Erretratua

Pello Larrañaga: "Gurasoei esango nieke haurrak txistua jotzera animatzeko"

Naia Arrizabalaga 2023ko api. 23a, 09:49

Pello Larrañagaren erretratua. (Gorka Larrañaga)

Pello Larrañaga txistularia eta txistu irakaslea da. 9 urte inguru zituela hasi zen musika tresna hori jotzen. Eskolaz kanpoko ekintza gisa hautatu zuen txistua, osabak bultzatuta. Ordutik, ez dio txistua jotzeari utzi, eta hainbat saio zein bazter alaitu ditu azken urteetan.

Pello Larrañagak (Azkoitia, 1965) 9 urte inguru besterik ez zituenean izan zuen lehen hartu-emana txistuarekin, eskolaz kanpoko ekintza gisa. Begoña Frantzesena izan zuen irakasle lehen urteetan. Hastapenak gogoan ditu hark: "Bostetan eskolak amaitu, eta txistu klaseetara joaten ginen dozena erdi bat ikasle".

Loiolan ikasketak amaitu ostean, bere kasa jarraitu zuen txistua jotzen: "Orduan, baserrian bizi ginen, eta gogoan daukat etxeko atarian jarri eta txistua jotzen egoten nintzela askotan". Haurra zela, hala ere, bere afizioa ez zen etxera mugatu, eta zenbait ekitalditan parte hartzen hasi zen txistularia, ikastolak antolatutako hileroko mezako sarreran, besteak beste. Urte luzetako jarduna izan da berea, eta urte hauetan guztietan txistuak eman dion gauzarik onena "lagun talde" dela adierazi du.

Azkoitiko Dantzari Txiki Eguna urteroko zita bihurtu zen txistulariarentzat. Egun horretarako txistulari gazteen falta izaten zutela gogoan dauka hark: "Gure aurreko txistulariak bazeuden: Txalkor, Txanbolin, Kandido [Beristain], besteak beste. Haiek igandeetako diana jotzen zuten herrian, baina dantzari txikienean, tarteka. Hortaz, gu hasi ginen txistulari faltari buelta ematen".

Txistulariaz gain, irakaslea ere bada Larrañaga. Duela hogeita hamasei urte, guraso baten proposamenaren harira hasi zen irakasle lanetan. Xabier Munibe Ikastolan, eman zituen lehen pausoak, orduz kanpoko ekintzetan: "Haurra nintzela jaso nuena, neu hasi nintzen ematen".

Gaur egun, 15 urte inguruko bi nerabe eta helduen talde bat ditu ikasle. Herrian txistuarekiko zaletasuna badagoela onartzen badu ere, afizioaren etorkizuna "kolokan" sumatzen du, herrian zein herritik kanpo. Jendeak txistua ikasteko joerarik ez duela argi du azkoitiarrak: "Nire ikasleetatik bi soilik dira nerabeak, eta Bizkargi musika eskolan ere ez da ari jende asko txistua ikasten". Hori dela eta, jendea txistua jotzera bultzatzea nahiko lukeela aipatu du azkoitiarrak: "Gurasoei haurrak txistua jotzera animatzeko esango nieke".

Eskolak emateaz gain, azkoitiarra larunbatero irteten da Txalkor txistulari taldearekin kalejiran. Larrañagarentzat "zita berezia" da larunbaterokoa. Hain zuzen, asteroko jarduna izanik, kalejirak jarraitzaileak ere badituela adierazi du hark, eta esker oneko agertu da. Adibide bat ere eman du: "Larunbatero Mailu Barrenak txaloak jotzen dizkigu Koxka tabernaren aurrean, eta asko eskertzen dugu". Asteroko kalejiraz gain, martxotik abuztu erdialdera arte beste hainbat ekitaldi ere izaten dituzte, gehienetan "dantzekin" lotutakoak.

Ofizioz, Azkoitiko Udaleko Gazteria Saileko teknikaria da Larrañaga, 2007az geroztik, eta egun, Elkarguneko koordinatzailea ere bada. Haurrei eta nerabeei zuzenduriko zerbitzuak kudeatzeaz arduratzen da, izan nerabeentzako Artxamendi topalekuan edo haurrentzako Abarketatxo ludotekan. Horrez gain, Gazteria Sailak antolatzen dituen ekintzak ere kudeatzen ditu.

Haurrentzat zein nerabeentzat Azkoitian "eskaintza zabala" dagoela argi du azkoitiarrak. Hala ere, batzuetan gazteengana ez direla iristen aipatu du azkoitiarrak, saiakerak egiten dituzten arren: "Nahiz eta informazioa zabaldu, ez gara haiengana ailegatzen, haiek beste behar batzuk dituztelako". Gazteen beharrak "ekintzez haratago" doazela argi du Larrañagak: "Gazteen hiru behar oinarrizko dira hezkuntza, etxebizitza eta lana".

Pello Larrañaga, Txalkorren entsegurako egoitzan. (Naia Arrizabalaga)

Nepalekiko lotura

Txistulariaz gain, bidaia zale amorratua da Larrañaga. Europako ia herrialde gehienak zeharkatu ditu furgonetan, eta kontinente zaharra ez ezik, Asiako hainbat herrialde ere ezagutzen ditu; Nepal, batez ere. 2004. urtean zapaldu zituen aurrenekoz India eta Nepal, lagun batekin egindako bidaia antolatu batean. Ordea, Nepalen soilik bost egun igaro zituzten, eta herrialdea "gehiago ezagutzeko gogoz" geratu zen azkoitiarra. Hurrengo urtean itzuli zen Nepalera, eta ordutik, sarritan joaten da hara, batez ere Katmandu eta Chitwan inguruetara.

Nepalera urtero joaten ez bada ere, urtean pare bat alditan bidaiatu izan du hara. Aur ten, hogeigarren aldiz izan da herrialde horretan. Azkoitiarrak onartu du askok Nepal mendiarekin lotzen dutela, baina hori ez da Larrañagaren kasua: "Hara joaten naizen bakoitzean galdetzen dit jendeak zergatik ez naizen mendira joaten, baina nik ez dut horretarako beharrik sentitzen". Nepalera egindako bidaiei esker, "beste errealitate" batzuk ezagutzeko aukera izan du Larrañagak: "Han, gazteek etorkizun iluna dute; gehienek ingelesa ikasi eta atzerrira jo nahi dute". Hala ere, azaldu du herrialdea aldatzen ari dela ur tez urte, "poliki" bada ere: "Lehenengo aldiz joan nintzenetik asko aldatu da Nepal". Zentzu horretan, han "ikaragarri ikasi" duela azpimarratu du azkoitiarrak: "Daukaguna estimatzen irakatsi dit, eta Azkoitira itzultzean konturatzen naiz hemen zer ondo bizi garen". Horrez gain, "lagun asko" eman dizkio Nepalek, azkoitiarraren hitzetan, hango herritarrak "oso irekiak" direlako. Bidaiaz haratago, beraz, harreman eta lotura "handiak" eraiki dituela adierazi du azkoitiarrak. Horren adibide garbia da Nepalen lagun egin zuen eta Azkoitian berarekin bizi izan den lagun bat duela.

Gainera, Nepalera egindako bidaiek txistuaren zaletasunarekin loturarik ez badute ere, pare bat aldiz eraman izan du tresna hara: "Txistua jo izan dut, esaterako, hango pare bat ezkontzatan. Nepaldarrei ez zaie arraroa egiten txistua, antzeko beste instrumentu bat badutelako han ere".

Motzean

  • Adina: 58 urte.
  • Ikasketak: Delineatzaile ikasketak eta zine eta bideo eskolan ikasketak.
  • Lanbidea: Elkarguneko koordinatzailea eta Gazteria Saileko teknikaria.
  • Txistularia ez banintz… dultzaineroa izango nintzateke.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… lagunengana joatea edo oinez ibiltzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide