Tenperatura altuen iragarpenaren aurrean, hainbat gomendio eman du udalak

Maialen Etxaniz 2023ko abu. 7a, 14:59

Deshidratazioa saihesteko, berotik babesteko eta pertsona zaurgarrienak zaintzeko deia egin du udalak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gomendioak kontuan hartuta. Bihar eta etzi tenperaturek gora egingo dute.  

Datozen egunetan, bihar eta etzi batez ere, tenperaturek gora egingo dute, eta horren aurrean tentuz ibiltzeko deia egin du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Era berean, erakundeei dei egin die prebentzio-gomendioak helarazteko. Hori dela eta, Azkoitiko Udalak oharra kaleratu du tenperatura altuen iragarpenaren aurrean, herritarrei hainbat gomendio emateko. Deshidratazioa saihesteko, berotik babesteko eta pertsona zaurgarrienak zaintzeko deia egin du udalak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gomendioak kontuan hartuta. Bihar eta etzi tenperaturek gora egingo dute, eta Euskalmetek alerta naranja ezarri du asteazkenerako. 

Erakundeak jakinarazi duenez, "tenperatura altuek ondorio kaltegarriak eragin ditzakete osasunean, lehendik zeuden gaixotasunak larriagotuz". Hori dela eta, tenperatura altuek osasunerako dituzten arriskuak zeun diren jakinarazi du: "Deshidratazioa, intsolazioa edo bero-kolpea". 

Honako hauek dira Azkoitiko Udalak herritarrei emandako gomendioak: 

"Deshidratazioa saihestu: 

• Ura eta likidoak maiz edan, egarri izan arte itxaron gabe.
• Saihestu kafeinadun edariak, alkoholdunak edo azukre asko dutenak. Ez dute egarria baretzen eta deshidratazioa errazten dute.
• Entsaladen, barazkien eta fruten kontsumoa handitu, izerdiagatik galtzen diren gatz mineralak leheneratzeko.
• Saihestu janari koipetsuak eta ugariegiak, berora egokitzea zailtzen baitute.

Berotik babestu: 

• Eguerdiko orduetan eguzkia saihestu. Ez jarri inoiz eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
Eguzkitik babestu, kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzkitako krema erabiliz.
• Erabili arropa arina, zabala eta izerditzen uzten duena.
• Saihestu jarduera fisiko bizia bero handieneko orduetan. Jarduera goizeko lehen orduan edo arratsalde amaieran programatu. Zeharkaldiak edo mendi-ibiliak eginez gero, eguraldiaren iragarpena kontsultatu eta ur-hornidura nahikoa dela ziurtatu.
• Osasun-langileekin kontsultatu tenperatura handiekin zerikusia duten eta ordubete baino gehiago luzatzen diren sintomak agertutakoan (ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa, zorabioa…).

• Bero gutxien egiten duten uneak aprobetxatu gelak aireztatzeko eta freskatzeko. Leihoak eta pertsianak itxita eduki tenperaturak altuak direnean.
• Eguneko ordurik beroenetan, saihestu beroa sortzen duten makinak eta aparatuak erabiltzea.
• Haizagailuak erabiltzeak barrualdeak freskatzen laguntzen du.
• Bero handia nabaritzen bada, komeni da gorputza ur freskoarekin freskatzea, batez ere aurpegia eta eskuak.

Pertsona zaurgarriak zaindu: 

•Beroaren ondorioz edozein pertsonak arazoak izan ditzakeen arren, arreta berezia jarri behar zaie haurtxoei eta adingabeei, emakume haurdunei eta bular-emaileei, bai eta adineko pertsonei eta gaixotasunak dituztenei ere.
• Inork ez du inoiz geratu behar aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean, nahiz eta itzalpean egon; batez ere adingabeek, adinekoek edo gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek.
• Adineko pertsonek, batez ere bakarrik bizi direnek edo mendekotasuna dutenek, zailtasunak izan ditzakete babes-neurriak hartzeko; beraz, komenigarria da, gutxienez, egunean behin bisitatzea.
•Larrialdi kasuan, deitu 112 zenbakira".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide