Taghiako herria eguzkiz blaitzeko

Andoni Elduaien 2023ko eka. 14a, 09:00

Aitzol Ibarzabal eta IƱaki Arakistain. (Andoni Elduaien)

Marokoko Atlas Garaian dagoen Taghia herrixkako etxeak urez hornitu nahi ditu Taghia Eguzkiz Blai egitasmoak. Eguzki plaken bidez, herritik urrun dituzten ur deposituak jarri nahi dituzte martxan. Iñaki Arakistain eta Aitzol Ibarzabal dira proiektu horren atzean dauden lagunetako bi. 2023ko ekaineko Maxixatzen aldizkarirako egindako erreportajea da hau.

Iñaki Arakistain (Azkoitia, 1984) eta Aitzol Ibarzabal (Azpeitia, 1992) alpinistak eta eskalatzaileak dira, eta bi lagunek proiektu bat dute abian Taghian (Maroko). Taghia Eguzkiz Blai egitasmoaren sustatzaileak dira, eta beste hainbat lagunekin batera, Atlas Garaian dagoen herrixka horri lagundu ahal izateko proiektua gauzatu nahi dute lehenbailehen. Hain justu, Taghiako herritarrek beren etxeetan ura eskuragarri izan dezaten nahi dute. Itsas mailatik 1.900 metrora dago Taghia, eta herrixkaren atzean 4.000 metroko mendi bat dago. Ibaiaren eta mendiaren artean dago herrixka; ibai aldea berdea da, eta handik gorako lurra, hondarra. Ibarzabalen esanetan, imajinaezina da Taghia. "Marokori buruz aurreiritziren bat duen batek ezin dezake imajinatu Taghia nolakoa den; berdeagoa eta marroiagoa da, kontraste polita egiten dute". Taghiako biztanleak berbereak dira, eta Arakistainek azaldu duenez, "mendialdean eta basamortuan soilik" eutsi diote haiek beren hizkuntzari.

Taghia herrixkaren irudi bat. (Utzitakoa)

Taghia Eguzkiz Blai proiektuaren sorburua 2021eko apirila izan zen. Taghiako herrian dauden hormak eskalatzera joan zen bikotea. Arakistainen "hirugarren aldia-edo" izan zen hura; Ibarzabalena, berriz, aurrenekoa. Bikotearen harridurarako, Taghiako Said mandazainak esan zien urtebete inguru-edo bazeramatela han atzerritarrik jaso gabe. "Paretako eskalatzaileontzat oso ohikoa da Taghiara joatea. Euskal Herritik hara bidaia egitea oso erosoa da, ekonomikoa, eta gainera, jenderik ez baldin badago, paradisua da hura". Pandemia tarteko, "aske ibiltzeko zailtasun handiak" zeuden orduan, baina hala eta guztiz, bidaia egitea erabaki zuten. "Hemen ez zuten kasik irteten ere uzten. Hegazkinek bidaiak egiten zituzten, ordea, eta Madrilen hegazkina hartu eta Taghiara iritsi ginen", azaldu du azkoitiarrak.

Taghia herrixkaren ibaiaren irudietako bat. (Utzitakoa)

Bizipen hura "oparia" izan zen bikotearentzat; izan ere, eskalatzeko horma guztiak beraientzat izateaz gain, Saidekin nahiz haren etxekoekin beste egonaldi batzuetan baino harreman estuagoa egiteko aukera izan zuten. Herrixkan zeuden egun batean, Casablanca hiritik bidalitako elikagaien sorta bana iritsi zen herrixkako etxe bakoitzera, eta une hark zer pentsatua eman zien bi bidaiariei. "Halako irteeretan, eskalatzetik at, denbora asko egoten da hausnartzeko eta pentsatzeko". Hausnarraldi horietako batean sortu zitzaion bikoteari herri hartan laguntza eskaintzeko ideia.

Taghia herrixkaren irudi bat. (Utzitakoa)

Etxera itzulera, ideia bultzatzeko

Eskalatu beharreko hormak eskalatuta, Euskal Herrira itzuli ziren bi lagunak. Arakistainek Tolosaldea LHI Lanbide Heziketako Ikastegian egiten zuen lan orduan, eta internazionalizazioaz hitz egiten hasi ziren egun batean. Orduan atera zuen azkoitiarrak mahai gainera buruan zuen asmoa. "Eskola horretan arropa bilketak-eta egin izan dituzte atzerrian laguntzeko. Taghiako herria urez hornitzeko ideia atera nien mahaira, baina zerbait konkretua behar zutela erantzun zidaten". Azkoitiarra eta haren lagunak eskalatzera zihoazen egun batean, Taghiako Mohamedi –Saiden semea– idaztea pentsatu zuen Arakistainek. "Gauza bat da norberak buruan duena, eta beste bat, hango herritarrek sentitzen dutena. Mohamedi idatzi nion laguntzeko modua izango genukeela esanez. 83 bat etxek osatzen dute Taghia, eta Mohamedek guztien artean bilera bat egiten uzteko eskatu zidan. Astebetera-edo deitu zidan, eguzki plaken bidez etxe guztietara ura iristea behar zutela adieraziz".

Taghia eskalatzeko ohiko guneetako bat da. (Utzitakoa)

Aurrez, Taghian ur hornidurarekin zegoen arazoa hobetzeko, Marokoko Gobernuak proiektu bat jarri zuen martxan; besteak beste, bi ur depositu eraiki zituen, eta gasoliozko motor batekin depositu batetik bestera ura garraiatzea zuten helburu, gero handik ura herri osora zabaltzeko. "Etxe guztietara dago zabalduta ur hoditeria. Ordea, motorrek herriaren goialdean dagoen depositura ez badute ura ponpatzen, alferrikakoa da guztia. Gainera, gasolioa hemengo prezioan dago. Behin egin zuten proba, baina gasolioaren litroa euro eta erdi ordaindu behar izan zuten", adierazi du Arakistainek.

Taghiako arazoa ez da ur gabezia; hango arazoa ura etxe guztietara iristeko azpiegitura falta da. "Herri aberatsa da Taghia. Asko bidaiatu dut Marokon zehar, eta oro har, urik ez da zabaltzen inon. Taghian, ordea, ur asko dute, eta horregatik, ezinezkoa da etxeetara urik ez iristea. Mendiko ura dute, sekulakoa, harri azpitik ateratzen dena". Bikoteak azaldu du egun taghiarrek oinez bide bat egin behar izaten dutela uraren bila joateko. "Herrixkaren behealdekoek ordu laurden bat behar izaten dute uraren bila joateko; goiko herritarrek, ordea, denbora gehiago behar dute joan-etorri hori egiteko. Haiek elurra egiten duenean jasotzen dute soilik ura, baina euririk egiten ez duenean, urik gabe gelditzen dira".

Horren aurrean, batetik, herrixkaren egoera zehatza nolakoa zen ikusteko argazkiak jaso zituzten bi lagunek, eta bestetik, Google Earth aplikaziotik ateratako herrixkaren planoak. Iazko udaberrian, berriz, Arakistain Taghian izan zen, eta egoera sakonago ikusi ahal izan zuen. "Guztia grabatuta ekarri nuen handik, eta egin beharreko lana, izatez, ez da zaila. Herriaren gaineko deposituan mendixka bat dago, eta ez du ingurumen inpaktu handirik eragingo han eguzki plakak jartzeak; izan ere, eguzkia egun osoan dute han". Mendixkan eguzki plakak jarri nahi dituzte, handik behera lotura bat sortu eta eguzki plakekin erabiltzen den bonba berezi batekin aurrez instalatuta dagoen ur hoditeria baliatu. Hala lortu nahi dute ura herrixka osoan zabaltzea.

Bildutako dokumentazio guztia Tolosako eskolara eraman zuen azkoitiarrak, eta guztia martxan jartzeko moduan izan ziren. Elkarlanak bide eman zuen une hartan. Hori baino lehen, baina, dirua biltzeko finantzaketa kolektiboa oinarri zuen kanpaina bat abiatu zuten proiektuaren sustatzaileek, eta webgunea nahiz sare sozialetako profilak sortu zituzten. Eskolako arduradunek azkoitiarrari esan ziotenez, "bizitza osoan zain zeuden proiektu erreala" jaso zuten. Eta hain zuzen, une hartan hartu zuen proiektuak "bestelako martxa bat", eskolako modulu desberdinen arteko elkarlana abiatu baitzuten orduan.

Dirua biltzea, asmo nagusia

Taldearen asmoa da urriaren amaieran edo azaroaren hasieran Taghiara joatea eta proiektua gauzatzea. Horretarako, ordea, 50.000 euro inguru bildu behar dituzte. "Epeetan sartzeko, diru ekarpenak mila bider azkartu beharko du. Ordurako ezin bada, hurrengo urtera atzeratu beharko dugu lana, garai horretan eguraldi baldintzak ez dira-eta onak izaten". Dirua bildu, beharrezko materiala erosi eta irailean eskolan lehen proba bat egitea da haien asmoa. Aurrez, ordea, Taghiara eramango duten materialaren zerrenda igorri beharko diete aduanako kudeatzaileei.

Helburua ahalik eta lasterren betetzeko, bikoteak herritarrei egin die deia. "Argi dugu proiektu hau gauzatu egingo dugula; zorte pixka batekin, gainera, mundu mailan zabal daiteke. Guztion esku dago hori horrela izatea". Sustatzaileek dioten moduan, borondatetik sortutako proiektua da Taghia Eguzkiz Blai, eta herriaren borondatetik iritsiko da soilik bere gailurra zapaltzera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide