Gazteria Sailak udazkeneko Trebatzen saioak eta lantegiak antolatu ditu

Iraia Oteiza 2023ko abu. 29a, 16:39

Sukaldaritza tailerreko iazko irudi bat. (Azkoitiko Udala)

Doako eta ordainpeko askotariko saioak eskainiko dituzte Elkargunean, irailetik abendura bitartean. Kodeka teknologia tailerra, sormen lantegia, txalaparta saioa, makrame tailerra edota sukaldaritza saioak izango dira, besteak beste. Ordainpeko ikastaroetan izena emateko epea ostiralean, irailaren 1ean, irekiko da; doakoena, urriaren 14an.

Azkoitiko Udalaren Gazteria Sailak, Trebatzen saioen eta lantegien udazkeneko edizioa prestatu du. Oraingoan ere, askotariko saioak eskainiko ditu irailetik abendura bitartean, ordainpekoak zein doakoak. Ordaindu beharreko lantegien artean izango dira Kodeka teknologia tailerra (LH3 eta LH6 mailen arteko ikasleentzat eta DBH1 eta DBH4 mailen artekoentzat) eta Sormen lantegia (LH4 eta DBH2 mailen arteko ikasleentzat), irailetik abendura bitartean iraungo dutenak.  Irailaren 1ean irekiko da lantegietako izen-ematea, eta hilaren 10era arte edo plazak bete arte egongo da zabalik. Lantegiak egin ahal izateko, gutxieneko partaide taldeak osatu beharko dira.

Doako saioak, aldiz, azaroan izango dira. Besteak beste, txalaparta saioa, argi-itzalen sormen lantegia, makrame tailerra, briko saioa eta sukaldaritza saioa (gaztelaniaz) eskainiko dituzte. Saio horiek guztiak LH3 eta DBH2 mailen arteko ikasleei zuzendutakoak izango dira. Izen-ematea urriaren 14tik 20ra bitartean edo plazak bete arte egin beharko da.

Online egin beharko da ordainpeko zein doako tailerretarako izen-ematea honako lotura honetan, baina horretarako arazoak dituztenek Gazteria Zerbitzu Bulegoan jasoko dute laguntza 688 61 89 99 telefono zenbakira deituta.

Gazteria Sailak eskaintzen dituen Gazte Zerbitzu Bulegoa, Abarketatxo ludoteka eta Artxamendi topalekua, berriz, irailaren 25ean irekiko dituzte herritarrentzat. Aurrez, irailaren 18tik 22ra bitartean eman beharko da izena Abarketatxo ludotekarako.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide