Kaleko katuen koloniak kontrolatzeko eta kudeatzeko hitzarmena sinatu dute Katulagun elkarteak eta Azkoitiko Udalak. Erakundeak adierazi duenez, katuen kontrola udalaren eskumenekoa da eta "legez" egin beharrekoa. Hori horrela, kaleko katuen kolonien kontrol programa aurrera eramateko akordioa itxi dute bi aldeek. Udalak emandako datuen arabera, gaur-gaurkoz 80 katu bizi dira Azkoitiko kaleetan, eta guztira, hamasei kolonia daude.
"Katuak abandonatu eta kontrolik gabe abandonatzen direnean sortzen dira koloniak. Horrek higiene arazoak eta gaixotasunen transmisio arriskua areagotzen ditu, besteak beste", azaldu du udalak ohar bidez. Arrisku horiek gutxitzeko edota saihesteko, CES izeneko metodoa (harrapaketa, esterilizazioa eta askatzea) aplikatuko dute. Erakundeak azaldu du metodo horrek animalien "ongizatearen eta elkarbizitzaren arteko oreka bermatzea" duela helburu.
Programaren bidez kaleko katuen kopurua murriztea lortu nahi dute. Horretarako, hainbat lanketa puntu zehaztu dituzte: esterilizazioa, identifikazioa, osasun kontrola, elikadura, ingurunearen desinfekzioa zein garbiketa eta katu lagunkoien adopzioa. Hain justu, adopzioa da programaren faseetako bat. Katulagun elkartea arduratuko da katu lagunkoiak adopzioan emateaz. Boluntario gisa lagundu nahi duten pertsonek katulagun.elkartea@gmail.com idatz dezakete.
Bestalde, albaitarien zerbitzuetatik sortutako gastuak udalak ordainduko ditu, hala nola esterilizazioak eta parasitoen aurkako tratamenduak. Halaber, erakundeak azpimarratu du baimendutako pertsonek bakarrik eman diezaioketela jaten kaleko katuei, eta gainera, leku jakin batzuetan egin dezaketela soilik. Datozen egunetan informazio guztia xehetasunez jasotzen duen liburuxka banatuko du udalak etxez etxe eta kartelak ere ipini dituzte katu koloniak dauden guneetan.