Abuztuaren 14ko eguerdian jaurtiko dute jaiei hasiera emango dien suziria udaletxeko balkoitik, eta orduan egingo dute eztanda andremariek Azkoitian. Bost egunetan festa giroaz gozatzeko aukera izango dute azkoitiarrek, eta adin eta gustu desberdinetara egokitutako ekintzak izango dira egun horietan. Bada, baina, festetan ohikoa den hitzordu berezi bat: Salbea. Herritarrengan "emozio handia" eragiten duen ekintza da Salbea, herritar ugari batzen dituena, eta aurten ere, ziur aski, leporaino beteko da Andre Mariaren Jasokundeko parrokia. Hori da Salbearen magia.
Baina zer da zehazki Salbea? Errezu hitzordu bat da, otoitz bat, Ama Birjinari egiten zaion agurra. "Azkoitiko Salbea parrokian egiten da, eta han, Ignacio Busca Sagastizabalen Salbea abesteaz gain, Aita Nemesio Otañoren Ave Maria eta Ama Birjinaren Edertasuna kanta herrikoiak kantatzen dira", esan du Carlos Muñoz Parrokiako Abesbatzaren zuzendariak eta Salbearen arduradunak.
Euskal Herriko elizetan eta parrokietan abesten diren Salbearen bertsio ugari daude, baina Azkoitikoak badu berezitasun bat, Muñozek azaldu duenez: "Salbearen bertsio asko daude. Azkoitian abesten dena, baina, Busca Sagastizabalen bertsioa da, eta nik dakidanez, Azkoitian bakarrik kantatzen da hori. Abesteko oso konplexua da, zazpi ahots dituelako, eta horixe da bertsio horren berezitasun nagusiena".
Carlos Muñoz: "Oso nekatuta bukatu arren, ederra izan zen iazko esperientzia; jende ugari izaten da ekitaldi guztiak ikusten"
Azkoitian abesten denak dituen zailtasunak kontuan hartuta, uztailean ekin zieten entseguei abesbatzako kideek, eta astean gutxienez saio bat egin dute orduz geroztik. Gainera, Parrokiako Abesbatzako kideek parte hartzen badute ere, herritarrei irekia izaten da deialdia, eta horrenbestez, nahi duten herritar guztiek parte har dezakete emanaldian: "Nahi duten herritarrek Salbea abestuz parte har dezakete hitzorduan. Dena den, garrantzitsua da herritar horiek aurrez abesbatzetan ibilitakoak izatea".
Lan askoko egunak
Iazko estreinaldiaren ostean, abesbatzaren zuzendari Muñozen bigarrena izango da aurtengo Salbea. Hitzordu horren ardura Parrokiako Abesbatzaren zuzendariak izan ohi du, eta Muñoz iaztik da abesbatza horren zuzendaria. Udal Musika Bandaren zuzendaria ere bada azkoitiarra, eta hurrengo festetako egunetan lan "asko" izango duela adierazi du. Haren hitzetan, lehen hiru egun gogor dituzte aurretik; txupinazoaren aurretik hasiko dira herria alaitzen eta San Roke eguneko eguerdira arte ariko dira horretan. "Andre Maria Egunean, adibidez, ekitaldi askotan egon beharko dugu. Lehen hiru egunetan, berriz, parrokian ekitaldiak izango dira, eta horietan guztietan egon beharko dut nik. Hori bai, San Roke eguneko eguerdiko kontzertua amaituta, oporrak hartuko ditugu bandako kideok", azaldu du pozik.
Lan karga hori izateak, baina, merezi duela esan du Muñozek: "Iaz egin nituen lehen aldiz bandako eta parrokiako lanak batera, eta oso nekatuta bukatu arren, ederra izan zen; izan ere, jende ugari izaten da ekitaldi guztiak ikusten, eta ekitaldiok herritarren gustukoak direnez, gustura egiten dut lana".