Hitz bitan

Jose Luis Arrizabalaga: "Zenbat eta auzo txikiagoa, orduan eta saio politagoa"

Aitziber Arzallus 2023ko eka. 27a, 14:57

Jose Luis Arrizabalaga. (Aitziber Arzallus)

Kazetaritza ikasketak egin zituen Jose Luis Arrizabalagak (Azkoitia, 1974), eta Orio Produkzioak ekoiztetxeak ETB1entzat ekoizten duen Herri txiki, infernu handi saioan ari da lanean gaur egun. Ekaineko Maxixatzen aldizkarirako egindako elkarrizketa da honako hau.

Zehazki, zein dira Herri txiki, infernu handi saioan dituzun egitekoak?

Lantaldeko erredaktorea naiz, eta motzean esanda, jendeari informazioa ateratzea da nire zeregin nagusia.

Nola topatzen dituzue saioetako protagonistak?

Produkzioko lantaldea herri bakoitzeko norbaitekin jartzen da harremanetan, eta zerrenda bat bidaltzen digute bospasei bat lagunen kontaktuekin. Horiekin harremanetan jartzen gara, bakoitzarekin fitxa bat egiten dugu, eta horiei galdetzen diegu ezagutzen ote duten programan parte hartuko lukeen beste herritarrik. Horrela, zerrendara beste lagun batzuk gehitzen joaten gara, eta denak elkarrizketatzen ditugu, hasiera batean, telefonoz. 30 edo 40 bat minutuko elkarrizketa izaten da, eta dena galdetzen diegu, den-dena: non lan egiten duten, denbora librean zer egitea gustatzen zaien, zer motatako arropa janzten duten, zer gosaltzen duten... Izan ere, ez dugu jakiten zein harimuturri tiraka ailegatu gaitezkeen istoriorik bitxienetara. Handik astebetera, zuzendariordeetako batekin joaten gara herri horretara bisitan, eta aurrez telefonoz egon garen horiekin egoten gara, aurrez aurre. Bisita horietan, batetik, telefonoz hitz egindakoak kontrastatzen ditugu; eta bestetik, saioa non grabatu genezakeen ikusten dugu. Behin hamar bat istorio ditugunean, bilera egiten dugu, eta hamar horietatik sei edo zazpi istorio aukeratzen ditugu.

Nolakoa izaten da grabaketa egun bat?

Bi talde joaten gara, eta talde bakoitzak hiru istorio grabatzen ditu.

Beraz, dena ez da izaten ematen duena bezain inprobisatua; zuek zarete Mikel Pagadi eta Miren Nogales aurkezleek gero egiten dituzten elkarrizketen sortzaileak.

Zuzendariordeak gidoigileak izaten dira normalean, eta gidoia haiek egiten dute guk emandako informazioarekin. Hala ere, aurkezleek izaten dute inprobisaziorako tartea. Elkarrizketa bakoitza nondik nora bideratu behar duten jakiten dute, baina ez dira gidoi itxi baten mende ibiltzen.

Aurki 250. saiora iritsiko zarete. Zein da programa batek horrenbeste urtean osasuntsu jarraitzeko sekretua?

Jendeari tratu ona ematea. Gonbidatu guztiak gustura gelditzen dira, eta beraiek izaten dira eskerrak ematera etortzen zaizkigunak. Datorren urtean hamargarren denboraldira iritsiko da programa, eta telebistan ezinezkoa da hamar urtez irautea ez baduzu jendea ondo tratatzen. Badira hasieran ezezkoa eman eta gero animatzen direla esatera etortzen zaizkigun herritarrak, eta guk jakiten dugu lotsatienak ere berak espero duena baino zertxobait gehiago emango digula. Jendea eroso sentitzen da gurekin, eta azkenean, ireki egiten da.

Saio gogoangarriren bat aipatuko al zenuke?

Zenbat eta auzo txikiagoa, orduan eta hobeto. Niretzat horiek dira onenak; adibidez: Aizarna, Urdaneta... Auzoa zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta gehiago ematen du jendeak. Azpeitiko saioa, esaterako, oso polita gelditu zen, baina istorio asko kanpoan gelditu ziren, jende askok esan zuelako ezetz; herri handietan askotan pasatzen da hori. Aldiz, auzo txikietan, batek baietz esaten baldin badu, besteak ere animatu egiten dira.

Ematen duena bezain giro ona al daukazue taldean?

Bai, adin eta era guztietako jendea gaude lantaldean, eta giro bikaina daukagu, grabazio egunetako bazkariak bikainak izaten dira.

Kamera aurrean ere jardundakoa zara...

Bai, baina atzean aritzea askoz nahiago.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide