Danborradaren 75. urteurreneko ospakizunek ez dute etenik

Iraia Oteiza 2023ko aza. 10a, 09:00

Igor Isusquiza Festetako zinegotzia eta danborradaren azpibatzordeko kideak, erakusketan. (Iraia Oteiza)

Sanandresen atarian, jarraipena izango dute helduen danborradaren 75. urteurreneko ospakizun ekitaldiek. Erakusketa, jaialdia eta danborrada "berezia" antolatu dituzte.

1948ko abuztuaren 14an entzun ziren lehendabizikoz danbor hotsak Azkoitiko kaleetan barrena. Eusebio Berasategi Azkoitiko bizilaguna izan zen horren erantzule, donostiarra izaki, hango ohitura ezarri nahi izan baitzuen bere bizitoki berrian ere. Halaxe sortu zen Azkoitiko helduen danborrada, duela 75 urte. Jose Antonio Muguruza hernaniarrak zuzendu zuen lehenengo danborrada hura, eta Eusebio Alberdi Txulok musika banda. Hogeita hamar bat danbor jotzailek eta beste hainbat barrika jotzailek osatu zuten danborradako lehen talde hura.

Danborradaren 75. urteurren hori ospatu beharra zegoela iritzi zioten 2022ko danborradaren balorazio bileran parte hartu zutenek, eta azpibatzorde bat osatu zuten Joxan Mendizabalek, Oihana Sudupek, Marta Arregik, Jennifer Iriondok, Ariane Etxanizek eta Juli San Vicentek, urteurreneko ospakizunak antolatzeko.

Lehendabiziko hitzordua Andre Mari bezperan izan zen; egun horretan egin zuten danborrada txiki bat, hasierako urte haietan egiten zenaren antzekoa, orduko egun berean. Hala ere, egun helduen danborrada sanandresetan egiten denez, urteurreneko gainerako ekintzak festa horien bueltan antolatu ditu azpibatzordeak.

75 urte erakusgai

1948tik 2023ra bitarteko danborradetako elementuekin eta argazkiekin osatutako erakusketa izango da urteurrenaren harira egingo duten beste ekintzetako bat. Portaleburu aretoa danborradak 75 urtean izan duen ibilbidearen erakustoki bihurtuko da gaur hasi eta azaroaren 19ra bitartean.

"Erakusketa hiru zatitan banatu dugu, hamarkaden arabera: aretoaren sarreran, 1940ko hamarkadatik 1960ko hamarkadara bitarteko argazki eta taldeetako jantziak jarri ditugu; aretoan barneratu ahala, 70eko hamarkadatik 90ekora bitarteko elementuak kokatu ditugu; eta 2000ko hamarkadatik gaur egunera bitartekoak ikusteko aukera izango da erakusketaren amaieran. Modu horretan, danborradak 75 urteetan egin duen ibilbidea irudikatu dugu", azaldu du Mendizabal danborradako azpibatzordeko kideak. Gaineratu duenez, erakusketa osatzeko beharrezkoa izan da herritarren, Azkoitiko Udalaren eta beste zenbait eragileren ekarpena, haiek utzitako argazki eta jantziekin osatu baitute erakusketa. Danborradako abestien dokumentu eta partitura zaharrak ere ikusgai daudela azaldu du Mendizabalek. Horrez gain, danborradan paella ontzia eramaten dutenen irudia berreskuratzearen garrantzia nabarmendu du hark, "danborradaren sinboloetako bat" dela gogoraraziz.

Gaur irekiko duten erakusketaren zati bat. (Iraia Oteiza)

Erakusketa bisitatu nahi dutenek horretarako aukera izango dute gaurtik aurrerako ostiraletan, 19:00etatik 20:30era; asteburuetan, 11:00tatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta astelehenetik ostegunera, 18:00etatik 20:00etara.

Dokumentala, estreinakoz

Azaroaren 24rako, ostiralez, "jaialdi berezia" antolatu dutela esan dute urteurreneko ospakizunen antolatzaileek. Izan ere, danborradaren ibilbideari lotutako dokumentala estreinatuko dute egun horretan Baztartxo antzokian. "Dokumentalak Azkoitiko helduen danborradaren historia du kontagai, hiru ataletan banatuta, erakusketaren ibilbide bera jarraituz. Horretarako, noizbait danborradaren parte izan diren zenbait pertsona elkarrizketatu ditugu, tartean, lehenengo karrozako ohorezko dama eta gaur egungo taldeetako zuzendariak", kontatu du Mendizabalek. Era berean, danborradak andremarietatik sanandresetara egin zuen trantsizioa ere azalduko du dokumentalak.

Estreinaldi hori danborrada "berezi" batekin osatuko dute. Izan ere, Azkoitiko danborradako talde bakoitzeko bizpahiru kide elkartuta, taldetxo bat osatuko dute, eta Elgoibarko danborradako 33 kiderekin batera, Azkoitia pieza joko dute Baztartxon bertan. Ondoren, talde bakoitzak beste hiruna pieza joko ditu, Azkoitiko musika bandaren laguntzarekin.

Jaialdirako sarrerak doakoak izango diren arren, aurrez eskuratu beharko dira Lujan dendan, Etxe-Aitz tabernan eta Zer0 ileapaindegian, hilaren 13tik aurrera. Pertsona bakoitzak, gehienez ere, lau sarrera hartzeko aukera izango du.

Danborrada "berezia"

Azaroaren 25ean egingo dute helduen danborrada, azken urteetako moduan, San Andres egunaren aurreko larunbatean. "Berezia" izango da, ordea, aurtengoa: "Azkoitiko danborradaren 75. urteurrenari merezi duen amaiera emateko, Donostiako 1813ko Abuztuaren 31 elkarteko kideak izango dira danborradan. Elkarte horretako kideek, San Sebastian egunean, Donostiako Aste Nagusian eta Abuztuaren 31ko ekitaldietan ateratzen duten kanoia Azkoitira ekarriko dute", iragarri dute antolatzaileek. Hori horrela, danborradak herriko plazan egingo dituen bi geldiuneetan kanoikada bana botako dute. Horietako lehenengoa Ana Azkoitia herriko alkateak botako du, eta bigarrena, danborradako bi ordezkarik.

Kanoia ez da herriko plazatik mugituko. Hori bai, elkarte gonbidatuko sei fusilarik, bost artilerok eta kabo batek danborradako desfilean hartuko dute parte.Fusilariek deskargak egingo dituzte danborradak ibilbidean geldiuneak egiten dituen plaza guztietan, pieza bakoitzaren ostean.

Hala ere, eguraldiak baldintzatuko du donostiarren parte hartzea, euria eginez gero bertan behera geratuko baitira elkartearen ekintzak, "jantziak eta armak ez izorratzeko". Danborrada baino bi egun lehenago erabakiko dute, hain zuzen ere, ekitaldi hori egin ala ez. Azkenean bertan behera geratuko balitz, ekitaldia 2024ko helduen danborradan egingo litzateke, datorren urtean Azkoitiak herri bezala 700 urte beteko dituela aprobetxatuz.

Horrez gain, beste berrikuntza bat ere iragarri du danborradaren azpibatzordeak, hain zuzen, zaldi gainean doan banderadunak bandera berria izango duela aurten. "Bi ikurrekin osatutako bandera izango da. Alde batetik, Maite Galanek egin duen danborradaren logo berria izango du bordatuta, ikurriñaren koloreekin. Bestetik, Azkoitiko bandera bordatu dugu bandera berriaren bi aldetan".

Aldatuko ez dena danborradaren ibilbidea izango da. Udalak argitu duenez, Gurea frontoitik herriko plazara joango da lehenbizi; handik Balda plazara; gero Julio Urkixo kalera; eta atzera herriko plazara itzuliko da desfilea. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide