Juan Luis Zabala: "Orain dela ia berrogei urte nuen kezka beretik abiatu dut liburua"

Iraia Oteiza 2023ko aza. 14a, 09:27

Juan Luis Zabala (Utzitakoa)

Dimisioa liburua argitaratu berri du Juan Luis Zabala (Azkoitia, 1963) idazleak. "Egungo politiken biharko agertoki posibleak" irudikatuz, zientzia fikziora egin du salto idazleak.

Dimisioa (Susa) narrazio liburuarekin zientzia fikzioan murgildu zara lehen aldiz. Zer irudikatu duzu bertan?

Hamabost ipuinez osatutako liburua da, eta denak kokatu ditut hemendik hamarkada batzuetarako munduan, 2050eko hamarkadatik aurrerako gizartean. Ipuin bakoitza autonomoa da, pertsonaia ezberdinak ageri dira, eta egoerak ere aldatu egiten dira. Hori bai, guztiek dute zerbait komunean: munduaren agintea ez dutela gizakiek, konputagailuek baizik. Hortik abiatuta, elkarrekin konektatuta dauden bi gailu sortu ditut, bata Ilargian eta bestea Lurrean dagoena, eta konputagailu nagusi batera lotu ditut biak. Konputagailu horrek erabakitzen du nola antolatu mundua, nola kontrolatu trafikoa, herrialde bakoitzaren zeregina… Azken batean, denen bizimodua kontrolpean dauka. Gizakiak dimititu egin duelako iritsi dira egoera horretara. Gizakia ez da ados jartzen gauza askotan, izan klima aldaketagatik zein gerrengatik, eta mundua pikutara zihoala ikusirik, dena konputagailuen esku uztea erabaki dute, egoera hobetu asmoz. 

Mundu konputarizatuari gero eta gehiago hurbiltzen ari da gizartea. Hortik abiatuta sortu al duzu narrazioa? 

Beti pentsatu izan dut momenturen batean trafikoa beste modu batera arautu beharra egongo dela, eta ezin izango dugula autoan nahi dugunean eta nahi bezala ibili. Horri tiraka sortu dut liburuko lehenengo ipuina, N-634 izenekoa, eta trafikoaren kontrola Agintaritza Global Konputarizatuak (AGK) duela kontatu dut han. Kontu horrekin sortu zitzaidan lehenengo txispa, duela bost urte. Ordurako jada buruan neukan zientzia fikziozko liburu bat idatzi nahi nuela. 

Beraz, zientzia fikziozko liburua izanagatik ere, badu mundu errealeko etorkizun posiblearekin antzekotasunik. 

Lehenengo ipuin hori egin eta handik urte batzuetara deskubritu nuen itzulpen automatikoa. Idazleaz gain itzultzailea ere banaizenez, harrituta geratu nintzen itzulpenaren azkartasunarekin eta konputagailuek izan dezaketen ahalmenarekin. Egia da, euskararen kasuan, behintzat, oraindik ez duela lortu itzulpen oso ona egiterik, baina izugarria da egiten duena. Administrazioko testuetan, esaterako, harrigarria da itzultzaile automatikoak nola egin dezakeen segundo batean gizakiak denbora askoz gehiagoan nekez egiten duen lana. 

Hortik abiatuta hasi nintzen pentsatzen, konputazioak itzultzaile baten lana hain ongi egiten badu, beste lanbide batzuetakoa ere ongi egiteko moduan izango dela; baita politikariena ere, askotan beraien arteko liskarretan galdu egiten direlako. Hori kontuan hartuta, eta makinen ahalmena ikusita, agian gizakiaren irtenbidea konputazioak ekar zezakeela pentsatu nuen. Horrek ez du esan nahi soluzioa hori dela pentsatzen dudanik, baina fikziorako ideia oso ona iruditu zitzaidan. 

Covid 37 gaitz birikoa, IZE Ilargiko Zerbitzu Estazioa zein aipatu duzun AGK Agintaritza Global Konputarizatua bezalako terminoak asmatu dituzu narraziorako. Mundu berri oso bat sortu duzu.  

Etorkizunean sor litezkeen zerbitzu batzuk dira, azkenean. BKS Banakako Konexio Sistema, adibidez, gero eta konektatuago, kontrolatuago eta monitarizatuago dagoen gizarte batean bizi garelako sortu dut. Halako gauzak imajinatu ditut. Hala ere, ipuinetan kontatzen dudan gizartea ez da hain ezberdina gaurkoaren aldean: izateko era oso antzekoa da, eta pertsonen kezkak ez dira errealitatetik asko aldentzen. Errealitate teknologikoa aldatzen da, gizartearen antolaketa ere bai, baina ez pertsonen kezkak.

Zientzia fikziozko zure lehen liburua idatzi berri duzu, baina 2017an idatzi zenuen Ospa liburuak ere badu Zientzia Fikzioa izeneko atal bat. 

Ospa liburuko atal horixe da, hain zuzen ere, zientzia fikzioan orain arte idatzia nuen gauza bakarra. Dimisoa lanarekin zientzia fikziora salto egitea erabaki nuen, neurri handi batean, nire betiko estilotik eta nire betiko idazkeratik ihes egiteko. Beti izan naiz nahiko idazle intimista, istorioko pertsonaien katramilei asko begiratzen diena, nire egiazko kezkak pertsonaien bidez kontatzen dituena, eta nire zilborrari begira egote horretatik alde egin nahi nuen. Horregatik hasi nintzen zientzia fikzioa idazten, askatasun gehiago ere ematen zidalako. Idatzi dudana ez da beharbada ohituta gauden zientzia fikzioa, ez dakit, ez da astronauta askorik agertzen, eta espazioa ere tamainan ageri da. Pertsonaien kezkak ere ez dira oso ezberdinak mundu errealean ditugunekin alderatuta. Finean, beste era bateko zientzia fikziozko liburua idatzi dut; hala uste dut, behintzat.

Aipu berezi batekin hasi duzu Dimisoa liburuaren narrazioa.  

1985ean idatzi nuen nire lehendabiziko liburua, Zigarrokin ziztrin baten azken keak izenekoa. Lehen liburu hark eta orain argitaratu dudanak lotura bitxi bat dute. 1985ean Louis Aragon idazlearen aipu batekin hasi nuen narrazioa, eta, hain zuzen ere, aipu hori bera erabili dut liburu honen hasieran ere. "Mundua inork eusten ez dion bolante batek gidatzen du", dio aipu horrek. Aragon XX. mendeko idazle frantziarra zen, 1982an hil zena, eta aspalditik zuen mundua nork gidatzen edo inork gidatzen ote duen kezka . Nik ere ideia hori aspalditik izan dut buruan. Pentsa, orain dela ia berrogei urte nuen kezka beretik abiatu dut azken liburua ere. 

Idazten hasi zinenetik literaturak aldaketak izan dituela esango al zenuke? 

Bai, asko aldatu da; euskal literatura bai, behintzat. Ni hasi nintzenean egiaz sentitzen nuen euskal literaturari ekarpen bat egiten ari nintzaiola. Artean idazle gutxi zeuden Euskal Herrian, eta gazteak ere gutxi ginen. 

Ordutik, baina, euskal literaturak sekulako bidea egin du. Idazle asko daude, genero guztiak landu dira euskaraz, eta denetarako aukera dago. Bitxia bada ere, lehen baino lotsatuago sentitzen naiz orain liburu bat idazten dudanean. Zalantza izaten dut benetan ekarpen bat egiten ari ote natzaion euskal literaturari. Brometan esan izan dut euskal literaturari eta euskal kulturari mesede handiagoa egiten diola euskaraz hitz egiten duen zerbitzari edo dendari batek, euskal idazle batek baino. Orain dela berrogei urte ez zen halakorik gertatzen, orduan bazegoelako euskal idazleen beharra, eta sentitzen zen premia hori. Gaur, hainbeste idazle eta sortzaile dagoenez, agian arazoa ez da sortzaile falta, irakurle eta kultura kontsumitzen duten euskaldunen falta baizik. Eta horregatik diot gaur egun liburu bat argitaratuta euskarari egiten zaion mesedea agian ez dela taberna batean zerbitzari euskalduna jarrita egiten denaren adinakoa. Karikatura edo broma moduan esaten dut, baina badu errealitatetik zertxobait. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide