Floreaga ikastetxean bizi den komunitate salestarrak Azkoitiko orain arteko bizitokia utziko duela iragarri du, eta Urnietako (Gipuzkoa) komunitatearekin elkartuko da datorren urteko irailetik aurrera. Aldaketa horrekin hasiko du, beraz, ikastetxeak hurrengo ikasturtea, baina eskolak ez du salestar izaera galduko, Floreagak Salestar Heziketa eta Pastoral Proiektua dituelako eta salestar obra izaten jarraituko duelako: "Komunitatea ez da Azkoitian biziko, baina Urnietan bizi den komunitateak Azkoitiko salestar etxearen jardun hezitzailean jarraituko du", azpimarratu du hango kide den Juan Inazio Sudupe salestarrak.
Salestarren Probintzialak joan zen udan hartu zuen bi komunitateak elkartzeko erabakia, salestarrekin batera urtebeteko "hausnarketa prozesua" egin ondoren. Salestarren bizitza erlijioso eta komunitarioak "anaia kopuru sendoa" eskatzen duela azpimarratu dute hango kideek, eta Azkoitian eta Urnietan komunitate bakoitza bere kontura egonda, hori ezin dela bermatu ebatzi dute. "Gu ez gara bakarrik bizi garen apaiz edo erlijiosoak. Komunitate bizitza oinarrizkoa da salestarrentzat".
1982. urteaz geroztik daude salestarrak Floreagako etxean bizitzen –aurrez ere egon ziren, 1938 eta 1947 urteen artean–. Azken urteetan, bospasei salestarrek osatu dute Azkoitiko komunitatea, eta egun, lau pertsona bizi dira. Sudupek gogoratzen du duela bi hamarkada zazpi edo zortzi lagun ere egon zirela bertan. Hain zuzen, salestar kopuruaren jaitsierak eragin du lurralde osoan dauden komunitateak murrizteko zein egokitzeko erabakiak hartzea, komunitatearen beraren bizitza "berma" dadin. Urnietan, berriz, zortzi salestar inguru biziko direla aurreikusten dute, baina ez dakite oraindik, prozesua ez dagoelako amaituta: "Asmoa da komunitate berria sortzea, ez Azkoitian eta Urnietan bizi garen guztiak batzea besterik gabe", azaldu du salestarrak.
Sudupek jakinarazi du egun Azkoitian bizi diren lau lagunetatik bat erretiratuta dagoela eta beste hirurek ikastetxean lan egiten dutela, hala nola eskolak ematen, zuzendaritzan, administrazioan, pastoralean zein "erlijio proposamenetan". Floreagak salestar ikastetxe izaten jarraituko du, baina komunitatea uzteak eskolan "eragina" izango duela uste du Sudupek.
"Obra berria" zehazten
Zentzu horretan, ikastetxeari dagozkion hainbat proiekturen jarraikortasuna oraindik zehazteko dagoela esan du salestarrak. Ikasturtean zehar ari dira antolatzen Azkoitian nola gauzatuko duten "salestar obra mota berria". Batetik, bizpahiru salestarrek Floreagan eskolak ematen jarraitzea espero dute; bestetik, airean dago Floreagako elizkizunak zertan geratuko diren, baita orain arte salestarrek zuzentzen zituzten Gazteak eta Garapena gobernuz kanpoko erakundean zein Alai Batza aisialdi taldean komunitate horrek zer presentzia izango duen eta horiek nola koordinatuko dituzten.
Salestarraren esanetan, ikastetxeko lankideek duten erantzukizuna "handia" da, "ezinbestekoa" baita "lantalde ona" izatea proiektuak aurrera jarrai dezan. Bide horretan, eskolak salestarren "heziketa estiloari eta proposamenari" eutsiko diola espero du hark.