Zarauzko hondartza urratzeko prest

Ane Olaizola 2023ko ira. 28a, 09:28

Latz Taberna Azkoitiko taldeko kideak. (Latz Taberna taldea)

Hondartzako Futbol Txapelketaren denboraldia hasiko da igandean. 29 talde lehiatuko dira, eta kostaldeko taldeez gain, Azkoitiko Latz Taberna hirugarrenez arituko da.

Igandean ekingo diote Hondartzako Futbol Txapelketaren 2023-2024 sasoiari, eta taldeek egun horretan jokatuko dute lehen jardunaldia, 11:00etan. Eguerdira artean, beraz, futbol festa nagusituko da Zarauzko hondartzan, taldeek haren zati luze bat hartuko baitute, hamalau joko eremutan banatuta. 

Hastear den sasoian 29 talde lehiatuko dira, iaz baino bat gutxiago. Emakumeetan ez dago aldaketarik, eta aurten ere bederatzi talde lehiatuko dira plaieroetan. Parte hartzaileen kopurua bakoitia izanik, gainera, talde batek atseden eguna izango du jardunaldi bakoitzean –lehenengoan Kirkilla-Enea Jatetxea taldeak hartuko du atseden–. Aitzitik, gizonen arteko lehian izango da aldaketarik: joan den urtean baino talde bat gutxiago lehiatuko da. Horrez gain, Oxperta taldea estreinatuko da, Salegiri lekua hartuta. 

Beste urte batez, eskualdeko dozenaka jokalarik hartuko dute Zarauzko hondartza futbolean aritzeko. Izan ere, azken urteetan hazi egin da Urola bailarako jokalarien presentzia plaieroetan, eta horren adibide da Azkoitiko gizonen bi taldek parte hartu izana lehian: Dean Taberna eta Mamba. Dena den, Dean Tabernak ez du parte hartuko aurten, eta Mamba Latz Taberna izenpean arituko da.

Behetik gorako bidean

Hirugarrenez lehiatuko dira  Latz Tabernako taldekideak Zarauzko plaireoetan, baina aurrenekoz eramango dute Latz Taberna izena soinean. 18 eta 23 urte bitarteko gazteek osatzen dute taldea, eta Julen Arzalluz jokalaria eta Xabi Albizuri entrenatzailea dira horietako bi. Haiek azaldu dutenez, lagunarteko giroan, afaloste batean, sortutako ideia izan zen plaieroetan jokatzen hastea. Esan eta egin: taldea osatu bezain pronto ekin zioten lehiari. 

Behetik gorako bidea egiten ari dira jokalariak: "Aurreneko urtean, entrenatzailerik ere ez genuen izan, eta iaz lortu genuen, behar genuelako norbait gu zuzentzeko". Orduan, "asko" hobetu zen taldea; "nabarmena" izan zen entrenatzailearen eragina. "Sailkapeneko laugarren postuan geratu ginen, eta play-off-etara sailkatu". 

Gutxiago edo gehiago, guztiak dira aurrez futbolean aritutakoak, baina hondarretan aritzea berria egin zitzaien azkoitiarrei hasieran: "Izugarrizko aldea dago zelaian edo hondartzan jokatu. Hasteko, hanka hutsik ibili behar da, eta hondarrak ere asko zailtzen du jokoa. Zarauztarrak ohituta egongo dira, baina lehenengo urtean jipoi galantak jaso genituen", esan du Arzalluzek.

Aurten, taldeak oraindik eta serioago hartu du Hondartzako Futbol Txapelketa, eta horren adibide da babesletza lortu izana: "Orain arte, asmatutako izena zuen talde bakarra gurea zen", esan du Albizurik. Horrez gain, "erregularrak" dira entrenamenduetan, materiala erosi dute eta fitxaketak ere egin dituzte: "Hogei lagun gara aurten, iaz larri ibiltzen baikinen partidak jokatu ahal izateko". Helburuei dagokienez, urrun iritsi nahi dute, Albizurik azaldu duenez: "Taldeari ez diot sabairik jartzen. Ea Azkoitiaren izena Zarautzen zabaltzen dugun".  

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide