Intza Lizarazu: "Beste pixka batean gertatuko ez den zerbait pasatu da aurten"

Nerea Uranga 2023ko api. 20a, 09:00

Intza Lizarazu azken denboraldiko partida batean. (Mikel Amenabar)

Challenge Ligatik jaitsi direla barneratzea kostatzen ari zaiola dio Intza Lizarazu Domusa Teknik ISBren kapitainak. Aurreko denboraldiaren aldean, lehia gogorra izan da azkenengoan, Lizarazuren arabera.

Bukatu du denboraldia Espainiako saskibaloiko emakumeen Challenge Ligako Domusa Teknik ISB taldeak. Azken neurketa, apirilaren 8an, Madrilen Real Canoeren kontra irabazi (53-59) arren, tristea izan da sasoiaren hondarra Iraurgiko emakumeen talde nagusiarentzako; sailkapen nagusian lau talde berdinduta gelditu ziren, baina maila galtzea egokitu zaie. Asteak pasatu diren arren, gertatu zaiena "barneratu nahian" dabil Intza Lizarazu (Azkoitia, 1991) taldearen kapitaina.

Denboraldiko jardunaldi guztiak jokatu ostean, lau talde berdinduta gelditu zarete sailkapenean, baina Domusa Teknik ISBri egokitu zaio mailaz jaistea. Zer gertatu da?

Beste pixka batean gertatuko ez den zerbait gertatu da denboraldi bukaera honetan; izan ere, oso-oso zaila da lau talde berdinduta gelditzea eta azkenengo jardunaldian irabazita ere maila galtzea. Puntuazioetan, lauko berdinketan azkenak gu ginen, eta zoritxarrez, azkenengo jardunaldiaren aurretik ez genuen jakin hori konpontzen. Madrilera mailari helduko genion itxaropenarekin joan ginen, baina ez zegoen gure esku...

Denboraldi bukaera tristea, beraz.

Bai, poliki-poliki gerta zitekeenaz jabetzeko denbora eduki genuenik ez nuke esango, baina maila galdu genezakeen kezka hori hor genuen beti. Dena den, ezin genuen egon beste taldeen emaitzen zain. Madrilen nahiko partida txukuna jokatu genuen, baina egia da besteen emaitzen zain egon ginela, eta jokatzen ari ginen bitartean, bagenekien besteak ere zertan ari ziren. Partida bukatutakoan, nahiz eta irabazi, ospatzeko aukerarik ez genuen izan.

Maila galtzea ez zenutela merezi esan dute saskibaloi klubak zein Joseba Lizarralde taldearen entrenatzaileak.

Ilusio osoarekin sortutako taldea eta proiektua da, eta kirol aldetik emaitzak ez dituzula lortu ikustea beti da pixka bat penagarria.

Denboraldian bajak ere izan ditu taldeak, ezta?

Bai, hor tartean baja garrantzitsu bat eduki genuen; Juana [Molina] gure joko antolatzailea bi hilabetez egon zen kantxetatik kanpo. Bera da gure erreferente nagusia, eta hura falta izateak eragin egin zuen emaitzetan.

Taldearen kapitaina zaren aldetik, zer sentipenekin gelditu zara denboraldiaren bukaeran?

Behin denboraldia bukatuta, pentsatzen eta buruari bueltaka ari naiz: "Hau egin izan bagenu lehenago, eta bestea egin izan bagenu...". Denboraldiaren lehen zatia ez zen nahi genuen bezalakoa izan, hiru partida besterik ez genituen irabazi, eta horrek zama handia ekarri zigun ondoren. Bigarren itzulia, aldiz, oso-oso ona egin genuen, baina ja berandu zen. Azkenengo partidara pixka bat disfrutatzera edota lasai joatea nahi genuen, baina ez zen posible izan. Azken partidak nahiko onak egin genituen arren, atzetik genituenek gainditu egin gintuzten. Lehen esan bezala, aurten gertatu dena gertatzea oso-oso zaila da, eta justu gu tartean izatea... Niri, behintzat, arantza hori kentzea kostatuko zait. Hala ere, talde polita izan dugu, eta gure artean harreman ona eduki dugu; horrekin gelditzen naiz. Kirolean hori baloratu beharreko zerbait da; emaitza onak izatea ona da, baina egunero zabiltzan taldekideekin harreman ona izatea ere ona da, astelehenero aurpegi onarekin eta gustura entrenatzeak ez dauka preziorik.

Bi denboraldi egin dituzue Challenge Ligan. Zer-nolako liga da?

Aurten, bereziki, gure liga oso gogorra izan da, maila oso altua egon da. Aurreko denboraldian  bi multzotan zegoen bereizita liga: talde batzuk goiko mailan ikusten genituen seguru, eta besteak pixka bat beherago. Azkenengoan, ordea, liga oso parekatua izan da: oso talde gogorrak eta indartsuak izan dira, eta talde asko eta asko fitxaje onekin. Gero eta liga profesionalagoa da, eta hori ikusi da emaitzetan; partida bakoitza irabazteko izerdi asko bota behar izan dugu.

Joan den igandean, Juaristi ISBren eta Caceresen arteko partidaren aurretik, klubaren eta zaletuen aitortza jaso zenuten Azpeitiko kiroldegian. Horrek pixka bat animatuko zintuzten, ezta?

Zera pentsatzen genuen: "Maila galdu eta denen aurrera irten behar al dugu?". Beti geratzen da halako zera bat. Dena den, klubaren aldetik detaile polita izan zen igandeko aitortza, bi astetik behin Azkoiti-Azpeitiko harmailetara joaten den jende guztiari eskerrak emateko eta guk ere pixka bat sentitzeko jendea hor daukagula animatzen. Izan ere, azkenean, haiek guztiak gabe zailagoak dira gauzak. Eskerrak emateko modu polita izan zen.

Maila galduta, Bigarren Maila dagokizue orain. Jarri al zarete datorren denboraldiari begira?

Ez, momentuz ez. Nahiko egun tristeak eta gogorrak ari dira izaten; bakoitzak gauzak nola hartzen dituen ere bada. Ni, pertsonalki, minduta, buruari bueltaka eta gertatua barneratu nahian nabil. Datorren denboraldiari begira ez gara jarri oraindik. Nik uste dut hilabete hau inportantea izaten dela zentzu guztietan, izan ere, orain erabakitzen dira beste ligetan jaitsierak eta igoerak, eta hori dena hilabete honetan joango gara ikusten. Hortik aurrera hasiko gara proiektua berriro ere planteatzen, eta ea zer asmo dagoen.

Hogei denboralditik gora egin dituzu ISBren taldean jokatzen. Bada zerbait.

Hogei, 22... halakoren bat izango dira. Urteak azkar pasatzen dira, eta erraz esaten da, baina urte asko dira. Prozesu naturala izan da, txikitan hasi nintzen saskibaloian, eta poliki-poliki joan gara gauzak lortzen, goreneko mailara iritsi arte.

Saskibaloian segitzeko asmoa al duzu, ala oraindik ez duzu erabaki zer egin?

Zenbatek galdetu ote didate hori! Egunero horixe galdetzen didate kalean. Urteroko galdera da, baina nire asmoa, momentuz, saskibaloian jokatzen segitzea da. Baina aurretik esanda bezala, oraindik ez dakit zer proiektu edo zer asmo egongo den klubean. Nik, ordea, badaukat saskibaloian jarraitzeko asmoa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide