Gipuzkoako hainbat zahar etxetako egoiliarrek bisitari bereziak izango dituzte maiatzean. Bertsolari bikote bat joango da zentro bakoitzera, eta ordubete inguruko saioa egingo dute. Adin Adin da egitasmoa. Ez da ideia berria, zortzigarren aldia izango baita aurtengoa.
Jaione Sagarna Matia fundazioaren Zumaiako Otezuri zahar etxeko gizarte langilearen arabera, "oso positiboa" da dinamika, eta, horregatik, urtetik urtera "geroz eta egoitza gehiago" batu dira egitasmora. Aurten, Gipuzkoa osoko hamazazpi udalerritako 21 zahar etxek hartuko dute parte –hemezortzik parte hartu zuten iaz–. Adin ezberdineko 25 bertsolari gipuzkoar arituko dira kantuan, iaz baino sei gehiago.
Sagarnak kontatu du "hartu-eman handiko" egitasmoa dela. Izan ere, egoiliarrak, entzule baino gehiago, "saioko partaide" dira. Interakzioa sustatzeko, zahar etxe bakoitzeko dinamizatzaileek eta animatzaileek aurretik prestatzen dituzte bertso saioak egoiliarrekin, jakiteko zein bertso zahar eta herri kanta dituzten gogoko; Behin batean Loiolan, kasurako. Gainera, egunean bertan, bertsolariekin kontu kontari aritzeko aukera izaten dute. Bertsolariek, berriz, egoiliarrek esandakoen arabera sortzen dituzte bertsoak. Maialen Akizu bertsolariak aitortu du "oso polita" dela adinekoekin bertsotan aritzea: "Euren istorioa kontatzen dugu guk, eta gogotsu egoten dira". Adinekoei eurei ere bertsotan hasteko gutxi falta izaten zaiela gaineratu du. Akizu oroitu da behin egoiliar batek bertso bat eraman ziela idatzita; Sagarnak, berriz, aitortu du egoiliarren partetik bertsorik ez, baina irrintziak eta txistu doinuak entzun dituela.
Azkoitiko San Jose egoitzako saioarekin hasiko da aurtengo edizioa; asteazkenean izango da hitzordua, 17:00etan, eta Eneritz Artetxe eta Sebastian Lizaso ariko dira kantuan.
Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.