"Txupinazoa botatzeak sorpresa eta ilusioa eragin dizkigu"

Erredakzioa 2023ko abu. 13a, 09:00

Artetxe, Sasieta eta Etxaniz. (Kris Fernandez)

Azkoitiko danborradak 75 urte bete ditu aurten, eta historia horren protagonistak dira Justino Sasieta (Azkoitia, 1929), Ana Etxaniz (Azkoitia, 1951) eta Xanti Artetxe (Azkoitia, 1961). Lehenbiziko danborradan parte hartu zuen Sasietak, eta Etxanizek eta Artetxek urte asko daramatzate zuzendari lanetan; oraindik ere jarraitzen dute zeregin horretan. Hirurek ondo ezagutzen dute, beraz, danborrada, eta lan asko egin dute festaren alde. Hori guztia kontuan hartuta erabaki du Azkoitiko Udalak hiru azkoitiarrak izatea abuztuaren 14an Andre Maria jaien txupinazoa botako duten pertsonak.

Aurtengo andremarietako txupinazoa botako duzue abuztuaren 14ko eguerdian. Nola hartu duzue albistea?

Xanti Artetxe: Sorpresa eta ilusioa, biak sentitu ditut. Nik, gainera, oso gogoko ditut Andre Maria festak, eta berebiziko ilusioa egin dit txupinazoa botatzeko albistea jasotzeak.

Ana Etxaniz: Niri ere gauza bera gertatzen zait. Sorpresa handia izan da.

Justino Sasieta: Pozik jaso nuen berria, eta abuztuaren 14an gustura joango naiz udaletxeko balkoira.

Azkoitiko danborradak 75 urte bete ditu, eta antolakuntzan izan duzuen rol esanguratsua nabarmendu du udalak urteurrenean. Zer garrantzi du horrek zuentzat?

A.E.: Aitortza gisa hartu dut nik. Gure kasuan, adibidez, emakumeen lehenbiziko taldea izan zen gurea. Duela 25 urte sortu genuen talde hori.

X.A.: Hala da, aitortza izan da niretzat ere txupinazoa botatzeko ardura guri eman izana.

J.S.: Gauza batek harritu nau ni: hasierako danborrada hartako bakarra naiz... Ez da izango zintzo ibilitakoa naizelako!

Nolako txupinazoa izatea nahiko zenukete?

X.A.: Dena ondo joan dadila; horixe nahiko nuke nik.

A.E.: Urte askotan izan gara plazan txupinazoa ikusten, eta besteetan bezalakoa izan dadila.

X.A.: Jende asko izaten da plazan momentu horretan, eta denek ondo pasatuko dutela espero dut. Denak pozik badira, gu ere pozik izango gara.

Xanti Artetxe: "Oso gogoko ditut andremariak, eta berebiziko ilusioa egin dit txupinazoa botatzeko albistea jasotzeak"

Nola hasi zineten danborradan parte hartzen?

X.A.: Gogoan dut lehen aldiz gure taldea zuzendu nuenekoa: Bai Euskarari kanpaina izan zen orduan, hau da, 1978. urtean. 17 urte nituen orduan, eta 40 urte inguruz aritu naiz zuzendari lanetan. Aurtengoa izango dut, ordea, azken urtea danborradan parte hartzen; neure buruari esana nion lana amaitutakoan utziko niola danborradako zuzendari izateari, eta aurten, azaroan, erretiroa hartzen dudanez, azken urtea izango dut zuzendari gisa. Erabakita dut.

A.E.: Bai? Harra sartuko zaizu gero, eta beharbada ez duzu utziko...

X.A.: Ez, ez. Azken urtea izango da. Alabari ere esan diot dagoeneko berak hartu nahi al duen erreleboa. Oso seguru nago azken urtea izango dela.

A.E.: Duela urte asko nahiko danborrada eskasa zen, jende gutxik parte hartzen zuen, eta pilotarietatik talde bat osatzea proposatu ziguten. Bi kuadrillatako kideak batu ginen, eta parte hartzea erabaki genuen. Hamabost bat lagun izango ginen, eta danborra jotzen hasi ginen. Duela 25 urte inguru izan zen hori. Handik urte batzuetara, lauzpabost urtera, zuzendari izateko proposamena egin zidaten, eta oso ausarta naizenez, baiezkoa eman nuen. Harrezkero, pilotarien taldeko zuzendaria naiz.

Justino Sasieta: "Oso ondo atera zen lehen danborrada; herritar ugari bildu zen kalean festa hura ikusteko"

Zure kasuan, Justino, Azkoitian egin zen lehenbiziko danborradan parte hartu zenuen. Nola izan zen prozesua?

J.S.: Eusebio Berasategi zenak ekarri zuen danborrada Azkoitira. Bera lasartearra [Gipuzkoa] zen, eta han egiten zuten danborrada Azkoitian egitea nahi zuen. Hala, kuadrilla desberdinetako kideoi danborradan parte hartzeko eskatu zigun. Ni animatu egin nintzen eta izena eman nuen; kuadrillatik bakarra izan nintzen. Beste kuadrilletako batzuk ere izena eman zuten: Martin Peruk, Hilario Alperrak... Entseguak Azoka Plazako goiko solairuan egiten genituen, eta Eusebio bera izan zen danborra jotzen irakatsi ziguna. Musika Bandarekin ere probak egin genituen. Egun eta ordu asko eman genituen entseatzen. Sukaldari jantziarekin atera ginen.

Eta zer moduz joan zen lehen danborrada? Zer moduzko harrera izan zuen azkoitiarren artean?

J.S.: Oso ondo atera zen; herritar ugari bildu zen kalean festa hura ikusteko. Ez zen gaizki joango, ordutik urtero egin baita danbor festa. Ideia ona izan zen, eta danborrada egin eta egun batzuetara, omenaldia egin genion Berasategiri. Udaletxean izan zen omenaldia, eta bospasei lagun izan ginen bertan: Martin Peru, nire anaia, Hilario Alperra, Manolo eta ni.

Ana Etxaniz: "Emakumeen lehenbiziko taldea izan zen gurea; duela 25 urte sortu genuen talde hori"

Zenbat urtez parte hartu zenuen danborradan?

J.S.: Urte hartan bakarrik parte hartu nuen, ez nintzen gehiago irten. Urtez urte mutil berriei, aurrez atera gabekoei, ematen zitzaien aukera bertan parte hartzeko. Guk hasiera eman genion danborradari, eta gero, jarraipena, besteen esku utzi genuen.

Asko aldatu al da Azkoitiko danborrada?

A.E.: Asko!

X.A.: Gogoan dut udaleko Kultura saileko Jexux Arrizabalaga Tatak zera esaten zidala: "Xanti, danborrada egin behar diagu". Jenderik ez zegoela danborrada osatzeko esaten nion, baina beti erantzuten zidan: "Bilatuko dizkiagu pertsonak". Baina, gero, 40 pertsona inguru izaten ginen danborradan, oso gutxi.

A.E.: Garai eta urte txarrak bizi izan zituen danborradak, baina, gaur egun, merezi du bertan parte hartzeak. Danborrada serioa da. Ederra da!

J.S.: Azpeitiko herria geroago hasi zen danborrada egiten, baina oso ondo antolatu du, eta danborrada ederra egiten dute han.

X.A.: Urte zailak igaro ditu Azkoitiko danborradak. Hasierako urteetan partaideak bilatzen pasatzen genituen egunak; gaur egun, berriz, 500 pertsona inguru izaten gara. Alde ederra egin du.

A.E.: Gatazka txiki bat izan zen danborrada andremarietatik sanandresetara pasatzea erabaki zenean. Herritar batzuei ez zitzaien gustatu aldaketa hori egitea, baina denborak erakutsi du erabaki ona izan zela.

J.S.: Jendea oporretara joaten zen urte haietan andremarietako egunetan, eta hori zen danborrada ondo ez joateko arrazoi nagusia.

A.E.: Bai, data bereziak dira abuztukoak. Baina egoerari itzulia ematea lortu da dataz aldatu denetik.

J.S.: Nork antolatzen du danborrada gaur egun? Udalak edo talde bat dago atzetik?

A.E.: Batzorde bat dago danborrada antolatzeko. Denen artean prestatzen dute guztia.

J.S.: Oso ondo, horrela behar du izan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide