2024ko udal tasak eta zergak %2 igotzea erabaki du udalak

Iraia Oteiza 2023ko urr. 6a, 15:50

Udalbatza, atzo. (Iraia Oteiza)

Datorren urteko ordenantza fiskalak onartu zituen atzo, ostegunez, Azkoitiko Udalbatzak, eta udal tasak eta zergak igotzeko "beharra" dagoela azpimarratu zuen Azkoitiak. Horrez gain, aldaketa nabarmen batzuk izango dira: batetik, hutsik dauden etxebizitzei gainkarga ezarriko zaie, eta bestetik, eguzki plakak eta kargagailu elektrikoak jartzen dituzten herritarrek hobariak izango dituzte.

Atzo, osteguna, ezohiko udalbatzarra egin zuten Azkoitiko Udaleko ordezkariek, eta hainbat punturen artean, datorren urteko ordenantza fiskalen inguruan eztabaidatu zuten EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta Azkoitia Bai herri plataformako kideek. Hain zuzen, udal tasak eta zergak %2 igoko ditu udalak. Halaber, zenbait berrikuntza ere adostu zituzten atzoko udalbatzarrean: batetik, etxe hutsei %100ko gainkarga erantsiko zaie zenbait salbuespenekin, eta bestetik, hobaria edukiko dute eguzki plakak edo kargagailu elektrikoak instalatzen dituzten herritarrek.

Etxe hutsen errekarguari lotuta, zenbait salbuespen ezarri dituzte. Hala, zerga ordaintzetik salbu egongo dira Azkoitian erroldatu gabe dauden eta bertan etxebizitza hutsen bat duten jabeak, betiere argindarraren kontsumoa gutxienez 230 kilowatt-ordua bada. Herrian erroldatutako etxe hutsen jabeei ere ez zaie errekargua ezarriko elektrizitate kontsumoak gutxienez 1.200 kilowatt-ordua gainditzen badu. Kasu bietan, salbuespena etxe bakarrari aplikatuko zaio. Banaketa edo dibortzioen ondorioz hutsik geratutako etxeei ere ez zaie gainkargua erantsiko.

Energia berriztagarriei lotuta, ondasun higiezinen gaineko zergan edo kontribuzioan %50eko hobaria aplikatuko da, betiere, gehienez 1.000 euro edo energia instalazioaren kostuaren %50a, zeinetan bost urtez ezarri daitekeena. Energia berriztagarriengatik ezarritako hobaria etxebizitzentzat eta industriarentzat izango da, eta ibilgailu elektrikoentzat kargagailuak ipintzeagatik ere laguntza bera emango du udalak. Eraikin, Instalazio eta Lanen gaineko zergan %95eko hobaria ezarri zen iaz eguzki plakak jartzeagatik. Neurri horrek jarraipena izateaz gainera, kargagailu elektrikoak instalatzen dituzten herritarrek ere %90eko hobaria izango dute.

Gainerakoan, Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ) %2 igoko dute. Hala ere, industria ondasunen kasuan, igoera %3,07koa izango da eta %1,48koa landa ondasunei loturikoa.

Bestalde, egun "historiko" izendapena duten autoek eta 30 urte baino gehiagoko ibilgailuek ez dute zirkulazio zerga ordaindu beharrik izango. Datorren urterako aurreikusten da ibilgailu historikoen inguruko araudia aldatzea, eta ondorioz, 2025eko udal ordenantzetan zergaren gaineko salbuespena egingo zaie ibilgailu historikoei, betiere udala onartuz gero.

Elkargunean ere gainerako tasen igoera bera aplikatuko da, %2koa. Hori bai, aldaketa nagusia da %65eko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonek %25eko hobaria izango dutela matrikula egiterakoan zein hileroko kuotan.

Eskualdeko taxi gidariek tarifei lotuta egindako proposamena izan zen aho batez onartu zuten puntu bakarra. Gidariek proposatu zutenarekin bat eginez, taxi tarifek %2,3ko igoera izango dute.

"Akordiorako ahalegina"

Ana Azkoitia alkateak eskerrak eman zizkien gainerako alderdiei, "akordio zabala lortzeko egindako ahaleginarengatik". Iaz tasak eta zergak izoztea erabaki bazuten ere, horiek igotzeko "beharra" dagoela azaldu zuen, "udalak eskaini beharreko zerbitzu eta prestazioei eusteko". Hala, "zentzuz jokatzen eta ahalik eta formula orekatuena bilatzen" saiatu direla gaineratu zuen.

EH Bilduren bozeramaile Iraitz Otañok ere azaldu zuen "beharrezkoa" dela datorren urtean udal tasak eta zergak igotzea, "udalaren balantze ekonomikoa" kontuan izanda. Koalizioaren hasierako asmoa zen ordenantza fiskalak %1,9 igotzea, baina Udal Gobernuarekin adostasunera iritsita, tasa eta zerga ia guztien alde bozkatu zuen hark; soilik industria ondasunen gaineko zerga %3,07 igotzearen aurka bozkatu zuen taldeak.

Azkoitia Baik ere aldeko botoa eman zuen udal tasa eta zerga gehienetan, eta Jose Joakin Etxaniz bozeramaileak azpimarratu zuen taldearen "urte askotako eskaera" izan dela etxe hutsei gainkarga ezartzea: "Hauteskundeetako emaitzak hasi dira nolabait islatzen. Ea etorkizunean alokairurako etxebizitza gehiago eskaintzea lortzen dugun, hori baita helburuetako bat". Industria ondasunen gaineko zergan abstenitu egin zen taldea, eta bizitegi eta landa ondasunen zergen aurka agertu zen, "gehiegizko igoera" izango dutelako horiek. 

Azkoitiko PSE-EE, bestalde, abstenitu egin zen neurri guztietan, taxi tarifei lotutako erabakian izan ezik. Janire Igoa bat etorri zen tasak eta zergak igotzeko proposamen orokorra %2koa izatearekin, baina hark uste du Udal Gobernuak "anbizio handiagoa" izan beharko lukeela arlo sozialean. Horrez gain, PSE-EEk Etxebizitza Legea ezartzea hobetsi du, etxebizitza hutsei %100eko gainkarga ezartzea baino. "Lege horretan ezarritako kanona 10 eurokoa da metro koadroko, eta %10 handituko litzateke hutsik egondako urte bakoitzeko", azaldu du Azkoitiko PSE-EEk. Horrez gain, eguzki plakak edo kargagailu elektrikoak jartzen dituztenei udalak gehienez bideratuko dien 1.000 euroko hobaria "kopuru eskasa" izan daitekeela uste du udal taldeak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide