Urtaro adina hamarkada, konpas betean

Ane Olaizola 2023ko uzt. 8a, 09:00

Marijose Arregi musika eskolako zuzendaria eta Ane Alberdi irakaslea. (Arnaitz Rubio)

Bizkargi musika eta dantza eskolak Miserikordian hasi zuen ibilbidea duela 40 urte, eta ordutik, hainbat egoitza izan baditu ere, lekualdaketek baino plan aldaketek garrantzi handiagoa izan dute haren historian. Hastapenetan ikasturte bakoitzak berarekin zituen erronkak gaindituta, herritarren artean musikarekiko zaletasuna zabaltzeko lanean dihardute hango kideek. Ekaineko Maxixatzen aldizkarirako egindako erreportajea da hau.

Azkoitiko Bizkargi musika eta dantza eskolak zorioneko urtea du aurtengoa, ofizialki bidea hasi zuenetik 40 urte bete baititu. Ikastetxea aurretik hasi zen gutxienez lau hamarkada iraungo zuen martxaren lehen notak ematen. Lehen doinu haietatik etenik gabeko konpasak lagunduta gainditu ditu eskolak hastapenetako urteak, suertatutako plan aldaketak eta aurrean izan dituen garai berriak. Marijose Arregi egungo zuzendariak ondo baino hobeto ezagutzen du musika eskolaren historia, hasieratik baita hango partaide. Hark azaldu duenez, Arregi eta Pilar Elorza zena hasi ziren piano eta akordeoi eskola batzuk ematen, 80ko hamarkada hasterako. "Garai hartan ez zegoen musika eskolarik, eta musika ikasten ari zirenek Donostian egin behar izaten zituzten azterketak. Ondoren, Donostiako kontserbatorioko irakasleak herrira etortzen hasi ziren azterketak zuzentzera, baina haiek hara eta hona ibiltzea ere korapilatsua zela eta, musika eskolak ofizialki sortzea eta azterketak eskola bakoitzak egitea erabaki zen".

Elorzak eta Arregik aurrez zituzten ikasleekin hasi zuen ibilbidea Azkoitiko musika eskolak Miserikordian, eta Arregik gogoratzen du orduko guraso elkarteak erabat inplikatu zirela proiektua martxan jartzeko. Musika eskolek 66ko Plana zuten bide orritzat 80ko hamarkadan, eta ikastetxeak programazioa gauza zezan, Gaztanenea eraikinera lekualdatu ziren 1985ean. Arregiren arabera, ez zen hasiera erraza izan. Zegokion baimenak eskuratzeaz gain, titulazioa zuten beste hainbat herritarrekin harremanetan jartzea izan zen musika eskolaren lehen egitekoa. Guztira, lau irakaslerekin hasi ziren eskolak ematen Bizkargin, eta eraikinak eskaintzen zituen "aukerak" aprobetxatuta jarri zuten hura abian. Dena den, uste baino hasiera txarragoa izan zuen ibilbide berriak: "Izugarrizko elurtea egin zuen urtarril hartan, justu ikasturtea hasi behar genuenean. Elurteagatik guztia gelditu egin zen; pentsa, urte hartan ikasturtea luzatu egin zen eskoletan, beranduago hasi zutelako".

Ane Alberdi irakaslea eta Marijose Arregi musika eskolako zuzendaria. (Arnaitz Rubio)

Titulazioa zuten herritarrekin harremanetan jartzea izan zen lehen egitekoa

Ikasturte bakoitza "erronka" zen musika eskolako kideentzat, baina pixkanaka, musika tresnen aukera zabaltzen hasi zirela azaldu du zuzendariak. "Aurreneko etapan, pianoa, biolina, klarinetea eta ezer gutxi gehiago ematen genituen". Dena den, 90eko hamarkadaren hasieran, LOGSE hezkuntza plana jarri zuten indarrean, eta horrek berebiziko aldaketa eragin zuen eskolaren lan dinamikan eta metodologian. "Plan hark aukera eman zigun musika eskolak gaur egun direnera egokitzeko. Ordura arte, programazio zehatz baten bidez, ikasleek ikasketa ofizialak egiten zituzten, eta haiek titulazioa lortzera bideratzen ziren. Baina herritar askoren nahia ez zen hori. Ikasleak musikarekiko afizioa izatea zen gure asmoa ere, eta LOGSE dekretuak askatasun gehiago eman zigun beste gai batzuk lantzen hasteko. Izan ere, lehen musika klasikoa soilik lantzen genuen, eta ordutik, beste estilo batzuk eskaintzen hasi ginen: folka, jazza, rocka...". Duela hiru hamarkada pasatxo hasitako etapa hari jarraitzen dio oraindik Bizkargik, tartean egoitza berri bat estreinatu bazuen ere. Izan ere, 2015ean Gaztanenea utzi eta Elkargunearen ondoan dagoen Musikagunera lekualdatu zen eskola. "Orduan, lekuz aldatu ginen, baina musika eskolak bere proiektuarekin jarraitu zuen. Ikasketei zegokienez, ez zen aldaketarik egon".

Arregik azaldu duenez, ikastetxeak "apustu sendoa" egin zuen LOGSE plan aldaketa iritsi zenean. Garai zailak izan zirela gogoratu du, besteak beste, eskolaren egoera ekonomikoa ez zelako ona. Horregatik, irakasle berriak kontratatzeaz gain, ikasleak erakartzeko saiakera berezia egin zuten: "Erronka nagusia izan zen ikasleei eta gurasoei aldaketa zertan zetzan ondo azaltzea. Aurreko plana amaitzerakoan eta LOGSE plana hasterakoan, eztabaida asko egon ziren, baina herritarrek ulertu zuten gure apustua". Plan aldaketa haren ondoren, 1996. urtearen inguruan, hasi ziren Bizkargin euskal musika eskaintzen: euskal dantzak, alboka eta trikitia, besteak beste. "Apustu indartsua izan zen hori, ez genekielako zer erantzun izan zuen. Zuzendaritzak gurasoak ere bazeuden, eta udalaren laguntzarekin, aurrera egitea erabaki genuen. Irabazten atera ginen, apustua ondo atera zitzaigun".

Bizkargi musika eta dantza eskolaren kanpoaldea. (Arnaitz Rubio)

"LOGSE hasterako eztabaida asko egon ziren, baina herritarrek ulertu zuten gure apustua"

Era berean, testuinguru horretan hasi ziren musika eskolak umeei musika hizkuntza eta musika tresnak aldi berean eskaintzen, eta garai hartan hasi zen Bizkargi 3-7 urteko umeei musika tailerra ematen. Azkoitiko musika eskola aitzindaria izan zen horretan: "Artean baimendu gabe zegoen 3-7 urteko etapan musika hizkuntza ematea, baina pixkanaka, indarra hartzen joan zen. Hain zuzen, gurasoei ziklo hori zer zen azaltzeko eta zaletasuna sortzeko, musika tailerretan zer egiten genuen jendaurrean erakustera joan ginen hamar urtez herriko ikastetxeetara".

Handitzen eta aldatzen

Bizkargirentzat mugarria izan zen plan aldaketaren aurrekoa da Ane Alberdi musika eskolako ikasle ohia eta irakaslea. 7 bat urterekin hasi zen hura Bizkargi musika eskolan, hasieran biolina ikasten eta ondoren zeharkako flauta. Gaztaneneako oroitzapen politak ditu hark: "Hango baldintzak, beharbada, ez ziren oso onak, baina ikasgelek xarma handia zuten, eta ingurua ere oso polita zen". Ordutik, ordea, musika eskolak jauzi handia egin duela azpimarratu du hark: "Ikasle nintzen garaian, musika klasikoa ikasten genuen gehienbat; horretara bideratzen ziren ikasleak. Egun, baina, ikasleek eskatzen duten horretara jotzen dugu. Izan ere, horiek ikasten ondo pasatzea da gure asmoa". Bat dator horrekin Arregi ere: "Askok esaten dute oraingo maila ez dela lehengoa bezalakoa. Lehen gertatzen zen bezala, ordea, adinean aurrera egin ahala, gutxi batzuek jarraitzen dute musika ikasten, eta lehen ere ikasketetan aurrera egiteko asko ikasi behar zen".

"Gaztaneneako ikasgelek xarma handia zuten, eta ingurua ere oso polita zuen"

Irakasleen arabera, musika eskolan beste modu batean irakasten dute egun. "Musikarekiko zaletasuna piztea da gure funtzio nagusia da, eta horretarako tresnak ematen dizkiegu ikasleei. Musika hizkuntza ikasten dute, eta hori oso aberasgarria da, belarria lantzeak, besteak beste, gaitasun asko ahalbidetzen dituelako. Gero, norberak nahi duen bidea hartuko du".

Batak zein besteak argi dute Bizkargi musika eta dantza eskola musikaren zein musikarien harrobi bihurtu dela. "Musika eskolako jarduna uzteko garaia iristen zaie gazteei, eta beste gauza batzuk egiten hasten dira. Inork musikarekiko zaletasuna baldin badu, baina, herrian hor ditu Musika Banda, dantza taldeak edota abesbatzak". Bizkargi Musikagunean kokatuta dagoenetik, alboan du Musika Bandaren egoitza, eta gainera, Bizkargiko Banda Gazteko eta Azkoitiko Musika Bandako zuzendaria berbera da: Carlos Muñoz. "Bataren eta bestearen arteko zubi lana egiteko aproposa izan daiteke hori. Azken urteetan elkarren ondoan izaten dira bi bandak, gainera, eta lotura hori antzeman egiten da. Izan ere, eremu berean egoteak gauzak erraztu egiten ditu, eta azken urteetan, Azkoitiko Musika Banda gaztetu ere egin da", esan du Arregik.

"Gure funtzioa da musika zaletasuna piztea; horretarako tresnak ematen dizkiegu ikasleei"

Musika eskola handitzen joan da urtez urte, eta lau irakasle eta 175 ikasle izatetik hamazazpi irakasle eta 500 ikasle izatera igaro da azken lau hamarkadetan. Musika eskolako kideek badakite kopuruak "altuak" direla, eta musika eskola indartu ez ezik, saretu ere egin dela azaldu dute; izan ere, Musika Eskolen Elkartea osatzen duten 65 ikastetxeetako bat da Azkoitikoa. Ildo horretan ere, jauzi handia egin du azken urteetan Bizkargik, musika eskolak emateaz gain, beste hainbat egitasmo ere jarri dituelako abian: "Lehen ikasleak ikasketetara zein kontserbatoriora bideratzen ziren, eta listo. Orain, ordea, ikastetxeek elkarlanean Musikaldia antolatzen dugu bi urtero, eta gure ikasleak beste ikasle batzuekin elkartzen dira; polita izaten da ikasleak beraien artean nahastea. Ikasleek egitasmo horien oroitzapen ederrak izaten dituzte". Bizkargik begi bistan ditu azken konpas betez emandako pausoen fruituak. "Ane bezalako ikasle ohiak ondoan edukitzeak argi erakusten du hori", adierazi du Arregik. Haren arabera, bide horretan gurasoak zein irakasleak izan dira proiektuaren oinarri: "Gurasoak beti aritu dira buru-belarri proiektuari forma ematen. Horrez gain, urte askoan lanean ari diren irakasleen landalde finkoa dugu musika eskolan, eta denon artean atera dugu musika eskola aurrera". Horien babesarekin, ilusioak eta esfortzuak eraman dute Bizkargi gaur egun dena izatera, eta hain zuzen, bi balio horiek dira duela lau hamarkadako musika eskola hartatik bizirik jarraitzen dutenak. "Musika zaletasuna transmititzea da gure helburua, eta lortu dugula uste dut, ikasleak gustura etortzen baitira eskolara". Afizio hori mantentzea edota handitzea da orain musika eskolaren beste erronka. "Behintzat, musika tresna ez dezatela txokoan utzita eduki; musikak beren bizitzan zati txiki bat izan dezala", adierazi du Alberdik.

Musika, emozioen giltza

Ostirala da, eta eskolako lasaitasuna hausten du barruko gela batetik entzuten den doinu ozenak. Uda ate joka den arren, abesti ezagun batek karnabaletara eraman ditu gelan bilduta dauden lagunak. Uztai bana eskuetan, dantzan ari dira zutik dauden zenbait lagun, baina aulkian eserita direnek ere jarraitzen dute abestiaren erritmoa. San Jose egoitzako egoiliarrak dira horietako asko, eta gaur, Helduen Tailerreko kideekin elkartu dira ikasturte amaierako jaialdian taularatuko duten saioa prestatzeko.

Bizkargik bezala, egoiliarrei zuzendutako Musikoterapia egitasmoak ere urteurren borobila du aurten, Azkoitiko musika eskola duela hamar urte hasi baitzen haiei zuzendutako saioak eskaintzen. San Jose egoitzako 11 lagunek osatzen dute taldea, eta horietako bat da Emilia Sanchez. Hark saioetan "gustura" parte hartzen duela esan du: "Oso gustura etortzen naiz eskoletara, eta pila bat gustatzen zait hemen egiten dugun guztia. Gero, oso pozik itzultzen naiz egoitzara". Ildo beretik hitz egin du Eufran Montesek ere: "Hemen dugun giroa aparta da". Luis Alberdik ere, antzera: "Umore ona da nagusi, eta Musikoterapiak bizitzeko poza ematen dit niri". Hunkituta entzun ditu hitzok Musikoterapia eskolen gidari Itsasne Fernandezek, jakin badakielako egoiliarrentzat "bereziak" direla saioak. "Egoiliarrei energia handia ematen die errutinatik irten eta musika eskolara joateak".

Musikoterapiako kideak, Musikagunean. (Ane Olaizola)

Doinu, erritmo, dantza eta abestien bitartez, askotariko arloak lantzen dituzte ikasleek, hala nola talde lana, tolerantzia, autonomia, memoria, entzumena eta arreta. Norberaren "mundu afektiboa aberastea" zein "emozioei lekua ematea" dira egitasmoaren helburu nagusiak, eta saioak bereziki dira onuragarriak adinekoen bizi kalitatea hobetzeko. Horretarako, bakoitzak dituen beharretan jartzen dute arreta: "Bakoitzaren beharrak aztertu behar dira, eta horiei erantzuteko eta denek onurak jaso ditzaten lan egin", esan du Fernandezek. 2019az geroztik da hura Bizkargiko Musikoterapia saioetako irakasle, eta igaro diren urteak "emankorrak" izan dira harentzat: "Atzera begira jarrita, esan dezaket pertsonengan onura handiak nabaritu ditudala".

Helduen Tailerrean ere eskaintzen du Musikoterapia Fernandezek. Haren esanetan, Azkoitiko zein Azpeitiko hainbat emakume "zoragarri" dira taldekideak. Gaurkoan bezala, batzuetan bi taldeak elkarrekin aritzen dira, eta horrek egoiliarrak "animatzen" laguntzen duela dio irakasleak. "Helduen tailerrekoak etortzen direnean, saioak oso politak izaten dira, eta egoiliarrak hunkitu egiten dira beti". Hurrengo saioa noiz izango den galdetuz amaitu dute gaurkoa, eta Fernandezentzat hori da egitasmoa "asegarria" dela erakusten duen ziurtagiririk onena.

Musikoterapia saio bateko irudia. (Ane Olaizola)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide