Hitz bitan

Mohammed Ouahzizi: "Estres handia aurkitu dut hemen"

Iraia Oteiza 2023ko urr. 24a, 09:29

Mohammed Ouahzizi. (Iraia Oteiza)

Mohammed Ouahzizi (Merzouga, Maroko, 1984) duela bost urte iritsi zen Merzouga herritik eskualdera. Hasieran, bi urtez egon zen Azpeitian bizitzen, eta ondoren etorri zen Azkoitira, bikotekidearekin. Marokokoaren aldean, hemengo bizimodua "oso ezberdina" dela adierazi du urriko Maxixatzen aldizkarian.

Zerk ekarri zintuen Azkoitira?

Duela hiru urte etorri nintzen Azkoitira bizitzera, bikotekidearekin. Aurretik, beste bi urtez egon nintzen Azpeitian bizitzen, bikotekidea hangoa baita. Merzougan ezagutu genuen elkar, komunean dugun lagun bati esker, eta denbora batez joan-etorrian ibili ostean, bizitzera hona etortzeko erabakia hartu nuen, bikotekidearekin egoteko. Distantzian harreman bat mantentzea ez da erraza.

Maroko eta Azkoitia zeharo desberdinak izango dira. Asko kosta al zitzaizun hemengo bizimodura egokitzea?

Marokon turismo sektorean egiten nuen lan eta, ondorioz, hizkuntza asko menperatzen ditut. Azkoitira etorri aurretik ere banekien gaztelaniaz hitz egiten, eta horrek asko lagundu dit herrian integratzerako garaian. Familiaren babesa ere hasieratik sentitu dut, eta lagunak ere egin ditut. Egia da, ordea, bizimodua zeharo desberdina dela hemen. Kultura, klima, paisaia, egunerokotasuna… dena aldatzen da.

Nolakoa da Merzougako bizimodua?

Merzouga herri txiki bat da, ia Aljeriako mugan dagoena, basamortuaren atarian. 3.000-4.000 biztanle inguru ditu eta herritarrak berbere tribu nomadaren ondorengoak dira. Leku oso lehorra denez, duna inguruan lur azpian dagoen uraren arabera mugitu izan da tribua urte askoan. Egun, egoera oso bestelakoa da, mugen kontua dela-eta jada ez dagoelako alde batetik bestera mugitzeko lehen adinako askatasunik. Ondorioz, Merzouga herrian kontzentratu dira nomada horiek guztiak. Nire anaia zaharrenak, esaterako, basamortuan jaio ziren, nomada bizimoduan. Aldiz, hiru anaia gazteenak herrian jaiotakoak gara. Etxe batzuk, abereak, ur putzuak eta ezer gutxi gehiago dago Merzougan. Lasaitasuna da nagusi.

Ba al dute antzekotasunik berbere tribuko nomadek euskaldunekin?

Ez askorik, baina Euskal Herrian euskalkiak dauden moduan, han ere dialekto ezberdinak ditugu, eta bakoitzak bere berezitasuna du. Hortxe legoke bien arteko antzekotasuna.

Azkoitira iritsi zinenean, zer izan zen gehien harritu zintuena?

Bereziki paisaiak harritu ninduen, asko aldatzen da. Merzouga oso lehorra da, dunaz betea, hori kolorekoa. Urrutira begira jarri eta galdu egin zintezke, begien irismenetik haratago baitoa paisaia. Azkoitian dena gertu dago, ezin da urrutira begiratu, guztia karratua da eta tartean mendiak daude. Kolorea ere berdea da. Eguraldia ere zeharo desberdina da, eta askotan, eguzkiaren falta sumatzen dut.

Zer da inguruotatik gehien atsegin duzuna? Eta, aitzitik, aldatuko zenukeena?

Familiaz gain, hemengo sistema da gehien gustatzen zaidana eta, aldi berean, aldatuko nukeena. Min hartuz gero, berehala medikuarengana joateko aukera dago. Horrez gain, nire seme-alabek ere heziketa ona jasoko dute. Hori atsegin dut. Baina, gauza oso onak dituen arren, oso lotua da. Estres handia aurkitu dut hemen. Inork ez du bere buruarekin egoteko denborarik, egunero sistemaren menpe bizi gara. Lehen, aske bizi nintzen, eta orain, sistemaren esklabo naizenaren sentipena dut.

Atzerritik etorri den pertsona bat ongi etorria al da Azkoitian?

Hizkuntza ezagutzea dago oinarrian; integratzeko orduan horrek balio du. Hemen euskaraz ulertu beharra dago komunikatzeko, nahiz eta oraindik askok ez dakiten hitz egiten. Euskaraz ez bada, gaztelaniaz jakin behar da. Komunikatzeko gaitasun hori izanez gero, erraza da maitatua sentitzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide