Zabor edukiontzi berriak jartzen ari da udala

Andoni Elduaien 2023ko api. 19a, 16:08

Aizkibel kalean aldatu dituzte dagoeneko zabor edukiontziak. (Udala)

Guztira 292 edukiontzi berri jarriko dituzte herrian. Jarduketak 310.378 euroko aurrekontua izan du, BEZ barne. Sulo Iberica S.L. enpresa izan da esleipenduna, eta edukiontziak aldatzeaz enpresa hori bera ari da arduratzen.

Zabor edukiontzi guztiak berritzen ari da udala, Urola Erdiko Mankomunitatearekin batera. Herriko "txukuntasuna" eta "guztionak diren espazio publikoak zaintzeko" asmoz ari da udal erakundea edukiontzi zaharrak kentzeko eta berriak jartzeko lanetan.

Duela aste batzuk hasi ziren edukiontziak aldatzeko lanekin. Gehienak dagoeneko aldatu dituzte, eta "falta direnak datozen egunetan" jarriko dituztela adierazi du udalak. Jarduketak 310.378 euroko aurrekontua izan du, BEZ barne. Esleipenduna Sulo Iberica S.L. enpresa izan da, eta edukiontziak aldatzeaz enpresa hori bera ari da arduratzen.

Udalak azaldu duenez, orain arte herriko kaleetan egon diren zabor edukiontziak "zaharkituak" zeuden. "Ontzi berriak ekologikoagoak, estetikoki modernoagoak, eta batez ere, irisgarriak dira". 2010ean aldatu zituen azkenekoz udalak zabor edukiontziak; organikoarenak izan ezik, beste guztiak orduan jarritakoak ziren. Udalak azaldu du edukiontzi guztiak aldatzeko eskatu ziola Urola Erdiko Mankomunitateari, eta azken asteetan horretan ari direla.

Edukiontziak, kopuruka

Guztira 292 edukiontzi berri jarriko dituzte herrian. Ontzi arinen 74 edukiontzi berri jarriko dituzte; papera zein kartoiarentzat 75 edukiontzi; organikoarentzat 70, eta errefusarentzat beste horrenbeste. Ahalmenari dagokionez, 3.200 litroko bolumena dute ontzi arinen eta paperaren nahiz kartoiaren edukiontziek, eta 2.200 litrokoa, organikoarenak eta errefusarenak.

Udalaren arabera, edukiontzi berrien abantaila nagusia da horien irisgarritasuna. "Irekitzeko askoz errazagoak eta erosoagoak dira. Edukiontzi grisek eta marroiek biraderak edo pedalak daramatzate, eskuarekin edo oinarekin depositua zabaldu ahal izateko. Aho irekia duten edukiontziek, berriz, altuera egokia dute edozein pertsonak hondakinak erraz bota ahal izateko, arauak agintzen duen 110 zentimetrokoa, zehazki", azaldu du erakundeak ohar bidez. Halaber, edukiontziak tokiz ez mugitzeko zentratzaileak jarriko dituzte.

Edukiontziak material birziklatuekin egindakoak direla nabarmendu du udalak, "%100ean birziklagarriak". "Material berarekin eginda daudenez, birziklapena errazagoa da, eta duten bizi zikloan eragiten duten inpaktua murritzagoa izango da".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide