Nerea Bilbao: "Koadroen bidez, Bermeoko itsasoa ekarri dut Azkoitira"

Ihintza Elustondo 2023ko aza. 4a, 09:00

Nerea Bilbao. (Ihintza Elustondo eta Kris Fernandez)

Irakaslea ofizioz, margolaria afizioz. Bermeokoa jaiotzez, Azkoitira lekualdatu zen duela hamasei urte, eta sorterria bizitokira ekarri du Portaleburun jarri dituen koadroetan, itsasoa, arrantzaleak, ageri baitira mihise gainean. Nere Bic izena jarri dio erakusketari, bikia delako eta boligrafoz egindakoak direlako artelanak. Urriko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da hau.

Azkoitiko Kale Nagusian, hondartzetatik urrun, bada pintzelez, brotxaz, pinturaz, betetako txoko txiki bat. Hormetan, arrantzaleak, marinelak, olatuak, baleak, ageri dira, ia-ia kresala arnasteraino. Ez da olatu hotsik entzuten, baina badirudi handik itsasoa ikusten dela. Horixe da Nerea Bilbaoren (Bermeo, Bizkaia, 1979) "bunkerra"; hantxe ematen ditu orduak eta orduak margotzen. Urteak daramatza Azkoitian bizitzen, eta bilatu du sorterria bizitokira ekartzeko modua.

Nere Bic izena jarri diozu duela gutxi Portaleburun jarri duzun erakusketari. Instagrameko kontuan ere izen bera darabilzu. Nerea izenetik dator Nere, eta nondik dator Bic?

Instagrameko kontua egin nuenean, Nerebik izena aukeratu nuen; bik hori da bikia naizelako. Nire ahizpa bikiak Amaia izena du, eta askotan, lagunek Nerebik eta Amaiabik deitzen digute. Horregatik egin nuen Instagrameko kontua Nerebik izenarekin. Eta erakusketako Nere Bic hori da boligrafoz egindako koadroak jarri nituelako Portaleburun. Zentzu bikoitza dauka.

Azkoitian jarri zenuena ez da zure lehen erakusketa izan; aurrez Bermeon estreinatu zinen. Noiz izan zen hori?

"Nire gaia uste dut arrantzale mundua dela, kolore biziekin eta orbanekin uztartuta"

Bermeoko erakusketa duela bi urte jarri nuen, Aste Santuan. Mundiala izan zen, erabateko arrakasta izan zuen, eta oso pozik gelditu nintzen. Nire lehen erakusketa izan zen, nire herrian, portuan, leku zoragarrian... Lehengo arrantzaleen kofradia zaharrean jarri genuen erakusketa, eta koadroak ere arrantzari eta itsasoari lotutakoak ziren. Jende ugari bertaratu zen, eta sekulako esperientzia izan zen. Ez nuen uste hain ondo aterako zenik.

Lehenengoa hain esperientzia ona izanda, errepikatzeko gogoa piztu al zitzaizun?

Banekien Azkoitikoa hain ondo ateratzea zaila izango zela, baina esperientzia on batek motibatu egiten zaitu pauso gehiago ematera. Larhun mendian (Lapurdi) ere egin nuen beste erakusketa bat, Larungo Kaiolan. Han hamabost bat lan edo eduki nuen, eta egia esan, gauza onak entzun nituen orduan.

Eta nola sortu zen Azkoitiko aukera?

Neu joan nintzen udaletxera, erakusketa bat jarri nahi nuela eta Portaleburu aretoan zer data zeuden libre galdezka. Iraileko tarte bat libre zegoela esan zidaten, eta hala animatu nintzen. Koadroak eginda neuzkan, baina ez da hori bakarrik izaten, lan handia baitauka erakusketa bat prestatzeak. Baina pentsatu nuen: "Egin dezaket, eta aurrera".

Sortzez Bermeokoa zaren arren, urteak daramatzazu Azkoitian bizitzen. Ilusioa egin al dizu bizitokian erakusketa jartzeak?

2007an etorri nintzen Azkoitira; beraz, hamasei urte daramatzat bertan bizitzen, eta noski, ilusio handia egin dit Azkoitian erakusketa jartzeak. Azkoitian ere lagun asko dauzkat, familia ere bai, eta esperientzia ederra izan da. Lagunek beti esaten zidaten erakusketa bat jartzeko; horrela jarri nuen Bermeokoa, eta Azkoitikoa ere berdin. Haiek izan dira bultzada.

Nerea Bilbao, 'Nere Bic' erakusketaren inaugurazio egunean, Portaleburun. (Ihintza Elustondo eta Kris Fernandez)

Noiz hasi zinen margotzen?

Lehen Hezkuntzan, 10-12 urte inguru nituela. Beti gustatu izan zait margotzea, eskulanak egitea, eta pintura eskolak hartzen hasi nintzen Bermeon. Teknika ugari landu nituen: olioa, pastela, ikatza... Gero, bolada batez, albo batera utzita izan nuen margotzearen kontua, baina Azkoitira bizitzera etorri nintzenean, gogoa piztu zitzaidan berriz margotzeko, koadroak-eta egiteko. Baina nola hasi? Egiten nituen neure kabuz koadro batzuk, baina zerbaiten falta sumatzen nuen. Orduan, galdezka hasi nintzen, ea herrian norbaitek klaserik ematen ote zuen, eta Udane Juaristiri buruz hitz egin zidaten. Eskerrak! Udanek bizitza aldatu zidan. Duela hamalau bat urte hasiko nintzen Udanerengana joaten. Hark irakatsi zidan zer den transfer teknika, eta horrekin mundu bat ireki zitzaidan. Transferrarekin hasi nintzen, gero boligrafoarekin probatu nuen... Horrelaxe jarraitu dut ordutik, margotu eta margotu, pozarren.

Gogoan al duzu margotu zenuen lehen koadroa?

Gaztetan egingo nuen zerbait, baina lehenengo koadroa... Azkoitira bizitzera etorri eta denbora gutxira hasi nintzen olioarekin pintatzen. Gogoan dut lagun batek koadro bat egiteko eskatu zidala, eta bi lore margotu nizkiola. Hori izango zen, agian, egin nuen aurreneko koadroa, urteetan ezer egin gabe egon ondoren.

Teknika ezberdinak landu izan dituzu zure ibilbidean, baina erakusketan boligrafoz egindako lanetan zentratu zinen.

Bai, boligrafoa eta akuarela baliatu ditut batez ere, eta espraiak ere bai. Beste teknikekin landutakoak ez nituen eraman Portaleburura.

Arrantzaleak, portuak, baleak, sareak, olatuak.... Itsasoa ageri da zure margolan askotan. Zer da zuretzat itsasoa?

"Segurtasuna sentitu dudanean ausartu naiz koadroak jendaurrean erakustera"

Neure bizitza. Itsasokoa naiz ni, han bizi izan naiz, eta hangoa izango naiz beti. Nire odoletik kresala doa, hori da nire mundua. Nire familia beti izan da arrantzalea eta saregilea. Aita, ama, aitona, amona, birramona, birraitona... denak egon dira itsasoari lotuta. Hori bizi izan dut nik; arrantzale mundua, arrainak eta itsasoa. Eta orain, barrualdean egon arren, ez dut ahaztu hori. Hori ez da ahazten bizitza osoa igarota ere.

Zure egitekoa izan da, beraz, Bermeoko itsasoa hartu eta...

Azkoitira ekartzea, itsasoaren faltarik ez sumatzeko. Beti dago presente itsasoa.

Zenbat lan jarri zenituen Portaleburun?

40, aretoa betetzeko lain. Denborarekin pilatzen joandako koadroak eraman nituen hara.

Aipatu duzu itsasoaren gaia barru-barrutik ateratzen zaizun zerbait dela, baina beste arlo batzuk ere landu dituzu koadroetan: indiarrak eta animalia batzuk ikus zitezkeen erakusketako zenbait margolanetan.

Bai, hala da. Gustuko ditut indiarrak nahiz animaliak, eta probatzeagatik egin nituen margolan horiek. Animaliak batzuk itsasokoak dira, beste batzuk oihanekoak. Horien bilduma txiki bat daukat eginda.

Urteak daramatzazu margotzen. Orain arte, gehienbat, etxerako edo lagunentzako egin izan dituzu margolanak, baina duela gutxi, lanak jendaurrean erakusteko pausoa ematera ausartu zara. Zergatik orain?

Neure buruarekiko segurtasuna sentitu dudalako. Urteetan ez ditut ikusi nire koadroak jendeari erakusteko modukoak. Lagunek eta familiakoek esaten zidaten politak zirela, baina noski, asko maite nautelako. Gainera, jendaurrean norbere lanak erakusteko, jendearen kritikak jasotzeko prestatuta egon behar da, eta neure buruarekiko segurtasuna sentitu dudanean, ahal dudala sentitu dudanean, zera pentsatu dut: "Oraintxe emango dut pausoa, eta ea zer gertatzen den". Kritika onak bezala, txarrak ere jasoko ditut, eta uste dut orain prestatuta nagoela horiek entzuteko.

Bilbao, erakusketako zenbait koadrorekin, bere lokalean. (Ihintza Elustondo eta Kris Fernandez)

Hori urteen poderioz ikasi al duzu?

Bai, zalantzarik gabe. Proba asko egin ditut, eta iruditzen zait lortu dudala neure estiloa definitzea. Nire gaia uste dut arrantzale mundua dela, kolore biziekin eta orbanekin uztartuta. Horiek dira osagai nagusiak, eta gero, pintzelak astintzean, irteten dena irteten da.

Irakaslea zara, familia daukazu... Noiz margotzen duzu?

Ahal dudanean. Gehienbat arratsaldeetan –eta ez denetan–, eta asteburuetan ere bai, batez ere igandeetan. Igandeetan normalean neuretzako eguna hartzen dut, eta ordu asko pasatzen ditut nire lokalean sartuta margotzen.

Azkoitiko Kale Nagusian hartu duzu margotzeko lokala. Zergatik erabaki zenuen zeuretzako txoko bat izatea?

Bermeon erakusketa jarri behar nuenean, harako koadro asko egin behar nituen. Urtebeteko epea izan nuen prestatzeko, eta etxean hasi nintzen margotzen, baina etxea zerritoki bilakatu zen. Horrela ezin zen, dena hankaz gora zegoelako. Horren aurrean, lokal bat nahi nuen margotzeko, eta Kale Nagusiko gunea erakutsi zidatenean, maitemindu egin nintzen. Etxean komentatu nuen lokal hori hartzea nahi nuela, babesa sentitu nuen, eta aurrera egin nuen. Oso pozik nago. Nire bunkerra da lokala. Han sartzen naizenean, neure munduan murgiltzen naiz, eta beste dena ahazten dut. Gainera, lokalaren gune batean koberturarik ez dago, eta inork molestatzerik nahi ez badut, txoko horretan uzten dut telefonoa eta erabat deskonektatzen dut.

Zer ematen dizu margotzeak?

"Nire bizitzan zenbat eta pintura gehiago, are zoriontsuagoa naiz"

Sekulako askatasuna, lasaitasuna, deskonexioa, poza... Jendeari kirola egitea gustatzen zaion bezala, niri margotzea gustatzen zait. Pila bat betetzen nau. Margotzen hastean, neure munduan sartu eta bertan geratzen naiz. Oporretan ere margotzen dut: hondartzara ez naiz joaten boligraforik gabe. Boligrafoa hartzea ahazten bazait, zerbait falta dudala iruditzen zait.

Uda honetan ere margotu al duzu?

Bai, sei marrazki-edo egin ditut.

Azkoitian erakusketa jarrita, erronka handi bat gainditu duzu. Etorkizunerako beste erronkarik ba al duzu?

Oraingoz, horrela jarraitzea da nire asmoa. Beste lanbide bat daukat, eta horrek segurtasun ekonomikoa ematen dit. Baina marrazketari lotuta beste proiekturen bat irtengo balitzait, bi aldiz pentsatu gabe animatuko nintzateke. Izan ere, nire bizitzan zenbat eta pintura gehiago, are zoriontsuagoa naiz. Baina horrela ere oso pozik nago. Hala ere, aterik ez diot ixten ezeri.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide