Maxixatzen elkartearen etorkizuna zehazteko azken mintegia egingo dute asteartean

Nerea Uranga 2023ko eka. 16a, 09:00

Maiatzaren 6ko mintegia. (Maxixatzen)

Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen etorkizunaz aritzeko bigarren mintegia izango da ekainaren 20koa. Elkarguneko Herriko Plaza aretoan egingo dute bilkura, 18:00etatik 20:00etara.

Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen etorkizuna zehazteko lehenengo bilera egin zuten maiatzaren 20an Elkargunean; elkarteko kideen arabera, "bilera mamitsua" izan zen. Bilkura hartan jaso zituzten ekarpenekin, Maxixatzenen etorkizuna zehazteko bigarren eta azken mintegia egingo dute ekainaren 20an, datorren asteartean, 18:00etatik 20:00etara, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Hil honen hasieran egitekoak ziren bigarren batzar hori, baina hainbat pertsonak ezingo zutela egun horretan parte hartu, eta bi astez atzeratu zuten.

Maxixatzenen lehenengo mintegian, maiatzekoan, batik bat lehena eta oraina izan zituzten hizpide, Julen Garate Maxixatzeneko kidearen esanetan: "Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen jatorria, nondik datorren, eta gaur egun zer egoeratan gauden izan genituen hizpide".

Asteartean egingo duten bigarren mintegia aurrekoa "borobiltzeko" izango dela azaldu du Garatek. "Lehen mintegian jasotako informazio guztia saioan parte hartu zuten 40 lagunei bidali diegu. Eta astearteko mintegia, etorkizuna nola irudikatzen duten izango dute gogoetarako gaia. Horretarako, agian, militantzia eredu berriak aztertu beharko dira, eta inguruetan funtzionatu duten beste eredu batzuetaz hitz egingo da: Faktoria edota Derioko [Bizkaia] Lau Haizetara euskara elkartea". Mintegiaren lehen zatian hori guztia aztertuko dute, eta ondoren, Azkoitirako hemendik aurrerako  ikusten dutenaren inguruan ariko dira, lantalde txikietan.

Emunek talde eragileari galdera batzuk egin dizkio, eta horiei erantzunez, asmoa da aurrera begira Maxixatzen Euskaldunon Elkartea nola ikusten duten irudikatzea.

40 lagunek parte hartu zuten lehen bileran, eta asteartekoan kopuru hori "gainditzeko edota berdintzeko asmoa" dutela azaldu du Garatek. Beraz, maiatzekoan parte hartu ez zuen norbaitek astearteko mintegian parte hartu nahiko balu, mezua maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora bidaltzeko edota 675 85 71 11 telefono zenbakira deitzeko eskatu dute. Eta gauza bera egiteko galdegin diete bigarren mintegira joan ezin baina informazioa jaso nahi dutenei, "mezua bidali lasai edo telefonoz hots egin", egin dute gonbita.

Mintegien prozesua amaitzen dutenean, udara ondoren, bazkideekin ondorioak partekatuko dituztela aurreratu dute Maxixatzen elkartekoek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide