Herritarrek aurten ere beteko dute plaza herri bazkarirako, eta adin eta gustu anitzetako herritarrak izango dira bertan. 16 urteko herritarren kuadrillak izango dira lehen aldiz bazkarian, baita urte luzez hitzordura hutsik egin ez duten herritarrek osatutakoak ere. Denek dute lekua Azkoitiko plazan, eta horietako kuadrilla batzuekin hitz egin du Maxixatzenek.
Txanpaña lokaleko kideak 16 urterekin hasi ziren herri bazkarira joaten, adin horretara iritsi zirenean, "lehenago tranpa eginda joan ez baginen behintzat...", diote txantxetan. Ordutik, urtero- urtero izan dira abuztuaren 18ko bazkarian, hutsik egin gabe, eta halaxe jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute. Izan ere, otorduaren bueltan sortzen den giroa eta adin desberdinetako herritarrak elkartzea gustuko dituzte: "Azkoitiarrak elkartzen gara bazkarian, denok batera bazkaltzen dugu eta izugarrizko giroa sortzen da plazan; festa giroa izaten da nagusi. Hori bai, azken urteetan jendeak gero eta gutxiago irauten du mahaietan eserita... Baina, tira, polita izaten da!".
Aurten ere giro eder horretaz gozatzeko aukera izango dute Txanpaña kuadrillakoek, beren alkandora eta guzti: "Txikitan serigrafiatutako kamisetak janzten hasi ginen. Izan genuen geuk eskuz egindako kamisetak janzten genituen beste garai bat ere, eta azken urteetan aurkitzen ditugun alkandora zatarrenak erosten ditugu", adierazi dute barre artean.
Seme-alabekin hasi eta...
Lukas Olaizola eta Eli Larrañaga lagunak seme-alaben aitzakian hasi ziren duela hamar urte herri bazkarira joaten. "Askotan gertatzen den bezala, umeen lagunen gurasoak elkartu eta bazkarira joatera animatu ginen. Umeak hazi egin dira dagoeneko, eta bazkarira gurekin joateari utzi diote, baina guk jarraitu egiten dugu", esan dute umorez.
Ohiturari jarraituz, lagun kuadrilla osoa alkandora berdinarekin biltzen da andremarien azken eguneko bazkarian: "Behin herri bazkarira joango ginela erabaki genuenean, alkandoraren ohitura geure egitea ere adostu genuen. Lehen urte hartarako erosi egin genuen, eta harekin jarraitzen dugu oraindik ere".
Lagun kuadrilla eguerdia baino lehen elkartzen da, soziedadean, eta hamaiketako «ederra» egiten dute denek elkarrekin: hirugiharra, txorizoa... jaten dituzte. "Eguerdirako plazara joaten gara, eta ondoren, poteo pixka bat egiten dugu. Bazkaldu aurretik sagardo botilak eskuratzen ditugu, eta plazara joaten gara, bazkaltzera. Egun polita izaten da festetako azkena, eta giro ederra sortzen da".
Maitane Alberdik eta Ihintza Arrietak ere herri bazkarian sortzen den giroa nabarmendu dute. Haien arabera, giro hori izaten den urte guztiko data bakarra izan ohi da: "Egun horretan sortzen den giroa oso berezia da. Ez da ohikoa herri guztia ekitaldi berean elkartzea, eta bazkari hori horrexek egiten du berezi, adin guztietako jendea elkartzeak".
Alberdik eta Arrietak ez dute gogoan noiz hasi ziren herri bazkarira joaten, "zaila da gogoratzea, urte asko pasatu baitira" haien arabera. Dena den, aurrenekoz, adinez posible izan zutenean joango zirela uste dute. Ordutik igaro diren hogei urte inguru horietan ez dute ia inoiz hutsik egin, izena emateko berandu ibili izan ziren urteren batean kenduta: "Plazak mugatu zituzten lehen urtean, gure kuadrilla berandu ibili zen izena ematerakoan, eta ezin izan genuen bazkarira joan. Gainontzean, kuadrillen otordura urtero joan izan garela esango nuke".
Urtero-urtero, Azkoitiko plazan bazkaltzen dute abuztuaren 18a iristen den aldiro, baina urtero- urtero ez dute taldeko alkandora jantzi. Kontu horri lotuta, kuadrillan liskar txikiak izaten dituztela onartu dute: "Urteroko eztabaida izan ohi da alkandora janztearena, eta ondorioz, urte batzuetan jantzi izan dugu, baina beste urte batzuetan ez... Azken urteetan ohitura mantentzen saiatzen ari gara, eta aurten ere jantziko dugu. Gainera, inoiz ez dugu alkandora bera errepikatu; aurtengoa izango da errepikatuko dugun lehen aldia", aurreratu dute Alberdik eta Arrietak.
Gazteenak eta helduenak
Bazkaritara joango den lehenbiziko urtea izango du aurten, berriz, Bateko Urrea deritzon lagun taldeak. Azkoitiko Udalak izena emateko eskatzen duen 16 urteko muga gainditzeko zain egon dira kuadrillako kideak, eta aurten, adin horretara iritsita, plazako bazkarian izango dira. "Ohitura eta tradizio handia da Azkoitiko herri bazkaria", eta bertan sortzen den giroa zer den bertatik bertara nahi dute probatzea. "Aurreko urteetan, kalera irteten ginenean, helduagoak ikusten genituen plazan bazkaltzen, eta guk beste nonbaitera joan behar izaten genuen. Bazkari horretan egoteko gogoa beti izan dugu, batik bat, iaz. Izan ere, aurreko urteetan, COVID-19aren ondorioz, ez zen festarik izan, baina iaz, dagoeneko parranda egin genezakeen eta beste urteetan baino gogorragoa egin zitzaigun bazkarira ez joatea".
Gogo horren adierazle da honako datu hau: kuadrillan, guztira, hogei lagun dira, eta hemeretzi izango dira plazan bazkaltzen. "Eta oporretan egongo delako egingo du huts kuadrillako lagun horrek".
Alkandora prest dute dagoeneko, azken urteetako berbera erabiltzen jarraituko dutela azaldu baitute: "Abuztuaren 18an jantziko dugun alkandora polita eta bizia izan zedin nahi genuen, eta kuadrillako kideon artean bozketa egin genuen zein erosi erabakitzeko. Bozketa bidez erabaki genuen, beraz, dagoeneko urte batzuk dituen alkandora berriz erabiltzea. Egia esan, ez dugu asmorik aldatzeko, gustura gaude daukagunarekin", jakinarazi dute gazteek.
Bazkarian izango dira herriko gazteak eta helduak. Belaunaldi desberdinen plaza bilakatuko da Azkoitikoa hilaren 18an, Kuadrillen Egunean. Hain zuzen ere, Bateko Urrea lagun taldea izango da bazkariko gazteena, eta helduenak, edo ia helduenak behintzat, Mari Pura Aranbarri eta bere lagunak izango dira; 70 eta 80 urte bitartean dituzte horiek, eta hutsik egin gabe, urtero legez, aurten ere herri bazkarian izango dira.
Urte asko daramatzate Aranbarrik eta lagunek abuztuaren 18ko bazkarira joaten. Kuadrilla horretako kideak Azkoitiko festen inguruan lan egindakoak dira, eta ondorioz, ohitura bihurtuta dute urteroko plazako zita. "Udalean lan egindakoa naiz ni, baita lagun bat ere, eta Festen Sailean lan txiki asko egindakoa. Lagun batzuk hasi ziren bazkaritara joaten, eta urteen poderioz, kuadrilla ederra sortu dugu bazkariaren bueltan".
Aranbarrik eta lagunek "oso azkoitiarrak" direla onartu dute, eta herri bazkaria «barruan sentitzen » dutela gaineratu. Gainera, ez dira geldirik egotekoak. Horren erakusle da beste hainbat saltsatan ere parte hartzen dutela. Izan ere, besteak beste, jaietan zabalik izaten den Caritasen tonbolaren antolakuntzaz beraiek arduratzen dira. "Normalean, gainera, Kuadrillen Eguneko eguerdian ixten dugu tonbola, eta ospakizun gisa hartzen dugu ondorengo herri bazkaria. Asko gustatzen zaigu Azkoitian antolatzen eta egiten diren ekintzetan parte hartzea; ahal dugun guztietan edo gehienetan parte hartzen saiatzen gara, baina adinean aurrera goaz, eta horrek zenbait ekintzatan parte hartzea mugatzen digu. Dena den, ahal dugun guztira iristen saiatzen gara oraindik ere".
Herri bazkaria da parte hartzen duten ekintzetako bat, eta aurten ere, plazan izango dira, betiko lekuan: "Hamar lagun inguru elkartuko gara, eta betiko lekuan izango gara. Izan ere, urtez urte, Portaleburuko arkupeetan jartzen gaituzte gu. Oso ondo pasatzen dugu".