Agur hiru hamarkadatako formakuntza saioei

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 26a, 08:56

LarraƱaga, Zubizarreta, Aranbarri eta Zubillaga, Berdura Plazan. (Andoni Elduaien)

Azkoitiko Bizenta Mogel elkarte soziokulturalak amaitutzat eman du 33 urteko ibilbidea. Sorreraz, bideaz eta "guztiz bete" dituzten helburuez hitz egin dute elkartearen sortzaile izan ziren lau lagunek.

Bizenta Mogel elkarte soziokulturalak amaitutzat eman du bere ibilbidea. Joan den astean iragarri zuen taldeak erabakia, eta azaldu dutenez, "pandemiak jarduna moztu" die. Hori horrela, ibilbidea amaitzeko "unerik egokiena" orain dela erabaki dute.

Elkartea 1990. urtean sortu zen, helduen formakuntzan eragiteko asmoz. Emakume talde bat arduratu zen Bizenta Mogel elkartea martxan jartzeaz, eta sortzaileetako lau dira Kontxita Zubillaga (Azkoitia, 1940), Itziar Larrañaga nahiz Tere Aranbarri (Azkoitia, 1945) eta Nerea Zubizarreta (Azkoitia, 1949).

90eko hamarkadan ere bazen helduen formakuntzara begira lan egiten zuen talde bat, baina hura bailararako aritzen zen. Hain justu, Azpeitiko Esklabetan antolatzen zituzten saioak Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako herritarrentzat. Hala oroitzen du sasoi hura Zubillagak: "Hamahiru bat urtez antolatu zituzten saioak. Jende ugari joaten zen Esklabetara, autobusa ere izaten zen-eta bertaratzeko; bete egiten zen aretoa". Ordea, saio haiek amaitu egin ziren, eta hutsune bat sortu zen berriro helduen formakuntzari begira.

Zulo hura estaltzeko asmoz sortu zuten gero Azkoitian beste elkarte bat, Azkoitira eta azkoitiarrei begira lanean hasteko. "Esklabetako saioak amaitu zirenean, jendeak pena hartu zuen. Saioetan kontu ederrak entzun zituztela eta jendearekin harreman polita egin zutela esaten ziguten", azaldu du Zubillagak.

Bailaratik herrira

Esklabetako saioetan parte hartu ohi zuten kideen esanak buruan bueltaka izan zituzten gerora ere han biltzen ziren azkoitiarrek, eta horrek bultzatuta erabaki zuten Azkoitian elkarte soziokultural bat abian jartzea. "Hitzaldiak-eta ematen hastea bururatu zitzaigun. Jendearengan interesa sor zezaketen gaiak herrira ekartzen ahalegintzea nahi genuen, eta halaxe hasi ginen saioak antolatzen", adierazi du Zubizarretak. Gainera, Bizenta Mogel izena jarri zioten elkarteari, azkoitiar hura izan baitzen euskaraz idatzi zuen lehen emakumea. Irakurtzen eta idazten ia inork ez zekien garaian izan zen Mogel idazlea eta irakaslea.

Harrezkero, lauzpabost emakume aritu dira elkartearen kontuak dinamizatzen; izan ere, Zubillagaz, Larrañagaz, Aranbarriz eta Zubizarretaz gain, Nati Larrañaga (Azkoitia, 1942) ere aritu izan da urte askoan elkartean. Gogoan dute, halaber, saioek "arrakasta handia" izan zutela jendartean, bilkurak Azkoitian egiten hasi zirenean, beste herrietako jendeak ere parte hartzen baitzuen. 

Gaurkotasuneko gai ugari

Urtean hiru saio antolatzen hasi ziren, hiru astez bana eskaintzeko. Hasierako urteetan, urrian egiten zituzten saioak, baina ibilaldia egiteko eguna motza gelditzen zela eta, Aste Santuaren aurreko asteetara aurreratu zuten zikloa. Elkarteak, gizartearen arlo desberdinak landu nahian, herritar guztiei zuzendutako gaiak jorratu ditu; gai zabalak, baina betiere "gaurkotasunari estu lotutakoak". Besteak beste, osasuna, drogak, ingurumena, bizikidetza, sukaldaritza, formakuntza, espiritualitatea, familia, legediaren gaurkotzea, kultura eta erlijioa jorratu dituzte. Horrez gain, hainbat ibilaldi egin izan dituzte Euskal Herri osoan zehar, baita tailerrak ere.

Saioak, gainera, 15:30ean egin izan dituzte, eta Zubizarretaren iritziz, "asmatu" egin zuten ordutegi hori aukeratzean. "Egun, arraroa izango zatekeen saioak ordutegi horretan egitea; izan ere, amona askok lan egiten dute. Lehen, ordea, amonek haurrak zaintzen zituzten, eta umeak eskolara eramanda joaten ziren saioetara. Bukatzerako atzera umeak eskolatik jasotzera joaten ziren". Hitzaldia ematen zuten pertsonei ere ordutegiak "harridura" piztu izan diela esan dute elkartekoek, baina gero aretoa beteta ikusita "sorpresa" hartzen zutela. "Ehun pertsonatik gora" ere elkartu izan dira.

Helburuak beteta, gustura

Duela 30 urte hasitako ibilbidea oparoa izan da lau emakumeentzat, eta hasierako helburuak "guztiz beteta" utzi dituzte. Alaitasunez oroitzen dute egindako lan guztia. "Jende askorekin hasi genuen bidea, eta jende askorekin amaitu dugu. Bizi osoan agian kalean agurtu ere egingo ez genukeen jendea ezagutzera ailegatu gara, eta horri balio handia ematen diogu. Sare eder bat sortzera iritsi gara", esan du Zubizarretak.

Borondatez hasi eta borondatez amaitu du jarduna Bizenta Mogel elkarteak, baina egindakoa gogoan, bidea "ederra" izan dela nabarmendu dute. Bidelagun izan dituztenei esker mezua bidali nahi izan diete laurek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide