Hitz bitan

Axun Izagirre: "Klariona eta arbela atzean geratu dira"

Iraia Oteiza 2023ko abe. 7a, 17:21

Axun Izagirre. (Iraia Oteiza)

Axun Izagirrek (Azkoitia, 1960) betidanik izan du irakasle izateko grina, eta nahi hori bere ofizio bilakatzea lortu du. 41 urtez izan da Floreaga ikastetxeko irakasle, gehienbat Haur Hezkuntzako lau eta bost urteko umeen andereño. Baina gutxi falta zaio ofizioari agur esateko, datozen Gabonetako oporrekin batera hartuko baitu erretiroa.

Askok gaztetatik argi izaten dute zein lan egin nahi duten. Zure kasuan ere hala izan al zen?

Hasieratik izan nuen garbi irakasle izan nahi nuela, umeak betidanik gustatu izan zaizkidalako. Gehiago kostatu zitzaidan Haur Hezkuntzako irakasle izan nahi ote nuen erabakitzea. Baina, azkenean, txikienekin egin dut nire lan ibilbide osoa.

Noiz eta non hasi zinen lanean?

1982an hasi nintzen lanean, Azpeitiko Ikastolan, hamabost eguneko ordezkapen bat egiten. Hori amaitu eta Floreagan hasi nintzen irakasle lanetan. Hasieran Lehen Hezkuntzan aritu nintzen, eta gero pasa nintzen Haur Hezkuntzara. Urtebeterako kontratua zena 41 urtez luzatu da, azkenean.

Nola gogoratzen duzu Floreagan lanean hasi zinen lehenengo egun hura?

Sekula ahaztuko ez dudan eguna da. 36 ikasle neuzkan gelan, ume asko nire zaintzapean. Urduri nengoen, eta ongi oroitzen naiz beste irakasle batek laguntzen zidala lehen urte hartan. Gogorra izan zen hasieran, baina nik uste guztiontzat izaten dela zaila lehen urtea. Tamaina hartu nion gero, umeak ere ezagutzen nituen, eta errazagoak izan dira gainerako urteak. Esperientziak asko laguntzen du irakaskuntzan.

Azkoitiarra izan, Azkoitian bizi, eta lan ere Azkoitian egiten duzu. Floreagatik pasa diren ume eta ez hain ume askok ezagutuko zaituzte. Kalean ere nabarituko duzu hori.

Oroimen ona dut eta oroitzen naiz ikasle ohiekin ere, fisikoki oso aldatuta ez badaude behintzat. Kalean ikusitakoan burura etortzen zaizkit pertsona hori nire ikasle zeneko garaiak, eta aise gogoratzen dut nor zen bihurria, edo nor lotsatia. Orain, ikasle ohi horietako askoren seme-alaben andereño izatea egokitu zait, eta polita da hori.

Umeak helduak baino esker onekoagoak direla esango al zenuke?

Dudarik gabe. Maitasun handia transmititzen dute umeek, izan gelan zein kalean. Gerritik heltzean, musu bat ematean, barre egitean edota agurtzean, sentimendu asko adierazten dituzte. Nik uste Haur Hezkuntzako irakasleona oso eskertutako lanbidea dela.

Zer aldatu da gehien 41 urteotan?

Aldaketa ikaragarria egon da, bai teknologiari dagokionez, baita irakaskuntzako metodoei dagokienez ere. Klariona eta arbela atzean geratu dira, eta pantailak eta ordenagailuak dira nagusi.

Kosta egin zaizu aldaketa horietara egokitzea?

Nahiko ongi moldatu naiz, baina kosta egin zait, esaterako, gela irekietara ohitzea. 20 urterekin errazago izaten da umeak alde batera eta bestera mugitzen ikustea eta entzutea, baina, adinagatik edo, orain isiltasuna gehiago eskertzen dut.

Aitzitik, bada berdin jarraitzen duen zerbait?

Umea haserretu egiten da ezetz esandakoan edo norbaitek bere jostailua kentzen dionean. Hori ez da aldatu.

Zer eman dizu irakaskuntzak?

Jende asko ezagutzea, ume askori laguntzea, guraso askorekin harremana izatea... Uste dut lanbide honek asko eman didala. Lanera gustura joan izan naiz beti, eta ikasleei zerbait berria irakatsi diedanean ere pozik sentitzen naiz. Ume batek urtebetean zer ikasi duen begira jartzen naiz, eta nik irakatsita pauso handiak eman dituela ikusteak asko betetzen nau. Esaterako, ume batentzat zaila da bere izena idazten ikastea, eta hori lortu izanak esanahi handia du niretzat.

Baina bukatzera doa hori. Pentsatu al duzu erretiroa hartzean zer egingo duzun?

Lasai hartu nahi dut. Momentuz jubilazioa dator, eta gero, gerokoak. Egia esan, erretiroa hartzearena pixkanaka ari naiz barneratzen; pena handia ematen dit.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide