Ikasturte honetan seme-alabei eskuko telefonorik ez erostea adostu dute hainbat gurasok

Ane Olaizola 2023ko aza. 9a, 11:14

Guraso Mahaiak antolatutako saio praktikoa, atzo. (Jaso burue)

Jaso burue herriko guraso taldeak deituta, sakelako telefonoen inguruko gogoeta saioa egin zuten atzo arratsaldean Elkargunean, eta han adostu zuten seme-alabei adimendun gailua ez erostea, beren "adinei dagokien garapenean" behar ez dutela iritzita.

Azkoitiko hiru ikastetxeren guraso elkarteek –Xabier Munibe Ikastolako Udaberri guraso elkartea, Floreaga Salestar Ikastetxeko Elkarrekin guraso elkartea eta Bizilore Eskola Aktiboko Kukuherri guraso elkartea —Xabier Munibe ikastola, Floreaga ikastetxea eta Bizilore Eskola Aktiboa— sortutako Azkoitiko Guraso Elkarteen Mahaiak Jaso burue izenarekin aurkeztu zuen atzo bere burua sakelako telefono adimendunen erabilerari buruz antolatu dituen hitzaldien azken saio praktikoan. Izan ere, aurrerantzean gaia herri eta ikastetxe mailan lantzen jarraitzeko asmoz sortu dute Jaso burue talde eragilea.

Aurreko hitzaldian bezala, Miren Ros Bidelagun sarearen arduradunak zuzendu zuen saioa. 40 bat gurasok parte hartu zuten ekimenean, eta tailer moduan eraman zuten hura aurrera, smartphonen erabileraren inguruan hausnartzeko. Gogoeta egiteaz gain, iritzi batekiko ados jarri ziren han bildu zirenak: "Ikasturte honetan gure seme-alabek adimendun eskuko telefonorik gabe jarraituko dute, beren adinei dagokien garapenean ez dutelako behar uste dugulako". Taldeak bereziki Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetako umeengan jarria du arreta, besteak beste, zenbait umek adin tarte horretan eskuratzen dutelako aurreneko telefonoa eta adin horretan atzeman dutelako gailu horiei lotuta "arazo gehien".

Hamaika galdera

Erabakia hartu baino lehen, hamaika galdera plazaratu zituzten han elkartutakoek: "Eredu egokiak al gara gurasoak seme-alabentzat? Gailu bateko mezuei gure atentzioa uneoro eskaintzeko prest al gaude? Gai izango al ginateke asteburu bat sakelako telefonorik gabe, edo deientzat bakarrik, egoteko? Gai al gara guk sakelakoa kontrolatzeko, eta ez berak gu? Ohartzen al gara agian dagoeneko mugikorraren nolabaiteko dependentzia dugula?". Zalantza horien artean, seme-alabak adimendun gailua edukitzeko noiz egongo diren "prest" galdetu zuten kideek, eta haurren zein nerabeen garapen emozionalean jarri zuten arreta: "Adibidez, 8 eta 12 urte bitarteko umeek asteburuetan kalera ateratzeko planak egiten dituztenean, gurasoen edo norberaren Whatsapp taldeak erabili ohi dira komunikazioa errazteko asmoz. Orduan, ez al gara ari aplikazio baten 'onuren' esku uzten ari aurrez-aurre adosten saiatzean lantzen diren oinarrizko gaitasunak?".

Aurrera begira, Jaso burue guraso taldearen helburua da eskuko telefonoen erabileran sakontzen jarraitzea, "kontzientziazioa" landuz telefonoa emateko adina atzeratzea oinarri hartuta. Taldearen arabera, gurasoek seme-alabei "mugak" jartzen dizkietenean, umeak "autonomoak" izan bitartean haien "heziketaz eta osasunaz" arduratzen direla adierazten dute; "maitasuna, azken batean".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide