Euskarari lotutako hitzaldietarako izen emate epea asteazkenera arte luzatu du Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak

Aitziber Arzallus 2023ko ira. 29a, 10:55

Pilar Kaltzada. (Save the children)

Pilar Kaltzada, Martxelo Otamendi, Jon Sarasua, Jone Miren Hernandez eta Jaime Altuna izango dira saio horien gidariak eta doakoak izango diren arren, aurrez eman beharko da izena. Asteazkena izango da horretarako azken eguna eta bi bide daude izena emateko: 675 85 71 11 telefonora Whatsapp mezua bidaltzea da bata, eta maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora idaztea da bestea.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak euskarari lotutako lau hitzaldi antolatu ditu urrirako, astero bana, Euskaldunon Eskola udazkenean izeneko egitasmoaren baitan. Hitzaldi guztiak doakoak izango dira, baina aurrez izena eman beharko da, eta horretarako epea datorren asteazkenera arte luzatu du elkarteak. Bi bide jarri ditu aukeran: 675 85 71 11 telefonora Whatsapp mezua bidaltzea da bata, eta maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora idaztea da bestea. Plazak mugatuak izango dira eta bazkideek lehentasuna izango dute.

Pilar Kaltzada idazle eta kazetariak gidatuko du lehen hitzaldia, Eremu komunikatibo berri eta zaharrak: euskaraz bizi ahal izateko erronkak eta aukerak izenekoa. Urriaren 4an izango da Elkarguneko Oteiza aretoan, 18:00etan. Doakoa bada ere, aurrez izena eman beharko da ostirala. Berez gaur bukatzen zen izena emateko epea, baina elkarteak jakinarazi du datorren asteazkenera arte izango dela aukera.

Urriaren 10ean, asteartea, izango da bigarren hitzaldia. Martxelo Otamendi kazetariak gidatuko du Noiz arte diagnostikoak egiten? izeneko saioa, eta Irene Elorza arduratuko da aurkezle lanak egiteaz. Hitzaldia Elkarguneko Oteiza aretoan izango da, 18:00etan. Jon Sarasua irakasle eta pentsalariak gidatuko du hirugarren hitzaldia, Euskararen etorkizun-ikuspegiaz izenekoa, urriaren 18an. Gainerako saioak bezalaxe, Elkarguneko Oteiza aretoan izango da, 18:00etan. Urriaren 25ean izango da laugarren eta azken hitzaldia Jone Miren Hernandez eta Jaime Altuna antropologoen eskutik. Gazteak eta hizkuntz-ondoeza. Azalberritzearen erronka izeneko saioa ere Elkarguneko Oteiza aretoan izango da, 18:00etan.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide