Berrikuntzekin dator eskola kirol egokitua

Ane Olaizola 2023ko ira. 22a, 15:12

Azkoitiko eskola kirol egokituaren sustatzaileak eta babesleak, gaur, agerraldian. (Ane Olaizola)

Eskola kirol egokituak koordinatzailea izango du aurrenekoz; Miren Acedok hartuko du ardura hori. Horrez gain, aniztasun funtzionala dutenei zein haien senideei aholkularitza eta laguntza zerbitzua ere emango die hark.

Igor Isuzkiza udaleko Kirol zinegotziak, Miren Acedo Azkoitiko eskola kirol egokituaren koordinatzaileak, Marta Pastor aldundiko Kirol zuzendariak eta Aritz Orbegozo Marea Urdina elkarteko kideak agerraldia eskaini dute gaur, ostirala, Azkoitiko eskola kirol egokituak datorren ikasturtean izango dituen berrikuntzak jakinarazteko. Izan ere, aurten zerbitzuak koordinatzailea izango du, eta hark, Acedok, kirol saioak zuzendu eta aniztasun funtzionala dutenei zein senideei aholkularitza eta laguntza zerbitzua emango die.

Eskola kirol egokituaren bidez, aniztasun funtzionala duen haurrek, gazteek zein helduek herrian kirola egiteko aukera eta eskaintza izan dezatela bermatu nahi dute antolatzaileek. "Kirola guztien eskubidea da, eta eskubide hori ezin da urratu", aldarrikatu du Isuzkizak. Kirol zinegotziak gogoratu du udala, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarekin, Marea Urdinarekin eta ikastetxeekin batera, inklusioaren bidean "urratsak egiten" hasi zela, eta duela bi ikasturte martxan jarri zutela eskola kirol egokituaren "gutxieneko eskaintza". Joan zen sasoian, berriz, zerbitzu berriak jarri ziren abian, eta orain, beste pauso bat eman nahi izan dute antolatzaileek.

Acedok, ildo horretan, azaldu du aurrerantzean bereizi egingo direla eskola kirol inklusiboa eta eskola kirol egokitua. "Eskola kirol inklusiboa ikastetxeetan koordinatzen jarraituko dute, eta eskola kirol egokitua nire esku egongo da, pauso bat harago eman nahi izan dugulako".

Adin guztietako herritarrentzat

LH 1. mailatik aurrerako herritar guztiei zuzendu die egitasmoa, eta hango parte hartzaileen jarraipena egingo du koordinatzaileak. Astelehenetan eta asteazkenetan egingo dituzte saioak, 17:00etatik 19:00etara. Berrikuntza moduan, asteroko saioetako bat igerilekuan izango da, eta taldeka edo banaka eskainiko dituzte eskolak, "beharraren arabera". Beste saioa, berriz, lehorrean egingo dute: txandakatuz joango dira kirolak, eta aurrez prestatutako egutegiari jarraituz, dagokiena landuko dute aldiro.

Acedok azpimarratu du senideekin "harreman zuzena" izan nahi duela. Hori hala, aholkulari lanak ere egingo ditu hark, astelehenetan, 19:00etatik 20:00etara Elkargunean. "Inork nirekin hitz egiteko beharra baldin badu, Elkarguneko harreran nigatik galde dezala, eta han egongo naiz".

Umeek ikastetxeetan eman ahal izango dute izena, eta gazteek zein helduek, Elkarguneko harreran.

"Pauso txikia bezain garrantzitsua"

Pastorrek, bere aldetik, Azkoitian egindako urratsa "txikia bezain garrantzitsua" dela azpimarratu du agerraldian, besteak beste, helduen jarduera fisiko egokiturako zubia eraikiko dutelako. Hori horrela, egitasmoa txalotu eta bide beretik jarraitzeko konpromisoa hartu du hark.

Marea Urdina ere esker oneko agertu da egitasmoarekiko, eta zerbitzuak duen garrantzia  azpimarratu du Orbegozok: "Kirolak saihesten du aniztasun funtzionala duen pertsona etxean geratzea, eta bazterketa gerta ez dadin, aukera polita da".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide