Txema Añibarro: "Lehiakorrak izaten bagara, emaitzak etorriko dira"

Aitziber Arzallus 2023ko abu. 27a, 10:56

Txema Añibarro. (Aitziber Arzallus)

Anaitasunako gizonen lehen taldeak entrenatzaile berria du: Txema Añibarro (Zeberio, Bizkaia, 1979). Hilabete eskas darama Azkoitiko taldearekin lanean, eta hartutako erabakiarekin asmatu duelakoan, "oso motibatuta eta pozik" dagoela ziurtatu du Zarautzen bizi den zeberioarrak. Denboraldiaurreko martxaz, denboraldirako helburuez eta beste hainbat kontuz aritu da Maxixatzenekin.

Ia hilabete daramazu Azkoitian. Zer moduz hartu zaituzte?

Egia esan, oso ondo. Aurretik entzunda neukan jokalari oso onak zeudela taldean, eta hemen daramadan denboran, hori baieztatu besterik ezin dezaket egin. Lehendabiziko aste hauetan asko lagundu didate, asko erraztu dizkidate gauzak, eta ikusi dut sekulako giroa dagoela taldean. Badakit futbola dela eta emaitzek agintzen dutela, baina garrantzi handia ematen diot joaten naizen lekuan pertsonak topatzeari, eta ikusi dut hemen balore oso onak dituen jendea dagoela, jende umila, eta horrek harritu egin nau, gaur egun, batez ere futbolaren munduan, ez baita ohikoena. Beraz, oso motibatuta nago eta lanerako gogoz.

Anaitasunara etortzeko proposamena jaso zenuenean, asko kostatu al zitzaizun erabakia hartzea?

Aukera sortu zitzaidanean, ilusio handia egin zidan, eta asko pentsatu gabe eman nuen baiezkoa. Emaitzek esango dute, baina momentuz oso gustura nago hartutako erabakiarekin; nik uste asmatu egin dudala.

Nolako taldea topatu duzu?

Taldeko jokalari gehienak herrikoak dira, herrikoak eta maila handikoak, eta Hirugarren Mailan ez da batere ohikoa izaten hori; beraz, uste dut goraipatzekoa dela talde batek lan egiteko modu hori izatea. Anaitasunaren filosofia da etxeko jokalari gazteei aukera ematea, hori asko zaintzen dute eta emaitzak ematen ditugu gainera, eta aipatzekoa da hori. Gazteei futbolean jarraitzeko indarra ematen die horrek, egunen batean lehen taldean jokatzeko aukerak izan ditzaketela pentsatzeak, eta hemen, beste klub askotan baino errazagoa izango dute lortzea, asko zaintzen dutelako hori.

Uztailaren 31n ekin zenioten lanari. Zer moduz joan dira lehendabiziko aste hauek?

Ondo, pixkanaka-pixkanaka ari gara martxa hartzen. Kontuan izan behar da jokalari gehienek, futbolean jokatzeaz aparte, lan egiten dutela, eta abuztuan izan dituztela oporrak. Futbolari dagokionez, ez dira eliteko jokalariak, baina egunero eliteko jokalariak balira bezala entrenatzen dira, baina horretaz gain, bakoitzak bere lana du, eta hori zaindu beharra dago. Beraz, pixkanaka-pixkanaka joan gara taldea batzen, eta ari gara entrenamenduen dinamikan sartzen.

Entrenatzaile gisa, asko eskatzen al diezu jokalariei? Oso exijentea al zara?

Hori hobeto erantzungo lukete jokalariek, baina bai, baietz esango nuke. Jokalari nintzenean ere nahiko exijentea nintzen neure buruarekin, gehiegi ere bai askotan, eta gustatzen zait besteekin ere hala izatea, duten onena eman dezaten. Hala ere, naturaltasunez jokatzen dut jokalariekin. Gaur egun naturaltasuna falta da, eta gustatzen zait jokalariek gertuko ikus nazaten, azkenean gertuko eta konfiantzazko harremanak eraikitzea denon onerako dela uste baitut. Ez dut uste jokalarien eta entrenatzailearen artean inolako hesirik edo hormarik egon behar duenik.

Taldean aldaketa esanguratsurik egon al da pasa den denboralditik hona?

Bi jokalari berri etorri dira, Aimar Marcos alegiarra eta Gorka Crespo tolosarra, baina gainerakoan, blokea mantendu egiten da. Denboraldiaurrean gazte batzuk ere ari dira gurekin entrenatzen eta jokatzen, gaitasun handiko gazteak gainera, aurki lehen taldean aritzeko aukerak izango dituztenak, eta atentzioa eman dit ikusteak taldean denbora asko daraman jendeak nola zaintzen dituen gazte horiek.

Dagoeneko hiru lagunarteko jokatu dituzue. Nola ikusi duzu taldea zelaian?

Lehenengoa Touringen aurka jokatu genuen eta 4 eta 0 galdu genuen; bigarrena, Deusturen kontrakoa, 4 eta 1 irabazi genuen; eta hirugarrena, Beasainen kontra, hutsean berdindu genuen. Beraz, batean lau gol jaso genituen, eta bestean lau sartu. Hala ere, denboraldiaurrean garrantzitsuena da sasoi puntua hartzea eta inork minik ez hartzea, bi aste bakarrik gelditzen baitira denboraldiari ekiteko. Eta horrez gain, elkar ezagutzeko ere asko balio izaten dute partida hauek. Joan den denboraldiko partidak-eta ikusten aritu naiz eta egunerokoan ere ari naiz ikusten jokalari bakoitza nolakoa den, baina partidetan beste tentsio bat egoten da eta gustatzen zait ikustea jokalari bakoitza nola moldatzen den. Dena dela, esan beharra daukat alde horretatik ere asko erraztu dizkidatela gauzak. Adibidez, taldearekin lanean hasi aurretik Xabi Artetxe lehengo entrenatzailearekin kafe bat hartzeko eta taldeari buruz hitz egiteko aukera izan nuen, eta asko eskertzen diot hori. Horrelako jendea ez da edozein tokitan topatzen.

Denboraldirako helburuak-eta ezarri al dituzue dagoeneko?

Mailari eustea bermatu behar dugu ahalik eta azkarren, baina hortik haratago, sailkapenari dagokionez eta, ezer zehatzik ez dugu ezarri oraingoz. Helburua izango da lehiakorrak izatea beti, eta horretarako, ezinbestekoa izango da egunerokoan lana gogoz egitea eta entrenamendu bakoitzera pozik eta disfrutatzeko gogoz joatea. Hori egiten badugu, taldea ondo joango da; bestela, ez.

Zuk, entrenatzaile gisa, zer ekarpen egin diezaiokezu taldeari?

Ez gara ez Guardiola eta ez Mourinho, baina entrenatzaile bakoitzak bere estiloa dauka eta garrantzitsua da erregistro desberdinak izatea ere, zerbait gaizki doanean aldaketarako gaitasuna izatea. Nire helburua izango da gazteak entrenamenduetara gustura etortzea eta talde lehiakor bat egitea, eta, noski, asteburuetan irabaztea. Badakigu futbola nolakoa den, ondo jokatzen duzun guztietan ez duzula irabazten, eta alderantziz, eta boladak ere izaten direla; baina lehiakorrak izaten bagara, emaitzak etorriko dira.

Zenbateko garrantzia ematen diozu alde psikologikoari?

Entrenatzaile baten lanik zailena izaten da taldeko jokalari guztiak gustura izatea, jokatzeko aukera gutxiago izaten duen hori ere pozik eta motibatuta izatea taldeak bere beharra duenerako. Horretarako, ezinbestekoa da hemezortzi jokalarietako bakoitza ondo ezagutzea, eta bakoitzari behar duena ematen jakitea, bakoitzaren beharrak desberdinak izaten direlako. Batek beharko du gogor egitea, beste batek konfiantzaz jardutea, beste batek beharko du besarkada bat… Horretan saiatzen ari naiz eta ea asmatzen dudan; mutilak behintzat primerakoak dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide