Ione Zuloagak goraino bete du Elkarguneko Oteiza aretoa

Andoni Elduaien 2023ko api. 26a, 09:29

Juan Bautista Mendizabal eta Ione Zuloaga. (Andoni Elduaien)

Gerra garaian eta gerra ostean emakumeek pairatu zuten errepresio frankistaren inguruan aritu zen Aranzadi zientzia elkarteko ikerlari eta historialari azkoitiarra. Oteiza aretoko aulki guztiak beteta, herritar batzuk zutik jarraitu behar izan zuten hitzaldia.

Aranzadi zientzia elkarteko Ione Zuloaga historialari eta ikerlari azkoitiarrak hitzaldia eskaini zuen atzo, asteartea, Elkarguneko Oteiza aretoan. Hain justu, gerra garaian eta gerra ostean emakumeek pairatu behar izan zuten errepresio frankistaren inguruan hitz egin zuen hark. Aretoa goraino bete zuten herritarrek, eta herritar batzuk zutik jarraitu behar izan zuten hitzaldia.

"Historiako garai bat ulertzeko, aurreko garaia ere ulertu egin behar da", esan zuen Zuloagak solasaldiari ekiteko. Hura 1936-1945 urteen arteko errepresioaz aritu bazen ere, "aurretik muga" bat jarri behar dela esan zuen. Hain justu, Miguel Primo de Riveraren diktaduraren osteko 1931ko apirilaren 12ra zuzendu zen ikerlaria, egun horretan egin baitzituzten udal hauteskundeak. Errepublikaren alde zeuden alderdiek irabazi zituzten hauteskundeak zenbait hiritan, eta errepublika aldarrikatu zuten segidan. Hain justu, emakumeen eskubideen inguruko aldarrikapenak instituzioetara-eta "II. Errepublikaren garaian" iritsi zirela azaldu zuen Zuloagak.

Garai hartako zenbait emakumeren irudiak aurkeztu zituen Zuloagak bere hitzaldiaren puntuak azaltzeko. Hasteko, errepublikaren garaian emakumeen eskubideen alde egin ziren legeztatzeak aipatu zituen hark, hala nola bozkatzeko eskubidea, dibortzio legea, abortatzeko eskubidea bermatzen zuen legea –betiere hamabi asteko haurdunaldiaren barruan bazen– edota prostituzioaren abolizioa jasotzen zuen legea; garai hartan, adulterio legea ere bertan behera utzi zutela nabarmendu zuen Zuloagak.

Herritarrek goraino bete zuten Oteiza aretoa. (Andoni Elduaien)

Errepresioa Azkoitian

Emakumeek jasandako errepresio frankistaz aritu zen Zuloaga, eta hango nahiz hemengo kontuak azaldu zituen. "Tropa frankistak herrietan sartu ahala, ilea mozten zieten militanteak izan ziren emakumeei, militanteen senideak ziren emakumeei edo II. Errepublikako emakumeen irudia bete zutenei. Sistematikoki egiten zuten hori, umiliazio bat zen".

Segidan, Zuloagak Azkoitiko kasu bat ekarri zuen gogora frankisten errepresio hura zertan oinarritu zen azaltzeko. Petronila Gomez Aizpurua zenaren istorioa kontatu zuen Aranzadiko ikerlariak, hura izan baitzen herriko errepresaliatuetako bat. "Herriko Berdura Plazan arrandegia eduki zuen Petronilak. Tropa frankistak Azkoitira sartu zirenean, Petronila hartu, ilea moztu, soinean errezino-olioa eman eta herriko kaleetan zehar bueltaka ibili zuten. Hori guztia egin zioten Petronila gorria eta ezkertiarra zelako".

Haren familiaz ere aritu zen Zuloaga. Ikerlariak azaldu zuen bere semeetako bat Errepublikako gobernuaren alde gerran ari zela Gasteiz inguruan jipoitu eta bide bazterrean utzi zutela frankistek. "Petronilari deitu egin zioten, eta bere semaren azken arnasa entzutera joateko aukera izan zuen. Semea bere besoetan hil zitzaion Petronilari, eta alboan zuen frankistak semea besoetan hartzeko ere gorria zela esan zion azkoitiarrari; izan ere, semea ezker besoarekin hartu baitzuen".

Azkoitira itzuli eta bere arrandegian lanean jarraitu zuen Gomezek, baina ez zitzaion erraza egin negozioari eustea. "Bezeroak dirurik gabe joaten ziren bere arrandegira arraina erostera, eta Petronilak eman egiten zien haiei arraina. Bezero horiek soldata jasotzen zutenean, gainera, muturren aurrean erakusten zioten dirua Petronilari, eta beste arrandegi batera joaten ziren arraina erostera, hari egundoko zorrak eraginez. San Martin auzoan bizi zen Petronila, eta etxerakoan frankistek txapliguak-eta botatzen zizkiotela era jakinarazi zuen. "Nola ez, korrika ihes egin behar izaten zuen etxera".

Aranzadiko kideak azaldu zuen Gomezi "hilerokoa-eta moztu" egin zitzaizkiola, eta handik gutxira, sabela handitzen hasi zitzaiola. "Bere senarra Juingo dorreko kartzelan zegoen preso, eta herriko frankistek hilabeteak kontatzen zizkioten hari, Petronila haurdun zegoela salduz. Sabelak 11 hilabetez jarraitu zuen handitzen, harik eta Donostian egin zioten ebakuntza batean 11 kiloko tumore bat kendu zioten arte".

Errepresio horiez gain, besteak beste, garai hartan emakumeenganako bortxaketak, espetxeratzeak, dispertsioa, gerra kontseiluetako akusazioak nahiz epaiak, haurrak kentzea, fusilatzeak eta herritik kanporatzeak zein erbesterako ihesak ere izan zirela adierazi zuen Zuloagak. "Herri txiki eta ez industrializatuetan Emakumeen Abertzale Batzako emakume militanteek jasan zuten errepresioa. Aldiz, industrializatutako herri txikietan eta hiri handietan anarkistek, errepublikazaleek, sozialistek eta komunistek jasan zuten errepresioa, baita II. Errepublika babestu zuten emakumeek ere".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide