Informatikari lotutako bost ikastaro prestatu dituzte, 55 urtetik gorakoentzat

Ane Olaizola 2023ko urr. 10a, 09:58

Sakelako telefonoa.

Izarraitz Lanbide Heziketak eta Azpeitiko zein Azkoitiko jubilatuen elkarteak diren Baigerak eta Plaza Ondok antolatu ditu ikastaroak, eta ikastetxean eskainiko dituzte doako saioak, urriaren 23tik azaroaren 27ra bitartean. Herritarrei informatikako oinarrizko kontzeptuak eta erabilerak irakastea da ikastaroen helburua.

Izarraitz Lanbide Heziketak eta Azpeitiko zein Azkoitiko jubilatuen elkarteak diren Baigerak eta Plaza Ondok informatika ikastaroak antolatu ditu, 55 urtetik gorako pertsonentzat.

Ikastetxeak azaldu duenez, doako ikastaroak dira, eta horien helburua da herritarrei informatikako oinarrizko kontzeptuak eta erabilerak irakastea, egunerokoan izaten diren "oztopoei eta beharrei beldurrik gabe" erantzuteko.

Guztira, bost ikastaro eskainiko dituzte urriaren 23tik azaroaren 27ra bitartean. Honako hauek dira tailerrak:

  1. Internet eta bilatzaileak: zer da eta nola erabili, bai mugikorretan eta baita ordenagailuetan. QR Kodeak.
  2. Emaila: zer da, kontu bat nola sortu, mezuak nola bidali eta jaso. Argazki, datu eta kontaktuen sinkronizazioa sakelako eta korreo elektronikoaren kontuarekin…
  3. Whatsappa eta mugikorretarako aplikazioak: Whatsapp eta Google Maps-en erabilera, toki jakin batera nola iritsi jakin ahal izateko. Wifia eta sakelako telefonoaren datuak erabiltzearen desberdintasunak eta konfigurazioa.
  4. Testu dokumentuak: testu editatzaileekin oinarrizko dokumentuak sortu eta inprimatu. Inprimagailu bat nola erabili.
  5. Osakidetza. Internetez gure medikuarekin zita bat nola hartu. Nire karpeta edo osasun karpetara nola sartu BakQ zertifikatua erabiliz.

Izarraitz Lanbide Heziketaren arabera, saio guztiak guztiz praktikoak izango dira, eta parte hartzaile bakoitzak norbere sakelako eta ordenagailua eraman ahalko du saioetara. Dena den, norbere materiala eraman ezin duenak ikastetxean bertan izango du praktikak egiteko eskuragarri, praktikak egiteko. Saio bakoitza bi aldiz eskainiko dute, eta beraz, bakoitzak aukeratu ahal izango du zein eta zenbat saiotara joan.

Hainbat modutara eman daiteke izena: formularioa beteta; 08:00etatik 17:00etara artean Izarraitz Lanbide Heziketara deituta (943 85 21 74); eta Izarraitz Lanbide Heziketa ikastetxean (Altamira auzoa z/g) aurrez aurre izena emanda.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide