Ibon Guridi: "Lan asko egiten den kluba da ISB, ez da geldirik egoteko sortua"

Julene Frantzesena 2023ko abu. 4a, 09:33

Ibon Guridi ISBko kirol zuzendaria, Azpeitiko kiroldegiaren atarian. (ISB)

Klubean ez da berria, baina bai Iraurgi Saskibaloi Taldean beteko duen postuan. Ibon Guridi (Azpeitia, 1992) jokalari ohia da Azpeitiko eta Azkoitiko taldeko koordinatzaile berria. Jose Luis Zubizarreta Xubik utzitako postua "ilusioz" hartu du azpeitiarrak, eta erronkarik ez du falta. Taldeekin egiten ari diren formazio lanean sakontzea eta lehen bi taldeak dauden mailetan egonkortzea ditu xede.

Iraurgiko kirol zuzendari berria zara. Zer moduz kargu berrian?

Kirol zuzendari baino koordinatzaile deituko nioke postuari, denetarik egin behar izaten delako ISBn eta ez delako dena kirolari lotutakoa izaten; bulegoko lanak egin behar dira, kirolarekin lotutakoez gain. Lehen ere klubean sartuta nengoen, formazio arloan jarduten nuen koordinazio lanetan, entrenatzaile lanetan ere aritzen nintzen, eta orain [Jose Luis Zubizarreta] Xubik egiten zituen beste gauza batzuk ere egin beharko ditut. Gustura nago, inguruan jende asko eta oso ona baitaukat laguntzeko; edozein zalantza izanda ere, badakit zenengana jo. Jendea laguntzeko prest agertu da, eta ilusioz eta gogoz nago.

Nolatan hartu duzu koordinatzaile postu hori?

Prozesu natural bat izan da, eta era berean, azkarra. Egunerokoan Xubirekin kontaktuan egoten nintzen, eta neu izango nintzen, beharbada, klubaren eguneroko funtzionamenduaz gehien zekiena; izan ere, gaztetxoen taldeekin ez ezik, lehen bi taldeekin ere kontaktua izan dut azken urteetan. Xubik Gipuzkoa Basketera joatea erabaki izana eta nik ISBko kargua hartzea bat etorri ziren; hau da, nire burua ez nuela koordinatzaile kargua ikusten esan izan banio, Xubi ez zatekeen joango Gipuzkoa Basketera. Ikusten nuen jendea niri laguntzeko prest zegoela, eta gainera, gauzak ondo egiteko gogoa duen jende berria ere sartu da klubera. Horregatik onartu nuen kargua.

Zein izango da zure egitekoa?

Aurreko denboraldian, lehen taldeko jokalaria nintzenez, harrobiko taldeen koordinazioaz eta taldeen entrenameduez arduratzen nintzen. Horrez gain, kantxen, entrenamenduen eta partiden ordutegiak eta gorabeherak koordinatzen ere aritzen nintzen. Norbait falta bazen eta epaile lanak egin behar baziren, hori ere egiten nuen. Denetarik egiten nuen. Orain, ja jokalari ez naizenez, lehen bi taldeen antolaketan sartuko naiz, nahiz eta lehen egiten nituen lanekin ere segitu beharko dudan. Bestalde, arlo ekonomikoaren kudeaketan ere jardungo dut. Irailetik aurrera lankide batek lagunduko dit gauza horietan. Egunerokoan lan pila bat egoten da egiteko, eta horiek aurrera atera beharko ditut. Gainera, datorren urtean ISBren 50. urteurrena izango da, eta askotariko gauzak egitea nahi dugu. 

Eta zein dira datorren denboraldira begira dituzuen helburuak?

Taldeekin formazio arloan egiten ari garen lana sendotzea da lehen helburua. Horretan hasita gaude aurreko urtetik, eta uste dut lana ondo ari garela egiten. Datorren urtean, beharbada, ISBk bere historian izan dituen jokalari gehien edukiko ditu, eta horrek lan handia eskatzen du; izan ere, entrenatzaile aldetik-eta nahikoa justu gabiltza horri erantzuteko. Bestalde, lehen bi taldeak dauden mailetan egonkortzea nahiko nuke. Mailaz jaisteak ez du esan nahi hurrengo denboraldian ondo ibiliko zarenik; izan ere, hiri handietako taldeen kontra aritzen gara, eta goiko mailetan justu eta behekoetan ere justu aritzen gara gu aurrekontuei dagokienez.

Mailaz jaitsi da gizonen lehen taldea; LEB Ligan ariko da. Nola ikusten duzu denboraldia?

Gizonak Urrezko LEB Mailan egon dira, izugarrizko denboraldia egokitu zelako, baina estrukturalki ez da ISB maila horretako talde bat; agian, ezta Zilarrezko LEB Mailakoa ere. Izan ere, maila horretan Espainiako hirietako taldeak aritzen dira. Dena den, azken hamarkadan Zilarrezko LEB Mailan aritu da gizonen lehen taldea, eta hor jarraitzea nahiko nuke. Ea ondo ateratzen den denboraldia.

Emakumeen lehen taldea ere mailaz jaitsi da. Zer aurreikuspen dituzu denboraldi berrirako?

Emakumeak Challenge Ligan aritu dira, eta oso gogorra izan zen jaitsira, azken partidan erabaki zelako dena. Baina tira, emakumeen taldea ere dagokion mailan egonkortzea nahi dut. Etxeko jokalarien bloke indartsua dauka taldeak, maila ondo ezagutzen dute horiek, eta partida denetan lehiatzea da helburua. Ondo ateratzen dela denboraldia? Oso ondo. Gaizki ateratzen dela? Saiatuko gara konpontzen.

Taldeak osatzen ari zarete. Zer moduz?

Bi taldeak ari gara osatzen: emakumeena eta gizonena. Etxeko jokalarien bloke sendoa izango dute bi taldeek, Gipuzkoako jokalariak ere izango dira tartean, eta horiez gain, hemen aurkitu ezin diren ezaugarri fisikoak eta teknikoak dituzten jokalariak fitxatzen saiatzen ari gara. ISBri asko kostatzen zaio fitxaketak gauzatzea, jokalariek talde handiagoetara joatea nahi izaten dutelako hasiera batean. Oraindik baditugu postu batzuk finkatzeko, baina lehenago edo beranduago iritsiko zaigu guri ere jokalariren bat edo beste fitxatzeko aukera.

Harrobia indartsu du ISBk. Hori mantentzen ahaleginduko al zara?

Bai. Harrobiarekin lan ona egiten ari garela uste dut, baina beti hobetu daiteke, eta horretan ahaleginduko gara. Helburu desberdinak dituzten jokalariz osatutako kluba da ISB: batzuk ondo pasatzeko aritzen dira saskibaloian, beste batzuk anbizio gehiagorekin jarduten dute, beste batzuk pauso handiak eman nahi dituzte... Denei eman nahi diegu saskibaloiaz gozatzeko aukera, baina denentzako helburu bera dugu: beti pauso txiki bat aurrera eman dezatela, ez teknikoki soilik, balioei dagokienez ere bai.

ISB barrutik ezagutzen duzu, aurreko denboraldira arte jokalaria izan baitzara. Zer du berezi Iraurgik?

Gauza asko, arlo desberdin askotan. Lan asko egiten den kluba da, ez da geldirik egoteko sortua. Baliabideak aurkitzeko mila gauzatan sartzen da taldea; garagardo festa, campusa, ekitaldiak, zozketak, bazkidetza kanpaina... Jendeak proiektuan sinetsi egiten du, boluntarioz osatuta dago ISB, eta horiek laguntzen dute kolaboratzen ari direla sentitzen dutelako. Horrez gain, baina, klub txikia izanik, edozeri aurre egiteko gai den kluba dela erakutsi du ISBk, eta horrek ere egiten du berezi. Azken urteetan zortea izan dugu, emakumeen eta gizonen goi mailako saskibaloia ikusi ahal izan dugulako Azpeitian eta Azkoitian, eta ikusi da edozeini aurre egiteko gai izan dela taldea bere txikian. Horrek indarra eta ilusioa zabaltzen ditu jendearen artean. Bestalde, gertuko kluba da ISB, betikoa, balioetan hezteko esfortzua egiten duena, eta hori baloratu egiten da.

DNA eta filosofia argi dituen kluba dela esana duzu. Zein dira ezaugarriak?

Orain arteko lana egiten jarraitzea eta pixkanaka pausoak aurrera ematea dira klubaren filosofiaren ardatzak. ADNtzat hartuko nuke, berriz, etxeko jokalariekin egiten den blokea; izaera handikoa, asko transmititzen duena, langilea, saiatua... Beheko taldeek ispilutzat hartzen dute etxean duten goi mailako saskibaloia, eta hori ederra da. Zortea dugu goiko bi taldeak maila horietan egotearekin, talde horietan aritzen diren izugarrizko erreferenteak baititugu herrian. Aipatzekoak dira, jokalari bezala ez ezik, pertsona bezala eta taldeetarako zoragarriak diren Yerai Aizpitarte, Manex Antsorregi, Intza Lizarazu, Alazne Lizundia... Eta orain Maria Otaegi ere lehen taldean ariko da. Asko laguntzen dute kirolari horiek taldeetan, langileak dira, eta jokalari horiek harrobiko jokalarien ispilu izatea ederra da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide