Xake-matea munduari

Andoni Elduaien 2023ko api. 19a, 11:07

Jose Luis LarraƱaga xake jokalaria. (Argazkia: Arnaitz Rubio)

Azken hamarkadetan marka saiakera bat baino gehiago egin dituzte herriko kirolariek. Jose Luis Larrañaga xake jokalariak egindakoa, ordea, ez zen saiakera hutsean gelditu. Hark munduko errekorra egin zuen 1982ko azaroan, Azkoitiko udaletxean. Ordura arte inork egin gabea lortu zuen azkoitiarrak: 605 jokalariren aurka jokatu zuen 31 orduz eta 42 minutuz. 535 partida irabazi zituen Larrañagak, 42 berdindu eta 28 galdu. Larunbatean, xake munduak eta erakundeek omenaldia egingo diote hari Elkargunean, 10:30ean.

Anaitasuna Kakute xake klubak herrian xakearen oraina eta geroa banandu zituen xake jokalari bat omenduko du apirilaren 22an: Jose Luis Larrañaga (Azkoitia, 1960). 1982ko azaroaren amaieran munduko errekorra egitea lortu zuen hark. Izan ere, inork baino aurkari gehiagoren aurka jokatu zuen aldibereko xake partidetan, hain zuzen, 605 xake jokalarirekin neurtu zituen indarrak azkoitiarrak. Urte hartako azaroaren 27an, Larrañagak 17:00etan ekin zion munduko errekor saiakerari Azkoitiko udaletxeko areto nagusian. Azaroaren 29ko 00:42 zirenean amaitu zuen lana, munduari marka berria egin zuela adieraziz. Guztira, 31 orduz eta 42 minutuz aritu zen xakean Anaitasuna Kakute xake taldeko kidea.

1979ko otsailean sortu zuten Anaitasuna Kakute, eta nola edo hala taldeari bultzada eman nahian ari ziren kideak. "Kirol gutxitua zen orduan xakea, eta inor ez zituen jakiten kirol horri lotutako kontuak. Xakeari sona ematea eta jendea xakean aritzera animatzea ziren gure helburuak", nabarmendu du Larrañagak. Kolpera bururatu zitzaien horretarako modua: "Gogoan dut 1981. urtearen amaieran taldekide bat errekorren Guinness liburuarekin etorri zela klubaren egoitzara; ez dut gogoan nor zen, ordea. Gu jokoan ari ginen, baina segituan erabaki genuen liburuaren xakeko munduko errekorren atala begiratzen hastea. Lauzpabost errekor ageri ziren han, eta horien artean zegoen aurkari kopuru handienaren aurka egindako marka". Errekor hura 1978koa zen, zehazki, Branimir Brebrich kanadarrak aldibereko xake partidak 575 aurkariren kontra jokatu zituenekoa. Jose Maria Sierra zen Anaitasuna Kakute xake klubeko orduko presidentea, eta Larrañagak dioenez, hura hasi zen taldekideen artean sua pizten. "Sierrak zioen gure klubak hauts zezakeela Brebrichen errekorra. Nigana zuzendu zen, baina hasieran, ez zitzaidan burutik pasatu ere egin errekor saiakera egitea. Presidenteak tematuta jarraitzen zuen, ordea". Larrañagak "bi gau" igaro zituen kontu hari bueltaka, eta azkenean, baiezkoa ematea erabaki zuen. "Errekorra egiteko gai nintzela pentsatu nuen".

Larrañaga, taula aurrean fitxa eskuetan duela. (Arnaitz Rubio)

Eguna, gogoan

Larrañagak Brebrichek egindakoa hautsi nahi zuen, ez gehiago eta ez gutxiago. "Brebrichen lana gainditzea zen helburua. Hark 575 aurkarirekin egin zuen errekorra, eta guretzat nahikoa zen aurkari bat gehiagoren kontra jokatzea. Ez genuen kopuru zehatz bat jarri marka ontzeko". Erabaki hartu zuenean lasai sentitzen zen azkoitiarra, baina egunek aurrera egin ahala, kontua aldatzen hasi zen. "Azken astean sartzearekin, sabelean kilimak sentitzen hasi nintzen, eta zer esanik ez hitzordurako bi egun falta zirenean". Guinness World Records erakundearekin ere harremanetan jarri ziren. "Erakundeari munduko errekor saiakera bat egin nahi genuela abisatu genion. Gonbidatu genituen Azkoitira, baina ez ziren etorri".

Iritsi zen saiakeraren eguna, azaroaren 27a, eta goizogoizo bazkalduta, ohean sartzea erabaki zuen Larrañagak. "Ez dut gogoan lo hartu nuen edo ez, baina saiatu nintzen horretan, bainekien-eta ondoren zetorrena zer izango zen". 17:00etarako guztia prest zuten udaletxean, eta Larrañagari errekor saiakera hasi orduko uxatu zitzaizkion urduritasunak. "Ordu laurdenerako erabat lasaitu nintzen; neure horretan eroso sentitzen nintzen". Marka saiakeran, medikua, psikologoa eta "bizkartzaina" izan zituen taldean azkoitiarrak. Orduero, bost minutuko atsedena hartzeko aukera zuen Larrañagak –errekorren Guinness liburuan zehaztuta zegoen atsedenerako aukera hori–, eta tarte horiek besaulkian esertzeko baliatu zituen. "Klubeko kideekin eta lantaldearekin hitz egiteko baliatzen nituen hutsarteak; animoak eta mezu positiboak ematen zizkidaten haiek. Dena den, normala da pentsamendu txarrak izatea ere. Nik biekin bizi behar izan nuen ordu horietan guztietan. Saiakerari ekin eta 22-23 ordura-edo krisialdi bat igaro nuen, baina gainditu nuen hura ere, eta errekorra egitea lortu nuen. Espero bezala joan zen eguna".

Xake jokalaria aldibereko partidak jokatzen, udaletxean. (Udal Artxiboa)

Proba amaitutakoan, Guinness erakundera dokumentazio guztia bidaltzea izan zen hurrengo urratsa, hala nola aktak, kontrol mahaiaren paperak eta Gipuzkoako Xake Federazioko epaileen ziurtagiria, erakundeak lana ofizial egin zezan. Larrañagak dio orduan ere "istorioak" izan zituztela, baina, dena den, munduko errekorra baieztatu egin zioten azkoitiarrari. "Emaitza ontzat eman zuten eta diploma ere bidali zidaten. Harekin batera, Guinness erakundearen logoa zeraman gorbata bat jaso nuen". Halere, badu pena bat Larrañagak: "1983aren amaieran, liburua bidali zidaten eta han ageri zen nire izena. Klubaren, herriaren eta lurraldearen izena aipatzen ziren bertan, eta hori zen niretzat garrantzitsuena. Liburua behin bakarrik ikusi izanaren pena dut; izan ere, gerora garrantzirik ez nion eman hari". Larrañagaren esanetan, klubaren egoitzan izan zen liburu hura, baina orain falta da. "Aspaldi desagertu zen liburua. Badakit klubeko kideak azken urteetan ahalegindu direla hura inguratzen, baina ez dute lortu".

"Prestaketa hiru ardatzetan banatu nuen: prestaketa fisikoa, elikadura eta taula aurrekoa"

Larrañagak 605 aurkariko langan jarri zuen errekorra 1982an. Dena den, Vlastimil Hort txekiarrak 1985ean hautsi zuen hark egindako lana; 636 arerioren aurka jokatu zuen aldi berean. Errekorra lortzeko helburua bete zuten, baina oinarrian zuten helburua ere bai? Hala azaldu du azkoitiarrak: "Errekor saiakera hark ez zuen gehiegi lagundu xakea sustatzen, baina pixka bat bai; gure hondar alea jarri genuen. Izan ere, errekorra lortu ondoren, jende gehiagok eman zuen izena klubean. Dena den, dagoeneko xakea ez da arraro ikusten den jarduna, beste klub bat bezalakoxea da gurea; xakea kirol bat gehiago bihurtu da Azkoitian".

Larrañaga, errekorra ziurtatu zion diplomarekin. (Arnaitz Rubio)

Prestaketa, gakoa

Errekor ahalegina egin ahal izateko, gogor prestatu behar izan zuen kirolariak. Egun seinalatua baino bederatzi hilabete lehenago hasi zen Larrañaga saiakerarako prestatzen. Lanketa horren barruan, batetik, errekor saiakeraren eguna antolatu behar zuten, eta bestetik, bere burua prestatu behar zuen. "Euskadiko xake jokalariak lotzea izan zen klubaren ardura, baita horiek Azkoitira etortzeko koordinazio lana egitea ere. Nire prestaketa, berriz, hiru ardatzetan banatu nuen: prestaketa fisikoa, elikadura eta taula aurrekoa", hasi da prestaketa kontuez hizketan azkoitiarra.

Prestaketa fisikoan etenik gabe aritu zen Larrañaga. "Antxintxika gutxi egiten nuen, baina oinez asko ibiltzen nintzen; izan ere, errekorra egin nuen egunean uste dut maratoia egin nuela udaletxearen barruan, alegia, 42 kilometro osatu nituela han bueltaka". Horrez gain, elikadura ere zaindu zuen hark. "Barazki eta fruta asko jan nuen; azukrea eta hesteki janariak, berriz, saihestu egin behar izan nituen". Prestaketa "garrantzitsuena", ordea, taula aurrekoa izan zen. "Liburuen bitartez, gogor saiatu nintzen partida hasierak eta defentsak hobetzen. Horrez gain, egunero-egunero hiru edo lau orduz partida azkarrak jokatzen nituen klubeko lagunen aurka, erreflexuak-eta hobetzeko".

"Klubari izena emateaz gain, nire maila hobetzeko balio izan zidan marka hark"

Halakoetan esan ohi den moduan, tiro batekin bi txori bota zituen Larrañagak errekorren saiakerarekin. "Klubari izena emateaz gain, nire maila hobetzeko balio izan zidan marka hark. Xakean, beste kirol guztietan bezala, egunero entrenatzea da sekretu bakarra; gainerakoan, ez dago hobetzerik. Egunean egunekoa egin behar da: xakean egunero jokatu, informatu, partidetako mugimenduak gainbegiratu... Modu horretan indartuko du soilik norbere burua kirolariak, izan xakean edo beste kirol batean".

Xakea, oroitzapenen kaxa

Xakea "kiroltasun handiko kirola" dela dio Larrañagak. Haurra zela ekin zion hark xakean jokatzeari. "Xakeari lotutako lehen oroitzapena 13 urte nituenekoa da", azaldu du. Eskolako jolas-orduetan aritzen zen xakean lagunekin. "Lau edo bost lagun elkartzen ginen eskola atarian, eta xake partidak jokatzen genituen. Horrela sartu zitzaidan xakearen pozoia barruan. Institutu garaian, berriz, jauzi handia egin nuen. Felix Izeta zestoarrarekin batera ikasi nuen Azpeitian, eta oker ez banago, hura izan da Gipuzkoako Maisu Handi bakarra. Eskolan batera ibili ginen eta denbora librean xakean jokatzen genuen elkarrekin; haren etxera joaten nintzen xakean aritzera, eta hura ere etortzen zen nirera. Institutu garaian piztu zitzaidan xakean zerbait gehiago egiteko gogoa, baita xake jokalaria izateko nahia ere".

"Errekorra egin nuenean, 42 kilometro osatu nituen udaletxe barruan"

Gaur egun ere jokatzen du xakean Larrañagak, baina orain "zaletu bezala" aritzen da. "Txapelketetan partida oso gutxi jokatu ditut azkenaldian. Elgoibarren [Gipuzkoa] bizi naiz azken 31 urteetan, eta hango klubean aritzen naiz. Urtean hiruzpalau partida jokatzen ditut. Herri mailako txapelketak-eta egiten dituzte Elgoibarren ere, eta batzuetan parte hartzen dut horietan". Xakean hasi zenetik ez ditu nolanahiko lanak egin azkoitiarrak; izan ere, mundu mailako jokalari onenen aurka jokatutakoa da. "Aldibereko xake partidak jokatu ditut Anatoli Karpoven eta Garri Kasparoven aurka; 1985ean eta 1987an, Karpoven aurka jokatu nuen, eta 1986an, Kasparoven aurka". Hain justu, Kasparoven aurkako aldibereko lehia hura du oroitzapenen kaxan bereziki gordea. Kasparov Donostiara joan zen 25 lagunen aurka aldibereko partidak jokatzera, eta aurrean izan zituen 25 lagun horietako bat izan zen Larrañaga. "Pixkanaka-pixkanaka Kasparov 25 aurkariak menderatzen hasi zen. Jokalariak gutxitzen ari ziren, eta noski, jokaldia pentsatzeko gero eta denbora gutxiago nuen. Gogoan dut piezak gustuko posizioan nituela jarrita, eta Kasparovi berdinketa bat ateratzeko moduan ikusten nuela egoera". Hamar jokalari, bost jokalari... Xake jokalari errusiarra geroz eta azkarrago itzultzen zen Larrañagaren taulara, baina azkoitiarrak eutsi egiten zion lehiari, harik eta errusiarraren aurka bakarrik gelditu zen arte. "Une hartakoa da daukadan oroitzapen onena, Kasparoven aurka aurrez-aurre jokatu nuen egunekoa; izugarria izan zen niretzat. Lau-bost minutuz aritu ginen jokatzen, eta normala den moduan, galdu egin nuen". Larrañagak adierazi du munduko errekorra egitea "meritu handia" izan zela, baina Kasparoven aurka buruz buru aritzea bereziki ederra iruditu zitzaiola.

Larrañaga, errekorra egin zuen une batean. (Udal Artxiboa)

Miguel Illescas zortzi bider Espainiako txapelduna izan den xake jokalariaren aurka, berriz, buruz buruz aritutakoa Larrañaga. "Oso oroitzapen polita dut Illescasen aurkako partida hartaz. Torrelavegan [Espainia] aritu ginen, eta berdindu egin nuen. Illescasek eskatu zidan partida berdintzea, ez baitzegoen aurrera egiteko modurik". Larrañagak dioenez, 1982an munduko errekorra egin osteko hiruzpalau urteak "emankorrak" izan ziren, baina gerora xakea "uzten" hasi zen azkoitiarra. "Jokatu, jokatzen nuen, baina oso gutxi. 1990. urte ingurura arte larunbatero izaten genituen ligako partidak klubarekin, baina gero familiari zein lanari eskaini nahi izan nien denbora. Harrezkero, oso txapelketa gutxi jokatu ditut".

"Nire oroitzapen onena, Kasparoven aurka aurrez aurre jokatu nuen egunekoa da"

Larrañagarentzat 80koa izan zen Gipuzkoan xakearen historiako hamarkadarik onena. "Batetik, nire errekor saiakera orduan izan zen, eta bestetik, Euskadiko xake selekzioak lehen aldiz jokatu zuen, Italiaren aurka". Era berean, xake federazioak Euskal Herrira munduko xake jokalaririk onenak ekartzea lortu zuela ere nabarmendu du azkoitiarrak; izan ere, 1985ean Anatoli Karpov orduko munduko txapelduna Donostian izan zen. 1986an, berriz, Garri Kasparov izan zen Euskal Herrian, eta 1987an, Karpov berriro. Xake jokalari haien bisitekin batera, hamarkada hartan bertan Sevillan (Espainia) jokatutako munduko txapelketa ere ekarri du gogora Larrañagak. "Historiako munduko txapelketa onena jokatu zuten Sevillan. Bobby Fischerrek eta Boris Spasskik jokatutako lehiaren ondoren, Karpovek eta Kasparovek Sevillan jokatutakoa izan da orain arteko partidarik onena. Hamarkada hura liluragarria izan zen xakearentzat".

Anaitasuna Kakute xake klubak zapatuan (10:30ean) egingo dio aitortza Azkoitiko munduko errekor egileari, Elkargunean. "Errekorra ez nuen ahaztuta, baina ez nuen espero duela 40 urte egindako kontua berriro mahaigaineratuko zutenik. Pozgarria izan da niretzat". Egindako ibilbideagatik, eta bereziki, 1982ko balentria harengatik, ondo merezitako omenaldia jasoko du bere jaioterrian. Kazetariari esan ez dizkion sekretuak kontatuko ditu hark omenaldiaren egunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide