Andremari jaiak berdintasunean eta eraso sexistarik gabe ospatzeko deia egin du Azkoitiko Udalak

Julene Frantzesena 2023ko abu. 9a, 09:15

Udaleko, Ertzaintzako eta Udaltzaingoko ordezkariek egin zuten bilerako irudia. (Azkoitiko Udala)

Udaleko Berdintasun eta Prebentzio Sailak eraso sexisten aurkako kanpaina jarriko du martxan, eta besteak beste, more koloreko txapelak banatuko ditu herritarren artean. Eraso sexisten inguruko informazioa eskaintzeko eta hala behar duten herritarrei babesa emateko gunea ez ezik, drogen kontsumoari lotutako arriskuak prebenitzeko espazioa ere izango da festetan.

Azkoitiko Udaleko Berdintasun eta Prebentzio Sailak Andremari jaiak berdintasunean eta eraso sexistarik gabe ospatzeko deia egin du. "Azkoitian, ez ditugu onartzen pertsonen eskubideak urratzen dituzten eraso matxistak, arrazistak, LGTBIfobikoak edo bestelakoak. Ez dadila inor jokabide matxisten konplize izan", adierazi du Mertxe Zubillaga zinegotziak.

Udaleko sail horrek sustatuko duen eraso sexisten kontrako kanpainaren barruan, Baietzik gabe, ezetz da lelodun more koloreko txapelak banatuko dituzte. Doan eskuratu ahal izango dituzte herritarrek txapel horiek abuztuaren 12an, zapatuan, Parrokiaren aurrean, 12:00etatik 13:00etara bitartean, eta abuztuaren 14an, Andremari bezperan, Kontzejupean, 10:30etik 11:30era bitartean.

Jaiak gerturatzen ari direla eta, Ana Azkoitia alkatea eta hainbat zinegotzi Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren ordezkariekin bildu dira dagoeneko festa egunetako zaintza eta segurtasun operatiboari buruzko xehetasunez hitz egiteko. Udalak azaldu duenez, inork nahi ez dituen "gertakariak eta delituak prebenitzeko" xedez egin dute bilera. Gainera, erakundeak herritarrei laguntza eskatu die festetan kaleak gune seguruak izan daitezen eta inork beldurtzeko arrazoirik ez dezan sentitu.

Informazio guneak

Eraso sexisten inguruko informazioa eskaintzeko eta hala behar duten herritarrei babesa emateko, hilaren 14an, 16an eta 18an Sexu Bizi zerbitzua eskainiko dute 23:00etatik 14:00etara bitartean. Gune horretan harreman osasuntsuak sustatuko dituzte. Gainera, eraso sexisten kasuan laguntza eskatzeko telefono zenbakien zerrenda jaietako egitarauan nahiz herriko informazio guneetan ikusi ahal izango dela ere gogorarazi du udalak.

Bestalde, drogen kontsumoari lotutako arriskuak prebenitzeko eta murrizketa espazioa ere izango da Azkoitiko jaietan. Izan ere, erakundearen arabera, alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoa egon ohi da askotan jokabide desegokien atzean. Hori dela eta, udalak honako lelo hau aukeratu du jaien atarian: Ondo pasatu, pasatu gabe.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide