea", azaldu dute Azkoitia Lagunkoia taldeko kideek. 

Sare irekia

Azkoitia Lagunkoiak inkesta zabal bat eginez hasi zuen bere ibilbidea 2017an. Azkoitia zenbaterainoko herri lagunkoia zen aztertu zuten, eta eskuratutako informazioa izan da, hain justu, taldearen lan tresna nagusia, bertan jasotako zenbait gai bideratu ahal izan dituztelako, bereziki irisgarritasunari lotutakoak.

Hortik abiatuta, taldeak zenbait lan esparru zehaztu ditu lanerako. Besteak beste, eraikuntzetako irisgarritasunari, bizi testamentuari, zaintzari zein banketxeetako digitalizazioari buruzko hitzaldiak eta elkarrizketak antolatu dituzte, euren ezagutza zabalduta, gaiaren inguruko hausnarketa bultzatzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko.

"Azkoitia Lagunkoia sare irekia da, eta herritar oro dago gonbidatuta taldean parte hartzera. Zenbat eta iradokizun gehiago izan, orduan eta handiagoa izango da gure ekarpena. Ezin dugu ahaztu egiten ditugun hobekuntzak guztion onerako izango direla", adierazi dute. Taldeko bilerak hilean behin izaten direla gogorarazi dute, Elkargunean, 18:00etan. Herritar orok du bertaratzeko aukera.

Bilera horietan, adineko pertsonen zaintzan eta bakardadean jarriko dute, bereziki, arreta, horiek direlako, taldearen arabera, "konpondu beharreko presazko  erronkarik garrantzitsuenak".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide