Udal eta foru hauteskundeak 2023

Ana Azkoitia da Azkoitiko alkate berria

Ane Olaizola 2023ko eka. 17a, 13:04

Alderdi bakoitzak bere buruari eman dio alkatetzarako botoa Azkoitian, PSE-EEk izan ezik; hark EAJri eman dio. Horrenbestez, gehiengo soilarekin, Ana Azkoitiak hartu du alkate makila, eta jeltzaleek aginduko dute datozen lau urteetan. Agintaldi berriko herrigintzarako oinarriak "elkarrizketa, akordioa eta elkarlana" izango direla azpimarratu du hark.

Ana Azkoitia izango da 2023-2027 agintaldiko Azkoitiko alkate berria. Azken unera arte airean egon da alkatetza noren esku izango zen Azkoitian, eta azkenean, talde bakoitzak bere buruari eman dio botoa, PSE-EEk izan ezik; hark, EAJri eman dio. Horrenbestez, Azkoitiak hartu du alkate makila Javier Zubizarretaren eskutik, eta jeltzaleek gutxiengoan aginduko dute datozen lau urteetan. 

Hunkituta jaso du Azkoitiak alkate kargua, eta modu horretara luzatu dio aginte makila orain arteko alkateak ere. Makila eskuetan, esker hitzak izan ditu Azkoitiak bere hitzartzean, etxekoentzat, alderdiarentzat, azken bi agintaldietan ondoan izan dituen zinegotzi guztientzat zein Zubizarretarentzat. Hura "bidelagunik onena" izan duela azpimarratu du Azkoitiak. Herritar guztiekiko ere esker oneko azaldu da alkate berria: "Guztiok bidali diguzue mezu bat [hauteskundeetan] ateratako emaitzekin: hausnartu eta ikasi".

Alkate berriaren arabera, "lana beste modu batera" egin beharra dago: "Gizartea aldatzen ari da, eta guri, politikarioi, horretara egokitzea dagokigu". Hori hala, agintaldi berriko herrigintzarako oinarriak "elkarrizketa, akordioa eta elkarlana" izango direla azaldu du hark. "Batzen gaituen proiektuetan elkar hartuta, eta batzen ez gaituztenetan, ardurak banatuta, izan daitezela azkoitiarrentzat lau urte oparo, eragile desberdinak bidelagun ditugula". Hark berretsi du hasi berri den agintaldia "elkarrizketena eta akordioena" izango dela. "Elkarrekin konpontzera behartuta gaude, erantzukizuna mahai honen bueltan gauden denona da". 

"Lanerako, bizitzeko eta gozatzeko" Azkoitia eta "bailara erakargarria" izateko lan egingo duela agindu du hark, eta "udal irekia, prestua eta gertukoa" izaten jarraituko dutela azpimarratu.

Udalbatzarra, normaltasunez

Aspaldiko betekadarik handiarena hartu du gaurkoan udaletxeko bilkura aretoak, eta 12:00ak jotzerako, urduritasuna zen nagusi udalbatza berriko hautetsien zein han elkartutako herritarren artean. Kargu hartze ekitaldiko ohiko prozedura jarraitu du udalbatzarrak, eta normaltasunez egin dituzte formalizazio guztiak. Hasteko, Adin Mahaia osatu dute, eta udalbatzako kide gazteenak, Nagore Orbeak (EH Bildu), eta zaharrenak, Marijose Arregik (EAJ), gidatu dute saioa. Segidan, hautetsi guztiek kargu hartu dute, banan bana. Ohiko moduan, "legeak horrela agintzen didalako" eta "legeak horrela behartzen nauelako" formulak erabili dituzte EAJren zein EH Bilduren ordezkariek.

EAJren, EH Bilduren, Azkoitia Bairen eta PSE-EEren zerrendaburuek hartu dute hitza segidan. Hain zuzen, Asier Altuna EH Bilduren zerrendaburuak bere hitzartzean iragarri du taldearen botoa. "Azken hemeretzi egun hauetan, herritarrengandik jasotako babesarekin alternatiba posible guztiak landu ditugu. Zoritxarrez, aldaketa hori gauzatzeko, bidai kide izan zitekeen Azkoitia Bai izan da zailtasun gehienak jarri dizkiguna. Inkomunikazioa da haren eskutik jaso duguna, haiekin biltzeko, hitz egiteko... Egunotan, uko egin diote gurekin biltzeari, eta horrela zaila da konfiantza eraikitzea eta agintaldi berrirako oinarriak jartzea. Udalean, lau alderdion gobernua osatzea proposatu digute; 'hori hartu edo utzi', izan da beraien dilema. Ez gara elkar ulertzera iritsi". Altunaren arabera, hauteskundeetako emaitzekin koalizioak jaso duen "erantzukizun politikoagatik", alkatetzara aurkeztea erabaki du koalizioak.

Altunaren arabera, koalizioaren jarduna "zaurgarrienen aldekoa" izango da, "murrizketa sozialik egon ez dadin" eta "bizitza duinerako eskubidea berma dadin". Proiektu "aurrerakoi, independentista, feminista eta euskaltzalea" izango da berea.

Azkoitia Bairen Jose Joakin Etxanizek Altunaren adierazpenei erantzun die bere hitzartzean, baina gaurko ekitaldia "tira-biretan" hasteko unea ez dela esan du hark; "horretarako lau urte ditugu". Hark azpimarratu du "denen arteko gobernua osatzeko lanean" jarraituko duela taldeak, "bakoitzak hauteskundeetan jaso dituen emaitzen proportzioan".

Ana Azkoitiak, bere aldetik, azaldu du azken hiru asteetan EAJk hainbat proposamen egin dituela, eta hasieratik lauko gobernuaren aldeko apustua egin dutela azaldu du. "Hitza, ikusgarritasuna eta erabakigarritasuna alderdi denok izan dezagun nahi dugu, betiere zerrenda bozkatuena errespetatuta". Hauteskundeetako emaitzak kontuan izanda, autokritika ere egin du artean alkategai zenak. "Gai batzuetan herriari entzuten ez dugu asmatu, eta egindako akatsek ikasteko balio diezagutela".

Janire Igoa Azkoitiko PSE-EEren zerrendaburuak, bere aldetik, "oso positibotzat" jo du alderdiak udalean zinegotzi bati eustea, eta datorren agintaldian "etorkizuna duen Azkoitia baten alde" lanean jarraituko duela agindu du hark. "Espero dugu ordezkaritza lortu duten beste alderdien nahia ere berbera izatea eta Azkoitia hobeago baten alde lan egitea", gaineratu du hark. 

Bakoitzaren hitzartzearen ondotik hasi dira bozketa eta haren kontaketa. EAJk zortzi boto eskuratu ditu; EH Bilduk, sei; eta Azkoitia Baik, hiru. Horrenbestez, gehiengo soilarekin, Azkoitia izendatu dute alkate. Herritarrek txaloz hartu dute alkate berriaren izendapena, eta emozioa izan da nagusi han elkartutako jeltzaleen artean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide