Neguan ere, kultur eskaintza

Andoni Elduaien 2023ko mar. 17a, 09:45

Azpeitiko Mainlander musika taldeko kideak. (Utzitakoa)

Matadero Ekintzak taldeak aurreneko aldiz antolatu ditu neguko Bebarruko Jardunek. Saioak amaitzeko bi egunen faltan, balorazio positiboa egin du taldeak.

Neguko Bebarruko Jardunetako kontzertuak izango dira bihar Matadeixen. Hain justu, Pablo Und Destruktion bakarlaria eta Mainlander taldea izango dira protagonistak areto horretan, 22:30ean hasita. Bi kontzertu horiek zuzenean jarraitzeko, "jende asko" espero dute asteburuan Matadeixen.

Pablo Und Destruktion Pablo Garcia asturiarraren proiektua da, eta nahiz eta beste musikari batzuen laguntza izan ohi duen, bakarrik arituko da Matadeixen. Orain, Ultramonte lana aurkeztu berri du. Matadero Ekintzak taldeak sare sozialetan adierazi duenez, "Espainiako pop kosmologiaren barruan betikotasun goiztiarreko egoerara eramaten duen albuma" da haren lana. Garciak mugarri berri bat ezarri duela diote; izan ere, Neue Deutsche Welle etikatik jaiotako altxorraren, Einsturzende Neubautenen atzerako ispilua eta DNA asturiarraren arteko ideiak uztartu ditu. Ultramonte diskoko abestietan entzuten diren gaita doinuak "odolarekin, erraiekin eta katramila melodikoekin" elkartu ditu asturiarrak.

Gaueko bigarren protagonista Azpeitiko Mainlander musika taldea izango da. Pop-rock itxura atsegin, itsaskor eta familiarraren azpian, "basapiztia arriskutsu eta eder bat" ezkutatzen du taldeak. Taldeari izena Phillip Mainlander pentsalari alemaniarrak ematen dio. Hark adierazi zuen "unibertsoaren sorrerak sufrimendua" eragin zuela, eta jendea ez dela "inoiz sufrimendu horretatik askatuko". Pop doinu goxoekin "sufrimenduak lekua" duela eta hartaz "gozatzea" badagoela aldarrikatu nahi du taldeak.

Lehen aldiz, neguan

Matadero Ekintzak taldeak lehen aldiz antolatu ditu neguko Bebarruko Jardunek. Mikel Goenaga taldekideak adierazi duenez, "erabaki puntuala" izan da. Normalean bi sasoitan antolatzen dituzte Bebarruko Jardunek, udaberrian eta udazkenean. Aurten, ordea, "momentuan hala suertatu delako" antolatu ditu taldeak saioak neguan.

"Negu sasoirako bestelako zenbait proposamen sortu zitzaizkigun, eta gainera, jarrita genituen horien egunak. Proposamen horiek bata bestearen atzetik pilatzen ari zitzaizkigun; otsailerako ziren ekitaldi batzuk, eta besteak, martxorako. Ekintza horiek martxoan egiten hasi beharrean, eta Aste Santua tartean egonda, saio horiek lehenago egitea eta neguko Bebarruko Jardunek izenarekin antolatzea erabaki genuen".

Otsailaren 25ean izan zen azken emanaldia, eta musikazaleek Bergarako (Gipuzkoa) Harria eta Amustei taldeak entzuteko aukera izan zuten Matadeixen. Goenagak adierazi du "oso harrera ona" zutela bi taldeek, eta "jende asko" izan zela kontzertuetan. Balbea antzezlanarekin itxiko dute hurrengo larunbatean negu sasoirako prestatutako egitaraua. "Pertsona bakarrarekin egindako antzezlan formatua du Balbea lanak. Aspaldi jaso genuen proposamena, eta hari ere tartea egin nahi izan diogu Bebarruko Jardunetan".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide