Erretratua

Juan Ramon Alberdi: "Istripua izan ez banu, ez nintzen idazten hasiko"

Naia Arrizabalaga 2023ko abu. 25a, 11:31

Juan Ramon Alberdiren erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

Juan Ramon Alberdi idazlea da. 46 urte zituela, istripu bat tarteko, bizkar muineko lesioa izan zuen. Mediku batek gomendatuta hasi zen idazten. Hasieran, eskuak lantzeko erabiltzen bazuen ere, gerora lehiaketetan parte hartzen hasi zen. Ipuin laburren zein aforismoen lehiaketetan aritzen da egun azkoitiarra.

Juan Ramon Alberdi (Azkoitia, 1960) 15 urterekin hasi zen lanean, behin ikasketak utzi eta gero. 2007an ordea, bizitza aldatu zitzaion. Aldamio batean istripu bat izan zuen, eta bizkar muineko lesioa eragin zion hark. Zenbait hilabetez ospitalean egon ostean, errehabilitazio fisikoko zein terapia okupazionaleko saioekin hasi zen Gurutzetako ospitalean. Gorputz guztiari eragin zion lesioak, baina batez ere hankei eta besoei. Hala ere, horri aurre egin zion azkoitiarrak: "Errehabilitazioan berriz idazten ikasten ahalegintzen ginen".

Ordea, idaztea ez zuen saio haietara mugatu azkoitiarrak: "Bertako fisioari esaten nion idatziko nuela etxean eta hango makinak erabiliko nituela saioetan, azken haiek ez baineuzkan etxean". Fisioak, ordea, "guztiek berdina" esaten ziotela erantzun zion azkoitiarrari. Halere, etxean idazten zuena berari erakutsiz gero, etxean idazten utziko ziola hitz eman zion Alberdiri.

Horrela hasi zen idazten azkoitiarra: "Denbora asko izaten nuen etxean libre nahiz ospitalera bidean, eta denbora hori ipuin laburrak zein poesia ahalegin batzuk idazteko baliatzen nuen". Orduan, etxean idatzitako ipuin bat erakutsi zion behin fisioari, eta hark ipuina lehiaketaren batera aurkeztuz gero sariren bat irabaziko zuela erantzun zion.

Gaztea zenean izan zuen lehen hartu-emana sormenarekin azkoitiarrak: "Errebalean bertso lehiaketa egiten genuen, eta han aritzen nintzen". Hala ere, argi dauka istripua izan ez balu, ez litzatekeela idazten arituko: "Istripua izan ez banu, azken aukeratzat ikusten nuen neure burua idazle gisa hartzea".

15 urterekin ikasketak utzi zituen Alberdik: "Nik eskolara joateari utzi nion garaian, artean bizirik zegoen Franco". Ordutik lanean bazebilen ere, lesioaren eraginez ezin izan zion lanbideari eutsi. Hori horrela, medikuek alta eman ziotenean, Azkoitiko AEKn eman zuen izena; urtebeteren buruan atera zuen EGA titulua. Halaber, bere emaztea 25 urtetik gorakoen unibertsitatera sartzeko proba prestatzen ari zela aprobetxatuz, unibertsitatera joateko asmorik gabe, bera ere probarako prestatzen hasi zen.

Probarako prestatu bakarrik ez; azterketara ere aurkeztu zen gero azkoitiarra: "Proba gainditu egin nuen, eta nire usteen aurka unibertsitatean sartzea erabaki nuen". 50 urterekin sartu zen unibertsitatera Alberdi, eta Gizarte Antropologian graduatu zen.

Labur bezain sakon

Alberdik unibertsitateko lehen ikasturtea amaitzear zuela, irakasle batek Oihenart aforismo lehiaketaren berri eman zion, eta uda hartan bertan irakurri zuen aurrenekoz aforismoen liburu bat. Hori horrela, aforismoak idazten hasi zen bere kabuz: "Hasieran 60 bat aforismo idaztea zen helburua, baina, gerora, kantitateaz gain kalitatea ere eskatzen hasi nintzen neure buruari". Idatzitakoa landu, lehiaketan parte hartu eta "espero gabe" aipamen berezia egin zioten 2013. urtean. Orduz geroztik, urtero eman du izena azkoitiarrak lehiaketan, eta ia urtero eskuratu du sariren bat.

Oihenart aforismo lehiaketa da Alberdiren arabera euskaraz dagoen lehiaketa "bakarra". Hala arrazoitu du hark esana: "Hemen inguruetan ez dago horrelako beste lehiaketarik, nahiz eta gazteleraz badiren beste batzuk". Ordea, azkoitiarrak lanak euskarazko lehiaketara aurkeztu izan ditu soilik.

Aforismoak modu laburrean azaltzen diren pentsaerak dira. Azkoitiarraren hitzetan, aforismoen kontuak bere buruaren "alde ezezagunetariko bat" ezagutzeko aukera eman dio. Gaur egun aforismoak idazten jarraitzen badu ere, argi dauka idazteko derrigortasuna kentzen diola lehiaketaren batera aurkezteko asmorik gabe jarduteak.

Aforismoak idazterakoan ez dago metodo zehatzik, eta horregatik, desberdina da bakoitzaren sortze prozesua: "Batzuk okurritu ahala idazten ditut; beste batzuk, berriz, denbora gehiago eskatzen didate". Halere, guztiak "barrutik" sortuak dira Alberdiren hitzetan. Idazle azkoitiarrarentzat oinarrizkoa da ezagutza batzuk izatea, baina ezagutzez gain, erregistroek ere "pisu handia" izan ohi dute, batez ere ulermenari dagokionean. Dena den, idazterakoan bi kontu izan ohi ditu azkoitiarrak helburutzat: beti publikoari sorpresa eragitea eta idazten gozatzea. "Aforismoa lorategi batean buelta bat ematea bezalakoa da niretzat".

Herriko lehiaketan aritua

Aforismoak idazten gustura aritzen bada ere, ipuin laburretan ere aritu izan da azkoitiarra. 2012an, istripua izan ostean, etxean idatzitako ipuin bat euskaratu eta jantzi zuen, Azkoitian antolatzen den Bizenta Mogel ipuin laburren lehiaketara aurkezteko. Gainera, bigarren saria lortu zuen orduan. Harrezkero, lehiaketa horretarako ipuin bat idaztea Alberdiren "urteroko helburuetako bat" izan da.

Alberdirentzat "oinarrizkoa" da Bizenta Mogelena bezalako lehiaketa bat herrian bertan izatea: "Lehiaketarik ez balego, ez nintzen inolaz ere idazten hasiko". Bere hitzetan "behar-beharrezkoak" dira lehiaketak: "Lehiaketa batera aurkezten zarenean, badakizu norbaitek lan hori irakurriko duela hura ebaluatzeko; horrek ahalik eta ondoen idaztera behartzen zaitu".

Umoretik baino "dramatik gehiago" jotzen du Alberdik ipuin laburrak idazterakoan. "Bizenta Mogel lehiaketaren sari banaketa ekitaldi batean ere esan zidan epaimahaikide batek oso dramatikoa naizela". Ipuinen egiturari dagokionean, berriz, intriga mantendu eta amaieran ezusteko bat ematen saiatzen da. "Ipuina edozein gairi buruzkoa izanda ere, idazten hasterako amaierako sorpresa mamituta edukitzen saiatzen naiz, nondik eta nora joan jakiteko".

Etorkizunera erreparatuta, Alberdik argi dauka zer nahi duen: "Aforismoen liburu bat idaztea gustatuko litzaidake, baita eleberriren bat idaztea ere". Eginkizun horiei heldu aurretik, ordea, ikasketak amaitzea du helburu azkoitiarrak. Hala ere, "oinarrien falta kudeatu beharra" azpimarratu nahi izan du.

Motzean

  • Adina: 63 urte.
  • Ikasketak: Gizarte Antropologia eta Antropologian masterra.
  • Lanbidea: Doktoretza tesia egiten.
  • Idazlea ez banintz… Fisikoki horren baldintzatuta nagoenez, nire burua ez dut beste arloren batean ikusten.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… Ez daukat zerbait zehatza egiteko joerarik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide