Julen Alberdi 'Txikia IV.a', Aizkolari Txapelketa Nagusia jomugan jarrita

Nerea Uranga 2023ko urr. 14a, 09:00

Julen Alberdi 'Txikia IV.a' Urrezko Aizkolarien Ligako finalean. (Ibon Errazu)

Aurten hiru txapel irabazi ditu aizkolari azkoitiarrak, baina bere buruari jarrita dion erronka nagusia Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko txapela irabaztea da. Azaroaren 4an jokatuko dituzte kanporaketak. Ezpal aizkolarien elkarteko kidea da, eta aurten, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioaren lehiaketetara itzuli dira elkarte horretako aizkolariak, Hirugarren Mailako txapelketak jokatuz. Egun bizi duten egoerak atzetik datozen aizkolari gazteentzat "blokeoa" eragingo duela uste du.

Aurten dagoeneko hiru txapel eskuratu ditu Julen Alberdi Txikia IV.ak. Ekainean Gipuzkoako Lehenengo Mailako Aizkora Txapelketa eta Urrezko Aizkolari Txapelketa irabazi zituen, eta pasa den ostegunean, Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Ligakoa. Horiez gainera, urtarrilean Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa irabazi zuen azkoitiarrak, Azurmendirekin bikotea osatuta.

Iazko urtea ere oparo bukatu zuen Txikia IV.ak Urrezko Aizkolarien Kopako Txapelketa irabazita, eta Azkoitiko 2022ko Kirolari Onenaren izendapena jasota.

Emaitza bikainak jasotzen ari den arren, urtea bukatu aurretik lortu nahi duen erronka nagusiari heltzeko prestatzen ari da orain; Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia irabaztea, alegia. Iaz lortutakoa errepikatu nahi du Txikia IV.ak. Azaroaren 4an jokatuko dute txapelketa nagusiaren kanporaketa Tolosan (Gipuzkoa), eta abenduaren hasieran izango dute finala. "Udan aizkorako erakustaldi dezente izan ditugu, eta orain azkenetakoak egiten ari gara. Gainontzean, buru-belarri txapelketa nagusirako prestatzen ari naiz, hori baitut aurtengorako jarrita dudan helburu nagusia. Entrenamenduak ondo doaz, eta momentuz ondo ikusten naiz", esan du Txikia IV.ak.

Federazioaren lehiaketetan berriro

Txikia IV.a Ezpal aizkolarien elkarteko kidea da. 2020ko irailean sortu zuten elkartea garai hartan Lehen eta Bigarren mailetan zebiltzan hainbat aizkolarik, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioarekin izandako hainbat tirabira tarteko. Orduan, federazioak antolatutako aizkolari lehiaketetan parte hartzeari uko egin zioten Ezpal elkarteko aizkolariek, eta beren kabuz txapelketak antolatzen hasi ziren, esaterako, Sherpa.ai Aizkolarien Txapelketa Nagusia. "2020. urtea baino lehenagotik ere proposamenak egin genizkion federazioari, aizkora kirolaren mesedetan, eta beste itxura bat ematearren kirolari berari. Federazioak, ordea, ez gaitu aintzakotzat hartu ere egin, eta edozein akordiotara iristeko federazioan gelditutako aizkolariek ere kontra egin dute", azaldu du aizkolari azkoitiarrak.

Irtenbiderik adostu gabe, baina aurten federazioaren lehiaketetara itzuli dira Ezpal elkarteko aizkolariak, baina Hirugarren Mailan jokatuz. Joan den abuztuaren 13an Euskal Herriko Hirugarren Mailako Aizkolarien Txapelketako kanporaketak jokatu zituzten, eta finalerako Ezpal elkarteko kide diren sei aizkolari sailkatu ziren: Julen Alberdi Txikia IV.a, Eneko Otaño, Aitzol Atutxa, Eneko Saralegi, Mikel Larrañaga eta Ugaitz Mugertza. Finalaren data zein den oraindik ez dakite finalistek.

Egoera zelebrea dela iritzi dio Txikia IV.ak, eta haiek Hirugarren Mailan aritzea atzetik datozen aizkolari gazteentzako oztopo dela azaldu du. Horri guztiari "bateren batek irtenbidea" jarri behar diola uste du, eta aizkolariek bakarrik ezin dutela aitortu du. "Hirugarren Mailako txapelketa jokatzeko 40 bat aizkolari zeuden izena emanda gutxi gorabehera, eta guk izena eman genuela ikusitakoan, gazte askok baja eman zuten. Izan ere, federazioak berak fidantza moduan diru bat kobratzen du txapelketa horretan parte hartzeagatik, eta lehenengo sailkatuaren denbora tarte batean sartu ezean, fidantza hori galdu egiten du aizkolariak. Azkenean, baja eman zuten askok, eta 26-27 aizkolarik parte hartu genuen Hirugarren Mailako kanporaketan. Hor ikusten da horrek guztiak zer atzerakada ematen dion hainbat aizkolariri".

Federazioak antolatutako Euskal Herriko Aizkolari Txapelketan binaka igotzen dira mailaz aizkolariak; hau da, aurten Hirugarren Mailako finaleko aurreneko bi aizkolariak igoko dira Bigarren Mailara, eta beste bi aizkolari bigarrengotik lehenengora. "Kontuan izanda gu Ezpal elkartean hogei aizkolari garela, eta aurreneko mailan hamabi aizkolari direla, egoera honek izugarrizko blokeoa sortuko du. Non gelditzen da aizkoran hasteko zenbait gaztek duten ilusioa?", adierazi du Txikia IV.ak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide