Javi Buces: "Herri bakoitzeko eragile sozialek eta politikoek egin duten lana da zalantzan jarri dena"

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 17a, 18:15

Javi Bucesen artxiboko irudi bat. (Eneritz Albizu)

Hainbat herritako oroimenaren webguneen bueltan sortutako tira-biraren erdian, hitzaldia emango du bihar Javi Buces Aranzadiko ikerlariak Azkoitiko Elkargunean, 19:00etan. Herrian 1936tik 1959ra bitartean izandako giza eskubideen urraketak azaleratzeko eta jasotzeko udalarekin iaz martxan jarritako lanketarekin aurrera darrai Aranzadik. Lan hori gizarteratzeko prestatu dituzten bi hitzaldietatik lehendabizikoa izango da biharkoa.

Iazko uda hasieran hasi zenuten, udalarekin Azkoitian 1936-1959 artean gertatutako giza eskubideen urraketak azaleratzeko eta memoria historikoa berreskuratzeko egitasmoa. Harrezkero, zer lanketa egin duzue?

Alde batetik, ikerketa historikoa bera ari gara osatzen, eta horretarako hainbat artxibotako dokumentazioa kontsultatzen eta datuak ateratzen aritu gara. Batez ere, errepresioaren izen-abizenetan zentratu gara, ez hainbeste gertakizun historikoen kontaketa osatzeko, baizik eta biktimak lokalizatzeko. Hori da gure helburu nagusia. Azkoitiko artxiboan hasi genuen lan hori, eta Oñatiko lurralde artxiboan, Euskadikoan eta [Espainiako] Estatu mailakoetan jarraitu dugu; hori izan ohi da jarraitzen dugun ibilbidea. Paraleloki, elkarrizketak egiten eta testigantzak jasotzen saiatzen gara. Izan ere, normalean, sufrimenduaren biktimak eta errepresio mota guztiak ez daude dokumentatuta, ez daude paperetan. Adibidez, emakumeen kontrako errepresioa egiaztatzen duen agiririk ez dago, testigantzak bakarrik dauzkagu.

Oroimen bulegoa ere ireki zenuten, herritarren testigantzak eta ekarpenak jasotzeko. Zer moduzko harrera izan duzue herritarren aldetik?

Herri guztietan hartu izan gaituzte ondo, eta Azkoitian ere harrera oso ona izan da. Jendea guregana etortzeko eta jendeak gure lana martxan dagoela jakiteko tresna bat da oroimen bulegoa. Normalean, ez da jende asko pasatzen bulegotik, baina beti agertzen dira gako bihurtzen diren pertsonak, kontaktuak egiteko eta lortzeko tresna eraginkorra da oroimen bulegoa. Jendeak badaki Aranzadi hor dagoela, ez dagoela artxibo batean ezkutatuta, jendearekin baizik. Giza faktorea oso garrantzitsua da guretzat.

1936ko gerrako gertaerak eta frankismoaren lehen bi hamarkadetakoak jasotzea zen helburua. Bi aro horietako Azkoitiko gertaerak eta biktimak ondo dokumentatuta gelditu direla uste al duzu?

Uste dut oso ondo dokumentatuta geldituko dela. Azpimarratu nahi dut herrian bazeudela lan batzuk aurrez eginak, herriko jendeak lanketa bat egin zuen bere garaian. Gu lanean hasterako gauza batzuk eginda zeuden, beraz. Horiek errepasatu eta aztertuko ditugu berriro, datu guztiak, izen guztiak, gauza batzuk zuzentzeko eta datu gehiago mahai gainean jartzeko. Argitaratuta zeuden liburuetan eta zerrendetan izen batzuk falta dira, eta horiek osatuko ditugu orain. Hala ere, beti gelditzen da zerbait kanpoan. Azken finean, lan hauek ez dira ixten. Gertatutakora asko hurbil zaitezke, seguru aski erradiografia on bat egingo duzu, eta hori da gure helburua, erradiografia on bat egitea, biktima guztiak lokalizatzea. Baina, denborarekin, agian, pertsona gehiago agertuko dira; hori beti gertatzen da, informazioa pixkanaka-pixkanaka deskubritzen da. Horregatik egiten ditugu batzuetan webguneak, webgune polemiko horiek. Liburu bat egiten baduzu, bukatu eta argitaratu egiten duzu, eta ondoren beste izenen bat agertzen bada, edo daturen bat, abizenen bat oker badago, edozer gauza... Webguneetan, aldiz, informazioa gehitu edo zuzenketak egin ditzakezu.

Lehendik eginda zegoen lanarekin eta orain egiten ari garenarekin, uste dut ondo dokumentatuta eta oso ondo ikertuta geldituko dela Azkoitikoa, baina beti egon behar gara prest etorkizunean osatzen jarraitzeko.

Hainbat udalerritan egin duzuen lana ezbaian jarri da azken egunetan, webgune horietan biktimak eta biktimarioak parekatzea leporatu dizuete. Zer iritzi duzu sortu den ekaitz politiko-mediatikoaz?

Kontu mediatikoa eta elektoralista da. Oso-oso tristea da, urte asko daramatzagulako oso txintxo lan egiten hainbat herritan, alderdi guztiekin, eragile sozial guztiekin. Zerbait aldatu beharra egon bada, edozer arazo egon baldin bada, beti konpondu dugu gure artean, bizikidetza mahaietan edo tartean gauden eragile desberdinon arteko bileretan. Horrela egin izan dugu, eta oso ondo funtzionatu du. Gainera, erreminta oso baliogarria izan da lan egiteko modu hori bizikidetzan aurrea egiteko, bizikidetza finkatzeko. Hernanin, adibidez, lortu genuen 1980. hamarkadako zinegotziek, PSOEkoek, HBkoek, EAJkoek, testu bera irakurtzea, bere garaian elkarri aurpegira begiratu ere egiten ez ziotenean. Beraz, horrelako lanak oso-oso baliogarriak izan dira tokiko mailan, herrietan. Goi politika agertzen bada, dena hondatzen du, eta pena handi bat da hori. Auzia ez da bakarrik Aranzadiren kontrakoa, Aranzadiri min egitea edo gure lana zalantzan jartzea; herrietan egin den lana, hor atzean dagoen eta Aranzadik ez ezik herri bakoitzeko eragile sozialek eta politikoek egin duten lan pila, hori da zalantzan jarri dena. Penagarria da, eta espero dut hauteskundeak eta gero gauzak bere lekura bueltatzea.

Euskal Herriko herri askotan aritu da eta ari da Aranzadi memoria historikoa berreskuratzeko lanetan. Zenbatgarrena izan da Azkoitia?

Ba ez dakit zehazten, egia esan. Batez ere Gipuzkoan egin ditugu horrelako lanak, baina Bizkaian eta Nafarroan ere bai. Gipuzkoari dagokionez, hogei bat herritan egin dugu edo ari gara egiten lanketa.

Herri guztietan errepikatzen diren kontuak egongo dira. Eta berezitasunak? Giza eskubideen urraketak nabarmenagoak izan al ziren toki batzuetan?

Gauza asko errepikatzen dira, baina beste batzuk ez. Azkoitiaren kasuan, ezin dizut ezer zehatzik aipatu, oraintxe ari garelako ikertzen. Ez dugu ikerketa bukatu, ez dauzkagu emaitzak antolatuta, eta momentu honetan, ez daukagu zerbait azpimarratzeko.

Bi hitzaldi prestatu dituzue orain arte egindako lana nolabait gizarteratzeko. Beste zer ekintza dituzue aurreikusita? Zer egiteko dituzue, lana osatzeko?

Momentuz, bi hitzaldi hauek emango ditugu. Udalak erabaki zuen aurten ere lanarekin jarraitzea, eta agian, urte honen bukaeran zeozer gehiago egingo dugu, datu definitiboak aurkezteko. Hori zehaztu gabe dago, baina normalean, ikerketa bat bukatzen dugunean ekitaldi bat egiten da, edo txostena modu batean ala bestean aurkezten da. Udalarekin hitz egingo dugu horretaz. Orain, gure ideia da ikertzen jarraitzea, txukun-txukun, poliki-poliki.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide