Filmzaleen izar azpiko gaua

Erredakzioa 2023ko abu. 15a, 13:11

Film laburren emanaldiak jendetza elkartu ohi du plazan. (Artxiboa)

Film Laburren Lehiaketak XI. edizioa beteko du, eta astearte gauean plazara gerturatzen direnek sei lan ikusteko aukera izango dute. Gehienez, hamabi minutuko iraupena duten lanak izango dira ikusgai, euskarazkoak, originalak eta inon saritu gabekoak. Maxixatzen da aurtengo lehiaketarako hautatu duten gaia.

Udako zinema emanaldiek opor usaina izan ohi dute: udako egun luze eta beroak, pipa-hotsa, izarren azpiko gau freskoak... Eta Azkoitiko plazak sentipen horiek guztiak sortzen dizkie azkoitiarrei abuztuaren 15an. Gauaren iluntasunean, izarrak agerian direla, pantaila handi bat eta zortzi film labur. Aire libreko udako zinema saioen ohitura zaharrak Azkoitira itzultzen dira gau batez, herriko plaza goraino betez.

Aurtengoa Azkoitiko Film Laburren Lehiaketaren XI. edizioa izango da, eta Andremari eguneko gauean plazara gerturatzen diren herritarrek sei lan ikusteko aukera izango dute; gehienez hamabi minutuko iraupena duten lanak izango dira, euskaraz eginak, originalak eta inon saritu gabekoak. Maxixatzen da aurtengo lehiaketarako hautatu duten gaia, eta Kultura Saileko ordezkariek adierazi dutenez, "bi ikuspegi posible" ditu gaiak: "Maxixatzen elkartea edo aldizkaria ala maxixatzen hitzaren esanahia".

Aurtengo parte hartzaileen artean da Hautz lokala. Kuadrilla horretako kideek 2019. urtetik parte hartzen dute Andre Maria jaietako Film Laburren Lehiaketan, eta "kasualitatez" hasi baziren ere, "gustukoa" zaien zerbait dela onartu dute. Urtez urte, gainera, ikasten ari dira Hautz lokaleko kideak: "Hobeto antolatzen gara urtetik urtera. Gaia aurkezten dutenean, ideiak biltzen ditugu, eta gero, bi lagunen artean pentsatzen dugu ideiaren garapena eta gidoia. Horren ondoren, talde osoari erakusten diogu proposamena, ados dauden edo ideia gehiago dauden jakiteko. Denon artean borobiltzen dugu ideia, eta grabaketarekin amaitzen dugu prozesua".

Aurtengo lanaren grabaketa uztailean bukatu zuten, baina ez dute ezer aurreratu nahi izan. "Hasieran gai oso itxia zela pentsatu genuen, baina egia esan, aukera asko ematen dituela ohartu gara; hedabidea, elkartea, hitzaren esanahia... Arlo jakin batetik heldu diogu gaiari, eta egia esan, oso gustura gelditu gara egindakoarekin. Azkoitiarrek hilaren 15ean ikusi ahalko dute; ea haien gustukoa ere baden".

Abuztuaren 15eko gauean azkoitiarrek faltan sumatuko dute Txintxarri lokala. Izan ere, orain arteko ia edizio guztietan parte hartu ondoren, aurten ez dute lanik aurkeztu. Parte hartu soilik ez, Txintxarri lokaleko kideek urte askotan irabazi izan dute lehiaketa. Hala ere, taldeko kideen asmo nagusia ondo pasatzea izan da beti: "Oso ondo pasatu izan dugu beti bideoak grabatzerakoan. Gero jendeari gustatu izanak poza ematen du, eta, era berean, hurrengo urtean berriro parte hartzeko nahia pizten du. Festetan edozer egiteko gai ere bagara kuadrillan..., eta horrela aritu gara urteetan".

Film laburra prestatzeko lana kuadrilla osoaren ardura zela azaldu dute. "Astakeria bat bestearen atzetik botatzen genuen, eta horrela irteten zen ideia". Ondoren gidoia egiten zuten, eta bakoitzak bere papera hartzen zuen; batzuek aktore lanak, besteek grabaketak eta edizioa.

Urteetan eman ditu lanak fruituak, behin baino gehiagotan irabazi izan dutelako lehiaketa. Haien hitzetan, "pozik eta gustura" hartu izan dituzte sariak, baina horrek bere alde txarra ere baduela aitortu dute; beren buruari sartu izan dioten presioa. "Urtero lan hobea egin nahi izaten duzu, jendeari gustatzen jarraitzeko, eta horrek lan gehiago hartzera bultzatzen zaitu. Iaz, adibidez, bi aste igaro genituen filma egiten, oso gogorra egin zitzaigun. Hori kontuan hartuta, eta plan desberdinak tarteko, aurten ez gara parte hartzera animatu", esan dute.

Koldarrak taldearen atzean dago, berriz, Koldo Campos. Hark lehen edizioan parte hartu zuen aurrenekoz, eta oraindik gogoan du orduko hartan bi taldek soilik eman zutela izena. Gaur egun parte hartzea "egonkortuta eta finkatuta" dagoela ikusita –urtero zortzi talde inguruk parte hartzen dute–, "pozik" agertu da: "Ikaragarria da lehiaketak zenbat pertsona biltzeko ahalmena duen ikustea. Bi talderekin hasi zen egitasmoa, eta orain plaza betetzen du; oso polita da hori ikustea".

Koldarrak taldea ez da urtero animatu lehiaketan parte hartzera, baina Camposek dioenez, "oso ondo" pasatzen du ideia pentsatzen eta grabatzen. Bereziki gogoan du Itsaso eta Haizea alabekin egindako filma saritu zuten urtea: "Oso pozgarria eta hunkigarria izan zen niretzat epaimahaiak alabekin egindako lan hura saritu izana".

Aurtengo lana prest dute jada, eta hilaren 15ean erakutsiko dute: "Maxixatzen komunikabidearen ingurukoa da filma, eta sinplea baina polita gelditu da".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide