Euskal presoen eta iheslarien eskubideen alde elkartu dira plazan

Ihintza Elustondo 2023ko ira. 30a, 16:04

Hainbat lagun atzo plazan, presoen eskubideak aldarrikatzen. (Azkoitiko Sare Herritarra)

Hileko azken ostiraleko mobilizazioa egin du Azkoitiko Sare Herritarrak. Besteak beste,  "etorkizunari eta elkarbizitzari ateak irekitzeko unea" dela nabarmendu dute. 

Iraileko azken ostiraleko elkarretaratzea egin zuen atzo Azkoitiko Sare Herritarrak, 19:30ean. Ohi bezala, herriko plazan mobilizatu ziren euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen alde.

Uda osteko aurreneko mobilizazioa izan zen atzokoa, eta urtaro horri egin diote erreferentzia deitzaileek: "Uda joan da. Preso eta iheslarien etxeratze prozesuaren alde eta oraindik mantentzen den salbuespenezko politika bertan behera uzteko helburuarekin, Euskal Herri osoan hamaika mobilizazio gauzatu dira hilabete hauetan", azpimarratu dute. Ikasturte berriaren hasierarekin batera, "berriro" adierazi dute ez dutela inolako "pribilegiorik" eskatzen. "Salbuespena indargabetu eta lege arrunta aplikatuz, euskal preso guztiak etxera bidean jartzea besterik ez. Nekez uler daiteke, ETAren jardueraren amaieratik hamabi urteren ostean eta bere desagerpenetik bost urte baino gehiago pasatu direnean, espetxetik irteteko zigor krudela ezartzea oraindik pertsona horiei. Euskal presoek batez beste hogei urteko zigorrak bete dituzte, eta badira 30 urte baino gehiago espetxean daramatzaten presoak".

Azkoitiko Sare Herritarraren arabera, "Auzitegi Nazionalaren eta fiskaltzaren jarrerek argi adierazten dute mendekuan eta gorrotoan gotorturik jarraitzeko hautua" egin dutela. "Nola uler daiteke bestela Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteek jasotako epaia? Iraganari begira eraikitako epaia da, gizarte honek gainditu baino egin nahi ez duena", adierazi dute.

Horren aurrean, "etorkizunari eta elkarbizitzari ateak irekitzeko unea" dela nabarmendu dute: "Gehiengo politiko, sindikal eta sozialak argi eta garbi esan du konponbide bat behar duela preso, iheslari eta deportatuen auziak. Baina Auzitegi Nazionala eta politika eta komunikabideen hainbat sektorek hemen ezer aldatu ez balitz bezala jokatzen jarraitzen dute. Jarrera horiek ez dute betetzen espetxe politika humanistaren legezko helburua".

Era berean, gogoratu dute 22 urte bete direla Iñaki Saez eta Asier Heriz "dispertsioaren eraginez" auto istripuz hil zirenetik. "Iñaki, Asier eta dispertsioak eragindako gainontzeko hamalauek ez dute oraindik aitortza ofizialik izan".

"Euskal gizarteari, baita Espainiakoari ere, gure helburuak zein diren argi eta garbi azaltzen jarraitu behar dugu. Etxera. Bai, etxera. Euskal gizarteak berak, alderdi politikoek, sindikatuek, gizarte erakundeek eta herritarrek izan behar dute salbuespenari eta arbitrariotasunari amaiera emateko giltza. Gutako bakoitzak badu bere esku gauzak aldatzea", esanez amaitu dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide