Miguel Diaz: "Pribilegiatu bat sentitzen naiz Realeko ordezkaria izateagatik"

Andoni Elduaien 2023ko ira. 6a, 08:48

Miguel Diaz, Realeko gizonen lehen taldeko delegatua. (Andoni Elduaien)

Realeko delegatua da Miguel Diaz azkoitiarra. Imanol Alguacilekin eta Mikel Labakarekin batera egin zuen bidea Reala B taldetik Realera, eta guztien artean futbolaren goreneko mailetara eraman dute talde txuri-urdina. Bere lanbideaz, eginkizunez eta Realean izandako bizipenez hitz egin du Diazek.

Realean bide luzea eginda, talde txuri-urdinaren gizonen lehen taldeko delegatua izatera iritsi zen duela urte batzuk Miguel Diaz (Azkoitia, 1969). Urte gutxian asko lortu du Diazek; izan ere, Realaren urterik oparoenak taldearen lehen lerroan ari da bizitzen. Futbolaren goi mailan lan egiteaz eta urte hauetan guztietan bizi izandakoez aritu da azkoitiarra.

Badira urte batzuk Realera batu zinela. Noiz hasi zinen Realean lanean?

18 urte nituenean hasi nintzen Realaren harrobian lanean. Nirekin jarri ziren harremanetan Realaren eta Gipuzkoako eskolen arteko lotura sendotuko zuen proiektu bat martxan jartzeko. Bi aldeen arteko bitartekari lanak egiteko, zortzi pertsona kontratatu zituen klubak, eta bakoitzak bailara baten ardura hartu zuen. Niri Urola Kostan aritzea egokitu zitzaidan, bai gertutasunagatik, bai ezagutzagatik; izan ere, Floreaga ikastetxean eskola kiroleko begiralea izan nintzen lau urtez. Oraindik orain, Floreagako guraso batek gogorarazi egiten dit beraiek fitxatu nindutela eskola kiroleko talde hura zuzentzeko, eta han aritzea bultzada bat izan zela egun nagoen lekura irits nendin.

Reala B taldeko delegatua izan zinen lehen taldera jauzia egin aurretik.

Realeko haurren eta kadeteen mailako teknikaria izan nintzen aurrena, eta gero, Ohorezko Mailako Gazte Mailako taldean bi-hiru denboraldi egin nituen delegatu bezala. Profesional mailako futbolerako jauzia, berriz, duela zazpi denboraldi egin nuen. Reala B taldean hiru denboraldiz aritu nintzen delegatu lanean. Besteak beste, Imanol Alguacilekin, Mikel Labakarekin, Jon Ansotegirekin, Aitor Zulaikarekin eta Oier Agirrezabalagarekin ibili nintzen han. Imanolek eta Mikelek Reala zuzentzeko erabakia hartu zutenean, Roberto Olabe Realeko kirol zuzendariak lehen taldeko delegatu postua eskaini zidan. Pentsatu gabe onartu nuen eskaintza.

Zer ezaugarri behar ditu futbol talde bateko delegatuak?

Funtsezkoa da kluba ondo ezagutzea eta taldeak parte hartzen duen txapelketen araudiak nahiz estatutuak behar bezala menperatzea. Zuhurtziaz jokatu behar da lanpostu honetan.

Lan asko egin beharko da Reala bezalako klub batean. Zein dira zure eginkizunak?

Asko dira delegatu batek egin behar izaten dituen lanak. Batetik, garrantzitsua da jokalariek edota entrenatzaile taldeko kideek izan ditzaketen premia guztiei erantzutea; horien beharrak kirol arlokoak izan daitezke edo ez. Bestetik, klubaren bidaia agentziarekin koordinatu behar izaten da bidaien logistika guztia, hala nola hotelak, charterra, ibilgailuak, segurtasuna eta ordutegiak. Era berean, diziplina kontrol zehatza egin behar izaten da astero. Horregatik da garrantzitsua txapelketen araudiak menperatzea eta lehiaketen zirkular guztiei erantzutea.

Zein da zure lanak duen alderdirik ederrena?

Gustukoa dudan horretan, nire kasuan futbolean, lan egiteak ematen didan poztasuna da politena. Futbol klub batean lan egiteko zortea dut, eta horrenbeste urte Realean daramatzagunontzat, paregabea da Realeko kide izatea; are gehiago, azken denboraldietan bizitzen ari garenarekin. Ikaragarria izan da titulu bat irabaztea, Europako txapelketetara sailkatzea eta taldearen harrobian entrenatzeko aukera izan dudan jokalarien hazkundea ikustea.

Eta zailena?

Kontrara, zaila da lan honek eskatzen duen ardurari erantzutea. Familiarekin nahiz lagunekin ezin izaten dut denbora asko igaro; izan ere, denbora asko pasatzen dugu etxetik kanpo.

"Horrenbeste urte Realean daramatzagunontzat paregabea da Realeko kide izatea"

Epaileekin harreman zuzenena duen klubeko ordezkaria zu zara. Epaile bakoitzak lana kudeatzeko modu desberdina izango du, ezta?

Antzekoak dira epaile gehienak. Teknikoki parekoak dira guztiak, nahiz eta partidako une jakin batzuetan bakoitzak bere erara interpreta dezakeen jokoa.

Zer-nolako harremana duzu futbol epaileekin?

Oro har, harreman adeitsua dut. Etxean jokatzen dugun partidetan haien lana errazten eta dituzten behar guztiei erantzuten saiatzen naiz estadiora iristen direnetik joaten direnera arte. Etxetik kanpoko partidetan ere berdintsu jokatzen dugu, baina bestelako maila batean.

Pandemia garaian traba eta zailtasun asko izan ziren. Nola eragin zuen egoera hark zure lanean eta taldearen egunerokoan?

Pandemia erokeria handi bat izan zen, oso gogorra, guretzat berria zen zerbaitekin topo egin baikenuen. La Ligak eskatutako kontrolei erantzuteko, Javier Barrera Realeko medikuaren eta bion artean kudeatu behar izan genuen guztia. Egunero, kontrol zorrotz bat igaro behar izaten zen testekin; izan ere, La Ligako ikuskatzaile batek testen emaitzen berri ematen zion egunero bere sailari. Entrenamenduak banaka edo talde txikietan egin behar izaten genituen, aukerarik ez zen izaten elkarrekin dutxatzeko eta jateko, eta murrizketa handiak izan genituen edozein jardueretarako. Halaber, asko zaildu zitzaigun bidaien logistika, eta estadioetako edukiera mugak ere jasan behar izan genituen. Tentsio handiko garaia izan zen.

"Beti gogoratuko dut Errege Kopako finalaren bueltan gertatu zen guztia"

Urte gutxi daramatzazu Realaren lehen taldean, baina azken urteek askorako eman dute. Ba al duzu anekdota berezirik?

Pandemiak askorako eman zuen, baina albo batera utzita, Espainiako Errege Kopako finala dut gogoan. Txapeldun izan ginenez, nire futbol hastapenei keinu bat egiteko baliatu nuen momentu hura, ospakizunean Anaitasuna futbol taldearen bufanda jantzita.

Diaz Realaren autobusera igotzen. (Utzitakoa)

Realak Errege Kopa irabazi zuenekoa al da zure unerik gogoangarriena?

Zalantzarik gabe. Beti gogoratuko dut final haren bueltan gertatu zen guztia: Zubietatik finalera abiatu ginenean zaleek egin ziguten agurra, finaleko partida, Imanolek prentsaurrekoan realzale guztientzat egin zuen keinua, taldeak hotelean egin zuen ospakizuna edo jarraitzaileek Hondarribiko [Gipuzkoa] aireportuan egin ziguten harrera. Dena den, badira beti oroituko ditudan beste une berezi batzuk ere, hala nola Reala B taldetik lehen taldera eman nuen pausoa, Realak Errege Kopako final laurdenetan Madrilgo Bernabeu zelaian irabazi zuenekoa eta Europa League txapelketan Manchesterren [Ingalaterra] lortutako garaipena.

Txapeldunen Ligan arituko da Reala datorren denboraldian. Europako zelairik handienetan aritzeko aukera izango duzue.

Luxu handia izango da talde handien aurka jokatzea. Nork esango zidan niri! Era berean, erantzukizun handia da. Hala eta guztiz ere, talde hau prest dago Txapeldunen Ligako multzokako fase ona egiteko, partida guztiak lehiatzeko. Entrenatzaileak dioen bezala, ikusiko dugu zer egiteko gai garen.

Sarri bidaiatu behar izaten da futbolean, zer esanik ez Reala bezalako talde batean. Gogorra egiten al da astero-astero bidaiatzen ibiltzea?

Azken denboraldietan Europako txapelketak jokatzen ari da Reala, eta datorrenean ere berdin jarraituko du. Ez zait gogorra egiten bidaiatzea, nahikoa onartuta dut-eta nire lanaren parte dela.

Alguacil entrenatzaileak mailarik gorenean jarri du berriro Reala. Nolakoa da Alguacil?

Imanol gure liderra da, gure erreferentzia, Realak duen estandarterik handiena. Gutako bakoitzaren bertsiorik onena ateratzen du. Oso zorrotza da bai bere lanean, bai besteekin, baina, aldi berean, oso gertukoa da. Exijentzia horri esker, taldea gero eta lehiakorragoa da.

"Plazera da azken urteetan Igor [Zubeldia] futbolari bezala hazten ikustea"

Alguacilen eta zure arteko koordinazioa funtsezkoa izango da taldearentzako. Zein hartu-eman duzu entrenatzailearekin?

Harreman estua dugu. Gure arteko komunikazioak argia eta zuzena izan behar du une oro. Ondo informatuta egon behar izaten dut, batik bat talde guztiari eragingo dioten erabakiak hartu behar izaten ditudanetan.

Taldekide bat gehiago zara. Eroso sentitzen al zara duzun karguan?

Pribilegiatua sentitzen naiz azken denboraldietan hainbeste kirol balentria lortzen ari den talde honen ordezkaria izateaz.

Realaren mutilen taldeak jo al du bere goia?

Ez. Jokin Aperribaik, Roberto Olabek eta Imanol Alguacil berak Realak hazten jarrai dezan egiten dute eta egingo dute lan. Talde gaztea da, eta guztiak ari dira erakusten denboraldiz denboraldi hobeto lehiatzen dutela taldean. Gainera, taldea Europako txapelketen esperientzia irabazten ari da.

Zeu ere futbol jokalaria izandakoa zara gaztetan. Besteak beste, Reala B taldean jokatu zenuen urtebetez. Nolakoa izan zen zure futbol jokalari garaia?

Betidanik gustatu izan zait futbola. Oso urte oparoak izan ziren bai kirol arloan, bai pertsonalean; izan ere, pertsona bezala hazten lagundu zidaten urte haiek. Gainera, talde askotatik igaro nintzenez, jende asko ezagutzeko aukera izan nuen; oso oroitzapen onak ditut gordeta, eta oraindik orain harreman ona izaten jarraitzen dut taldekide izan nitudan guztiekin. Halere, erronka handia izan da futbola nire lanarekin uztartzea.

Beste azkoitiar bat ere bada Realean: Igor Zubeldia. Zentzu horretan, taldeko jokalaririk bereziena al da zuretzat Zubeldia?

Zalantzarik gabe. Igor eta biok azkoitiarrak izatea ez da bion artean dugun lotura bakarra. Realaren harrobian lan egin nuen garaikoa da hura, eta maitasun berezia diet belaunaldi hartako kide guztiei. Benetako plazera da niretzat azken urteetan Igor futbolari gisa hazten ikustea. Berak eta Robinek [Le Normand] ligako erdiko atzelari bikoterik onena osatzen dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide