Hitz bitan

Juan Mari Bastida: "Acedoko kanpineko bezero gehienak euskaldunak dira"

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 25a, 14:30

Juan Mari Bastida 'Atxui', Acedoko kanpinean. (Utzitakoa)

Juan Mari Bastida Atxui (Azkoitia, 1960) Acedoko (Nafarroa) kanpineko behargina da, duela zazpi urtetik. Kanpin horretako tabernan eta jatetxean aritzen da zerbitzari lanetan, bere hitzetan "gustura". Dagoeneko hasi da lanpetuen ibiltzen diren urte sasoia kanpineko beharginentzat, baina tarte bat hartu du azkoitiarrak Maxixatzenen galderei erantzuteko. Uztaileko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honako hau.

Zerk egiten du berezi Acedoko kanpina?

Kanpin oso familiarra da, eta haurrei nahiz helduei zuzendutako ekintza ugari izaten dira bertan. Igerileku txiki eta handi bana ditu kanpinak, padel pista bat eta futbol zelai bat ere bai, barbakoa egiteko leku handia du egokituta... Acedoko kanpinean bezero finko asko ditugu; gehienak euskaldunak dira, gipuzkoarrak eta bizkaitarrak, batez ere. Egia esan, oso giro polita izaten da kanpinean. Bezeroentzako herri txiki bat da Acedoko kanpina.

Nolatan joan zinen hara lanera?

Nire emaztea Acedokoa da, eta beti izan dut harreman handia herriarekin. Azkoitiko Laja taberna kudeatu nuen sasoi batean, eta hura uztean, koinatuak esan zidan kanpinean hasi nahi al nuen lanean. Hala hasi nintzen, beraz, egiteko horretan. Emaztearen familiak etxe bat zuen Acedon, hura erosi egin genuen eta lanean naizen egunetan han egoten naiz.

Gustura aritzen al zara kanpineko tabernan lanean?

Bai, oso gustura jarduten dut tabernan nahiz jatetxean lanean, baina aldi berean, nekatuta ere sentitzen naiz jada.

Urola bailarako jende ugari joan ohi da kanpin horretara oporrak igarotzera, ezta?

Bai, urtez urte jende ezagun asko etortzen da kanpinera. Acedoko kanpina oso ezaguna da Urola bailaran, azpeitiar eta azkoitiar asko etortzen dira oporrak pasatzera. Duela 27 urte zabaldu zuten kanpina, eta ikaragarri hazi da ordutik hona. 15.000 metro koadro zituen orduan, eta orain, 80.000 metro koadrotik gorako azalera hartzen du eremuak. Nafarroako kanpinik handiena da Acedokoa. Pentsa, 130 biztanle ditu herriak, eta kanpinean 1.500 lagun sartzen dira. Egia esan, herriari bizia eman dio kanpinak.

Zein da zure lanaren alderik onena? Eta txarrena?

Jendearekin harreman handia egiten dugu egunerokoan, eta hori azpimarratuko nuke. Udan, berriz, jende pila bat izaten dugu kanpinean, eta pixka bat agobiatuta ibiltzen gara... Baina, tira!

Aurretik beste kanpinen batean lan egindakoa al zara?

Ez. Ostalaritzan urte askotan aritutakoa naiz, baina Acedon hasi aurretik, sekula ez nuen kanpin batean lanik egin.

Kanpinzalea al zara?

Ez pentsa. Ez naiz askorik ibili izan kanpinetan...

Uda sasoia hasi da. Nabaritzen al duzue kanpinean dagoeneko?

Bai, bai, asko. Dagoeneko jende pila bat dabil gurean, batez ere asteburuetan, eta lanean gogotik ari gara. Udan lan pila bat izaten dugu, eta jendearentzat ekintza pila bat antolatzen ditugu.

Acedoko kanpinera joaten denak zerekin egingo du topo?

Lasaitasunarekin. Bizikletan eta oinez ibiltzeko leku aproposa da, Lizarratik gertu dago, eta Iruñea eta Logroño ere inguruan daude.

Azkoitira etortzen al zara batere? Zer lotura duzu sorterriarekin?

Astean bi egun izaten ditut jai, asteazkenak eta ostegunak, eta normalean, Azkoitira joaten naiz egun horietan. Azkoitia nire herria denez, gustura joaten naiz horra. Gainera, emaztea hor bizi da, eta harekin egoteko nahiz lagunak bisitatzeko aprobetxatzen ditut bidaiak. Kuriosoa da, oso: gure etxeko nafar bakarra emaztea da, eta bera da Azkoitian bizi den bakarra. Bi alabak irakasleak dira eta Nafarroan egiten dutenez lana, Acedon bizi dira; nik ere Acedon pasatzen dut astea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide