Azkoitiko Caritasek 256 pertsonari lagundu die azken urtean

Ane Olaizola 2023ko eka. 22a, 11:26

Ixabel Jauregi, Nona Caron eta Felix Azurmendi, atzo, kantzelean. (Ane Olaizola)

Azkoitiko Parrokiako Caritaseko kideek agerraldia egin dute joan den urteko balantzearen berri emateko. Egun, beharrean dauden 65 familiari eta 42 norbanakori laguntzen diete, eta erakundera laguntza eske jotzen dutenen profila aldatzen ari dela azaldu dute.

Felix Azurmendi Azkoitiko erretoreak eta Ixabel Jauregi zein Nona Ceron Azkoitiko Parrokiako Caritaseko kideek agerraldia egin zuten atzo arratsaldean, herritarrei azken urtebeteko lanaren eta balantzearen berri emateko. Jakinarazi dutenez, aurten 256 pertsonari lagundu diete; 65 familiari eta 42 norbanakori. Haien arabera, izurriak eragindako gorakadaren ondotik, egonkortzen ari da Caritasek artatzen dituen pertsonen kopurua.

"Behartsuenei erantzutea" da Caritasen helburua, eta horiei bizitzan aurrera egiten laguntzen die erakundeak. "Bizitzan nondik hasi ez dakitenei laguntzen diegu, izan lanean, etxebizitzarekin, ikasketekin edo herrian kokatzen". Gehienbat Euskal Herrira bizitzera etorritako atzerritarrak dira Caritasera jotzen dutenak, batez ere Saharakoak eta Marokokoak. Dena den, azken urteetan igo egin da Latinoamerikatik datozenen kopurua ere . "Afrikarrak ez bezala, amerikarrak kokatuago etortzen dira, hemen familia izaten dutelako, baita gertukoa duten kultura eta hizkuntza aurkitzen dutelako ere". Haren arabera, aldatu egin da horien profila: "Gehienak emakumeak dira, eta lehen ez bezala, bakarrik iritsi dira Azkoitira. Egun, lana aurkitu eta denbora luzera ekartzen dituzte senideak".

Gaur-gaurkoz, 80 lagunek osatzen dute Azkoitiko Caritasen lantaldea. Elikagai Bankua eta jantzitegia dira erakundearen bi zerbitzu nagusiak, eta Espetxe eta Osasun pastoraltzetan ere egiten dute lan. Laguntzaren truke, berriz, ikasketetarako konpromisoa eskatzen die laguntza jasotzen dutenei, eta horretarako, erakundea harremanetan da AEKrekin, Izarraitz Lanbide Heziketarekin zein Helduen Eskola Publikoarekin.

"Premia ugari; eskubiderik ez"

Ceronek harrera egiten die Caritasera jotzen dutenei, eta hain zuzen, kideek azaldu dute harrera zerbitzua dela Caritasen ardatza. "Jendea lehenengo aldiz etortzen den unea da harrera. Beraien egoera azaltzen digute, eta haien beharrak baloratu ondoren, Caritasen beste zerbitzuetara bideratzen ditugu", esan du Ceronek. Haren arabera, harrerara jotzen dutenek "premia ugari" izaten dituzte, eta kontrara, "eskubiderik ez". "Erroldarako eskubiderik ez dute, eta hori izan ezean, laguntzarik ere ezin dute jaso, ezta osasun txartela eduki ere. Horixe da gugana etortzen direnen kezkarik handiena. Saiakera berezia egiten dugu ahal ditugunak behintzat errolda ditzagun". Zentzu horretan, Azkoitiko Caritasek hainbat etxebizitza ditu, eta egun, hainbat pertsona horietan erroldatuta daude, haiek ikasketak egin ahal ditzaten eta osasun txartela izan dezaten.

Bien bitartean, Azkoitiko Udalari galdegin diote errolda soziala ezar dadila, zeinak pertsonen biziraupeneko, osasuneko eta hezkuntzako oinarrizko premiak estaltzen dituen haien errolda-egoera normalizatu bitartean.

Azurmendik, bere aldetik, azpimarratu du "gizarteko babesgabeenei" laguntzen dietela; "beste erakundeetan laguntzak jaso ditzaketenei ez diegu zerbitzua ematen". Zentzu horretan, Caritasekiko hainbat zurrumurru isildu nahi izan ditu hark: "Batzuetan, jendeak uste du edozeini eta edozein modutara ematen diegula laguntza, eta hori ez da egia. Jendea etortzen denean, ondo pentsatzen dugu hark zer behar duen, eta beharrak ondo bereizten ditugu".

Sarrerak eta irteerak

Iazko kontuen balantzea egiteko ere aprobetxatu zuten kideek tartea. 86.576 euroko sarrera izan zuten, eta mila euro gehiago gastatu zituzten. Andremarietan jartzen duten tonbola (30.721 euro), Azkoitiko Udalak ematen dien dirulaguntza (12.425 euro) eta herritarrek elizkizunetan emandako eskupekoak zein bestelako dohaintzak izan ziren. Azkoitiko Caritasen iazko diru iturri nagusiak. 2022an tonbolan jasotako 30.721 euroei haren gastuak kenduta, irabazi garbia 19.000 eurokoa izan zen Caritasentzat.

Irteerei dagokienez, beharrean dauden herritarrei emandako laguntza ekonomiko zuzenetara bideratu zuten iaz jasotako diruaren zati handi bat (19.000 euro). Elikagaietara eta jantzitegira beste ia 7.000 euro bideratu zituen Caritasek joan den urtean; etxebizitzetara, 1.600 euro; hezkuntzara (materiala, garraioa eta abar), ia 4.000 euro; Espetxe Pastoraltzara, 400 euro; eta Osasun Pastoraltzara, 218 euro.

Horiez gain, ohikoa den moduan, Amerikako zein Afrikako zenbait herrialdetan gauzatzen ari diren garapen proiektuak laguntzeko 12.000 euro erabili zituen Azkoitiko Caritasek, azken kopuru hori tonbolan jasotakotik bideratuta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide