Ekainean hasi zituen Sustraiak Bizirik elkarteak elikadura burujabetza bultzatzeko eta ingurumena babesteko baratze ikastaroak Azkoitian, eta uztaileko larunbatetan egiten jarraitzen dituzte. Orain arte egindako saioetan baratza bankal biziak egiten aritu dira parte hartu duten herritarrek, eta dagoeneko hiru dituztela aurreratu dute arduradunek, eta ikastaroa bukatzerako sei izatea espero dute.
"Eskualdeko ohitura eta usadio zaharrak indar berritzeko asmoz, auzolanean egiten ari gara baratza bankal biziak. Erabili izan ditugun osagaiak baratza bizi hauek egiteko, bertakoak dira eta bitan banatuta dauzkagu: alde batetik, baserri gunetik ekarritako osagaiak ditugu, hala nola, ondutako ardi, behor eta untxi ximaurrak, lastoa, bertako lurra, barazki eta kimaketa hondarrak, garoa eta basoko orbela. Bestetik, hondakin urbanoak ere erabiltzen ari gara; kafe hondakinak, kartoia eta lurrarekin nahasteko 0,4ko hondar area. Osagai guzti hauek geruzaka jartzen dira lurraren gainean eta horrela prestatu zizareentzako bizileku eta ugaltoki egokiak", azaldu dute Sustraiak Bizirik elkarteko kideek.