Aimar Ansola: "Gainerako parte hartzaileengandik gehiago ikasteko aukera izango dut txapelketan"

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 13a, 09:00

Aimar Ansola arrantzalea artxiboko irudi batean.

Munduko Arrantza Txapelketan parte hartuko du Aimar Ansolak (Azkoitia, 2006), Bosnia eta Herzegovinan, salmonidoen euli-arrantza modalitatean. Astelehenean hasiko da lau eguneko lehia, eta egun horietan Buna ibaian nahiz Salakovac aintziran ariko da arrantzan azkoitiarra. Mundu mailako txapelketan aurreneko aldiz ariko da, eta gustura dago txartela lortzeko egin duen balentriarekin.

Munduko Arrantza Txapelketan parte hartuko duzu. Zer moduz sentitzen zara txapelketaren atarian?

Oso ondo. Esperientzia berria ari da izaten niretzat. Lagun berriak egiteko aukera ere izan dut, nahiz eta ezagunak ere baditudan parte hartzaileetako batzuk. Egia esan, gustura nago.

Bosnia eta Herzegovinan zaude, txapelketa jokatuko den gunean. Izan al duzu txapelketa jokatuko diren ur eremuak ezagutzeko aukerarik?

Bai. Lakuan eta ibaian aritu gara arrantzan. Amuarrainak soberan daudela esango nuke, eta errazak direla ateratzeko, baina gero eta gehiago kostatuko zaigu arrantzatzea, jende asko ibiliko garelako horretan. Egia esan, ez dit inpresio handirik egin horrek.

Espainiako Txapelketak-eta jokatutakoa zara, baina mundu mailakorik ez. Zer da zuretzat munduko arrantzale onenen artean zaudela jakitea?

Orain arte egin dudan lan guztiak zerbaitetarako balio izan duela ikusita, harro nago nire buruarekin. Gehiago ikasteko gogoz ere bai; izan ere, oso maila ona dago txapelketan, eta uste dut gainerako parte hartzaileengandik gehiago ikasteko aukera izango dudala.

Zer lan egin behar dituzue txapelketan?

Txapelketa hasi baino astebete lehenago bidaiatu genuen Bosnia eta Herzegovinara, entrenamendu saioak bertan egiteko. Goizez eta arratsaldez aritu gara ibaian sartu eta probak egiten. Ordu asko ari gara eskaintzen prestaketa lanei, bai ibaian, bai lakuan, eta alde horretatik pixka bat nekagarria ari da izaten. Baina eguneroko lana serio hartu behar da.

Zer helbururekin joan zara txapelketara? Zer lortu nahiko zenuke?

Ikastea nahi dut; izan ere, lana ondo eginez gero, bere kabuz etorriko dira podiumeko postuak. Ondo pasatzea eta esperientzia berria aprobetxatzea nahi dut, batez ere, eta ahal bada, noski, irabaztea ere bai, nahiz eta oso zaila dagoen.

Salmonidoen euli-arrantza txapelketan ariko zara. Zertan oinarritzen da modalitate hori?

Amuarrainei nahiz gainerako arrainei ibaira jaisten diren eltxoak naturalak direla pentsaraztea da helburua, horiek amuari heltzea lortzeko. Funtsezkoa da ibaia ezagutzea, eta horretarako, lan asko egin behar da eta urte askotako esperientzia batu ere bai. Zortea izatea ere garrantzitsua da, baina zortea ez da bere kasa etortzen.

Ba al dago txapelketa irabazteko faborito argirik? Zein dira horiek?

Faboritoak, berez, gu gara, Espainiako selekzioa ordezkatzen ari garen kideok. Izan ere, urte askotan lortu izan dute selekzio horretako kideek podiumean sartzea, baita txapelketa irabaztea ere. Aurten Bosnian eta Herzegovinan denez lehia, herrialde horretako partaideak izango dira faborito, baina ikusiko dugu zer egiten dugun eta zer gertatzen den.

Arrantzale bezala, nola definituko zenuke zure burua? Zer dohain dituzula esango zenuke?

Txapelketetan oso urduria naizela esango nuke. Dena den, lehiako lehen minutuetan ondo moldatzen baldin banaiz, erritmo ona hartzen dut. Egiten duguna nahiko ondo dominatzen dudala ere esango nuke, nahiz eta zorteak asko eragiten duen arrantzan eta askotan ez den zer gertatuko den jakiterik egoten. Tramoak, orduak, sektorea... zozketan erabakitzen dira, eta errotazio txarra tokatuz gero, ez da erraza izaten lana ondo egitea. Hobetzeko lanen artean daukat lakuko jardunari eskua hartzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide