Asper al naiteke?

Andoni Elduaien 2023ko eka. 17a, 09:16

Kings League txapelketaren partida bateko irudia. (Kings League)

Andoni Elduaien kazetariak maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Asper al naiteke?'.

Futbolaren sektore batean gertatzen ari dena ere bada gizarte honen ispilua, zoritxarrez. Zenbait youtuberrek, futbol jokalari ohi ospetsu eta polemiko batekin batera, futbol formatu berri bat asmatu dute. Ohiko futbol formatua nonbait aspergarria dela eta, ikusleak entretenitzeko asmoz jarri dute abian Erregeen Liga deitu dioten futbol txapelketa. Ikus-entzuleak ez aspertzea da haien helburu nagusia, eta aurrerantzean (errespetu osoz eta inor mintzeko asmorik gabe), Getafe-Almeria bezalako partiden 90 minutu ez irentsaraztea.

Txapelketa horretan hogei minutuko bi zati jokatzen dituzte, eta aldaketak mugagabeak dira. Gainera, zelaia txikiagoa delako eta jokalari gutxiago daudelako, gol gehiago ikus daitezke. Klubetako presidenteak dagoeneko ez dira enpresari serioak, Interneteko 'izar' dibertigarriak baizik. Ohiko futbol partidak eta bideo-jokoak komentatzeagatik egin dira ospetsu presidente horiek. Baina hori ez da guztia. Talde bakoitzak bi baliabide ditu partidan zehar: batetik, dadoak, eta bestetik, kartak. Halako batean, dado erraldoi bat botatzen dute zelaira, eta ateratzen den zenbakiaren arabera, zelaian dagoen jokalari kopurua aldatzen dute; bat zenbakia ateratzen bada, partida buruz burukoa da; hiru zenbakia ateratzen bada, berriz, taldeak hiru jokalarirekin aritzen dira. Kartekin ere antzera gertatzen da; izan ere, presidente bakoitzak karta bat aukeratzen du ausaz, eta edozein unetan bere taldearen mesedetan erabiltzeko aukera izaten du. Kartek aukera ematen dute, besteak beste, gol batek hiru bider balio izateko, aurkaria zigortzeko edota nahi denean penalti bat jaurtitzeko.

Badirudi aspertzea dela inori bizitza honetan gerta dakiokeen gauzarik txarrena

Egun debekatu egin digute aspertzea. Baita futbolean ere. Badirudi aspertzea dela inori bizitza honetan gerta dakiokeen gauzarik txarrena. Irakasleen klaseek dibertigarriak izan behar dute; kazetariok albiste entretenigarriak idatzi behar ditugu; telesailek atal laburrak izan behar dituzte guztia kolpean ikusteko; sare sozialetan une dibertigarriak argitaratu behar ditugu, bestela jarraitzaileek soso bat zarela pentsatuko dute... Haria etengo dut.

Nahi duten adimen artifizial guztia jarriko digute, baina beti eman beharko zaigu pertsonoi gauzak ikasteko denbora. "Azkar eta ondo, usoak hegan", dio esamolde batek. Nahitaez, denbora behar dugu bizitzako arazoak konpontzeko edo etorkizunari buruz hausnartzeko. Mugikorrean bideoak abiadura bikoitzean ikusteko aukera baldin badugu ere, bizitzan ezin diogu eskatu albokoari duen arazoa guri azkar kontatzeko. Internetak arreta falta eta kontzentrazio arazoak eragiten ditu, besteak beste. Internetaren erabilera txarra salatzeko modu bakarra asperdura aldarrikatzea da. Beraz, asper zaitez!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide