Herriko paisaiak, Portaleburun

Ane Olaizola 2023ko ira. 7a, 11:47

Inazio Iriarte margo lehiaketako margolan batzuk, Portaleburun ikusgai (Iraia Oteiza)

Azkoitiko andremarietan egin zuten 40. Inazio Iriarte margo lehiaketa, eta han parte hartu zuten 23 artisten lanak ikus daitezke Portaleburu udal erakusketa aretoan. Iñigo Borda Azkoitiko bizilagunak hirugarren saria lortu du aurtengoan, eta "gustura" da bere lanarekin zein sariarekin.

Azkoitiko Kultur Elkarteak antolatuta, andremarietako Baserritarren Egunean, abuztuaren 17an, egin zuten Inazio Iriarte margo lehiaketaren 40. edizioa, eta hara aurkeztutako lanak ikusgai dira joan den asteburutik Portaleburu udal erakusketa aretoan. Herritarrek hilaren 17ra artean ikus ditzakete lehiaketa horretan parte hartu zuten 23 artistek Azkoitia gaitzat hartuta aurkeztu zituzten margolanak.

Federico Plasencia espainiarrak irabazi zuen lehiaketaren lehen saria, eta bigarrena eskuratu zuen Jose Miguel Arranz erandiotarrak (Bizkaia). Hirugarren saria, berriz, herrian geratu zen, Azkoitiko bizilaguna den Iñigo Borda azpeitiarrak lortu baitzuen. Ez da aurreneko aldia Bordak Inazio Iriarte margo lehiaketan parte hartzen duela, baina bai saria eskuratu duena, eta lortutakoarekin "pozik" da azpeitiarra, baita egindako lanarekin ere. Santa Klara kalean dagoen Irizar jauregiaren atzealdeko lorategia aukeratu zuen hark mihise gainean irudikatzeko: "Lehiaketaren aurreko egunean buelta bat eman nuen kaletik, biharamunean zer margotu nezakeen pentsatzeko. Aurreko urteren batean ere, aspaldi, margotu nuen inguru hori, eta ez nuen berriz errepikatzerik nahi. Aurten lorategiari erreparatu diot, arreta piztu baitzidan ibai aldera erortzen den zuhaitzaren adar zatiak", adierazi du Bordak.

Azkoitiko bizilaguna paisaiaren irudikapen errealistatik urrundu zen lana sortzerakoan, eta hark azaldu du lehiaketaren egunean "zerbait desberdina" egiten saiatu zela. "Buruan banuen koadroak izango zuen egitura, eta pintzelada handiekin eta koloreekin jolastea pentsatu nuen. Lan espresionista izatea nahi nuen, argazkiaren kopia izan beharrean".

"Gustura" ondutako lana da Bordak andremarietan egin zuena, besteak beste, denboraz "lasai" egin ahal izan zuelako, baina saria eskuratzea "ezusteko handia" izan zela aitortu du margolariak. "Buruan ez nuen saria irabaztea. Gainera, halakoetan, besteen margolanak ikusten dituzunean, haienak oso onak iruditzen zaizkizu".

Gustura, aurrenekoz

Lauzpabost aldiz parte hartu izan du Bordak Azkoitiko Inazio Iriarte margo lehiaketan, eta Azpeitian zein Elgoibarren (Gipuzkoa) antolatzen dituzten gisa horretako egitasmoetan ere aritu izan da margotzen. Artistek bete beharreko hainbat berezitasun izaten dituzte kaleko margo lehiaketek, eta besteak beste, dagokion herriari lotutako lanak sortu behar izaten dituzte. "Normalean, herria identifikatzen duten ezaugarriak edo motiboak aurkitu behar dituzu. Maiz, epaimahaiak kontuan hartzen du lekua ondo adierazita egotea, eta beraz, gehienetan argazkira gerturatzen den estiloa nagusitzen da, bestelako lanak ere egoten diren arren".

Horrez gain, halako lehiaketetan parte hartzaileek ordu jakin baterako aurkeztu behar izaten dituzte lanak, eta artistak onartu du askotan zaila egiten zaiola horretara egokitzea: "Ez nago ohituta hain azkar margotzera. Orain arteko guztietan, proben eta akatsen bidez joan naiz ikasten, eta ez naiz oso gustura geratu emaitzekin; oraingo honetan bai, ordea".

Zabalik, hilaren 17ra arte

Lehiaketaren aurtengo aldiko lan guztiak Portaleburun daude ikusgai, eta honako ordutegi hau du erakusketak: ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara, irailaren 17ra arte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide