Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXIV. Zikloak aurrera jarraitzen du, eta oraingo honetan, Jose Luis Franzesena Azkoitiko Ama Birjinaren Jasokundearen parrokiko organista titularra eta Mariatxen Urkia sopranoa izango dira Azkoitiko hirugarren kontzertua emango dutenak. Ohi bezala, 20:00etan izango da doako kontzertua, parrokian bertan.
Azkoitiko Cavaille-Collorganoaren 125. urteurrenean, musika tresna hori ondo baino hobeto ezagutzen duen musikariak, 2000. urtez geroztik haren organista titularra baita. Azpeitiarrak ibilbide luzea du musikaren bueltan: besteak beste, organo ikasketak egin zituen Donostiako Goi Kontserbatorioan, eta Goi Mailako ibilbidea bukatu zuen han, Esteban Elizondo katedratikoaren eskutik. 1987an, Azpeitiko Udal Musika Bandako zuzendari izendatu zuten, eta kargu horretan aritu zen 2007ra arte. Halaber, herri bereko Julian Barrenetxea abesbatza sortu eta zuzendu zuten 2001era arte. Eskarmentu handia du organo kontzertuetan, eta konposizioko sari ugari irabazitakoa ere bada.
Urkiak, berriz, kantu ikasketak egin zituen Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan, eta han sari gorena lortu zuen. Euskal Herrian ez ezik, nazioartean kontzertu ugari eskaini izan ditu, bakarlari gisa zein hango eta hemengo abesbatzekin. 2010ean, esaterako, bakarlari gisa parte hartu zuen Loiolako jesuiten komunitatearen sustatzaile Aita Nemesio Otaño Egino jesuitaren omenezko diskoan. 2011n, Madrilgo Arte Ederren Akademiako San Fernando aretoan abestu zuen, bere jaioterria den Aretxabaletako abesbatzarekin batera, Akademiak Otañori egindako omenaldian. Aurrez ere parte hartu izan du Organo Erromanikoko Nazioarteko Zikloan.