Azkoitia Bai herri plataformak maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako hautes zerrenda aurkeztu du gaur, larunbata, Laja jatetxean egin duen ekitaldian. Herri plataformako dozenaka kidek eta herritarrek jarraitu dute aurkezpen ekitaldia bertatik bertara.
Taldeko argazkiak atera ondoren, Jose Joakin Etxaniz Toke Azkoitia Bai herri plataformaren alkategaiak hainbat azalpen eman ditu; tartean hautes zerrenda aurkeztu du. Hain justu, honako hauek osatzen dute, hurrenez hurren: Jose Joakin Etxaniz, Nerea Machado, Janire Astigarraga, Jesus Maria Larrañaga, Mariano Catalina, Maialen Silvan, Amaia Andreu, Iñaki Loinaz, Mohammed Adamu, Juan Luis Arrizabalaga, Maria Lourdes Albizuri, Daniel Varela, Francisco Javier Olazabal, Nagore Silvan, Soufiane Hazim, Julen Garate, Ana Isabel Albizuri, Naroa Cabanillas, Jose Antonio Hidalgo eta Jose Ignacio Larrañaga.
Etxanizentzat Azkoitia Bai "ez da beste alderdiak bezalakoa", herri plataforman ez baitira "egitura baten menpe lan egitearen aldekoak". Hori horrela, Etxanizek esan du "beste era bateko politika" egiten dutela. "Gure gaurko pankartak dioen bezala, herritik herriarentzat egindakoak gara. Udal honetako beste alderdiek goitik edo egituratik emandako aginduak bete behar izaten dituzte, eta agindu horiek ez dira beti Azkoitiarentzat egokienak izaten. Azkoitia Bai da egitura horien menpe ez dagoen bakarra; gure egitura hemen dago. Guri botoa ematen digunak garbi eduki dezala botoa herrian geldituko dela. Botoa beste alderdi bati emanez gero, ordea, erabakiak beste nonbaiten hartzeko arriskuan egongo gara".
Era berean, EAJren hautes zerrendaren aurkezpenean Azkoitiko Uri Buru Batzarreko presidente Asier Aranbarrik adierazitakoa izan du hizpide Etxanizek. "Guk beraiei botorik ez diegula emango esan zuen hark. Hauteskundeak amaitu eta gero, Udal Gobernua eratzeko eta alkatea nor izango den erabakitzeko guk gure botoa ez diegula emango esan nahiko zuela pentsatu nahi dut". Horren aurrean, alkategaiak garbi utzi du herri plataformak ez duela "salduko" beraien botoa. "Herritarrek emandako botoa herrian geldituko da".
Parte hartzeari ere azpimarra berezia egin nahi izan dio Etxanizek. "Batzuentzat parte hartzea hauteskunde egunean hasi eta hauteskunde egunean amaitzen da. Behin eta berriz esan izan digute hori azken lau urte hauetan. Gu beti egongo gara prest herritarren kezkak eta proposamenak entzuteko eta horiei irtenbideak emateko". Hain justu, nabarmendu du herri plataformaren "kezka nagusienak" adinekoen egoitza eta Oletako eolikoen proiektua. Dena den, azaldu du bi gai horien bueltan herrian ekimena duten taldeekin eta eragileekin lan egiten duten "bakarrak" direla.
Programa eratuta dutela esan du herri plataformaren alkategaiak, eta "astebete barru" sarera igoko dutela. "Taldean egin dugu programa. Guztion artean idatzi dugu hura, eta guztion artean maketatu. Etxe guztietako buzoi guztietara iritsiko da programa laster, boto paperarekin batera". Eguerdiko ekitaldia mokadutxo baten bueltan itxi dute herri plataformakoek.